Noura Hussein

Wikipedia, Entziklopedia askea
Noura Hussein
Bizitza
Jaiotza1998 (25/26 urte)
Herrialdea Sudan
Jarduerak

Noura Hussein (arabieraz: نورة حسين حماد‎; Gezira estatua, Sudan, 1998) sudandar emakumea da. 2018ko maiatzaren 10ean, heriotza zigorra ezarri zioten senar bortxatzailea hiltzeagatik, bidezko defentsa zen arren. Nazioarteko iritziaren eraginpean, espetxe-zigorra ezarri zioten, eta 2021ean espetxetik atera zen[1].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sudango hegoaldeko Gezira estatuan jaio zen[1]. 15 edo 16 urte zituela, familiak derrigorrezko ezkontza antolatu zion[2]. Ihes egin zuen eta hiru urtez izebaren etxean bizi izan zen, baina familiak harrapatu eta ezkontzera behartu zuen[3] zeremonia publiko batean[4]. Sexu harremana izateari uko egin zuen, baina senarrak bost egun geroago bortxatu zuen, ohean mantentzen zuten familiako kideen laguntzarekin[3][2][5]. Nouraren testigantzaren arabera, ganibeta jarri zuen burkoaren azpian[4]. Hurrengo egunean, senarrak berriro bera bortxatzen saiatu zen, eta Nourak hil egin zuen[3]. Familiari laguntza eskatu zion, baina agintariei eman zioten[4].

Noura Hussein Omdurmango kartzelan espetxeratu zuten 2017ko maiatzean[6]. Senarraren familiak ez zion barkatu nahi izan, ezta diru-konpentsazio batekin ere[7], epaileak aholku hau eman arren[5]. Maiatzaren 10ean, heriotza zigorra ezarri zioten[2][6]. Kasu honek arreta publikoa erakarri zuen nazioartean[7][4]. Noura Husseinen defendatzaileek 15 egun izan zituzten errekurtsoa egiteko[8], eta 2018ko ekainean, bost urteko espetxe-zigorra eta 337.000 sudandar librako isuna (16.000 euro inguru) ezarri zizkioten[4].

Espetxean zegoen bitartean, zuzenbidea ikasi nahi zuen[9] Sudango Unibertsitate Irekian, baina ezin zituen ikasketak ordaindu. Askatu ostean, ikasketak amaitu eta lehengusuarekin ezkondu zen[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Ingelesez) Mohammed Salih, Zeinab. «Sudanese woman who killed rapist spouse ‘let down’ by lack of support» The Guardian 2022-02-14 (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  2. a b c (Frantsesez) «Peine de mort annulée pour une jeune Soudanaise» Le Monde 2018-06-27 (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  3. a b c (Ingelesez) Al-Nagar, Samia; Tønnessen, Liv. (2018). Family law reform in Sudan: A never ending story?. Bergen: Chr. Michelsen Institute (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  4. a b c d e (Ingelesez) Elbagir, Nima; Dewan, Angela. «Sudan overturns death sentence for teen who killed her husband after he raped her» CNN 2018-06-26 (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  5. a b (Ingelesez) Beaumont, Peter. «Teenager who killed husband after he raped her is sentenced to death in Sudan» The Guardian 2018-05-11 (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  6. a b (Frantsesez) «Noura Hussein évite la peine de mort» Amnesty International France (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  7. a b (Ingelesez) Grinberg, Emanuella. «Calls for leniency grow for teen sentenced to die in marital rape case» CNN 2018-05-16 (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  8. (Ingelesez) Mackintosh, Eliza. «She stabbed her husband as he raped her. A court sentenced her to death» CNN 2018-05-11 (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  9. (Frantsesez) Vainqueur, Christine. «Au Soudan, une victime de viol dénonce l'hypocrisie d'Hollywood» Vanity Fair 2022-02-14 (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]