Edukira joan

Sudan

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Sudango Errepublika
Republic of Sudan
جمهورية السودان
Jumhuriyat as-Sudan
Ereserkia: Nahnu Jund Allah Jund Al-watan
Goiburua: Al-Nasr Lana
("Garaipena gurea da")

Sudango bandera

Sudango armarria
Geografia
HiriburuaKhartum
15°36′11″N 32°31′35″E
Azalera1.886.068 km² eta 1.840.687 km² (16.)
Punturik altuenaDeriba Caldera (3.042 m)
Punturik sakonenaItsaso Gorria (0 m)
KontinenteaAfrika
MugakideakHego Sudan, Txad, Afrika Erdiko Errepublika, Etiopia, Eritrea, Egipto, Libia, Kenya, Uganda, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Bir Tawil (en) Itzuli eta Ekialde Ertaina
Administrazioa
Gobernu-sistemaErrepublika federal
Trantsizioko Kontseilu Militarreko presidenteaAbdel Fattah al-Burhan
LegebiltzarraSudango Legegintza Nazionala
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria40.533.330
Dentsitatea21,49 bizt/km² (194.)
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Emankortasun-tasa4,353 (2014)
Alfabetizazioa% 60,7 (2018)
Bizi-itxaropena64,486 (2016)
Giniren koefizientea34,2 (2014)
Giza garapen indizea0,508 (2021)
Ekonomia
BPG nominala117.487.857.142,86 $ (2017)
BPG per capita2.898 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa199.180.035.886 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn4.913,982 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala3 % (2016)
Erreserbak177.933.851 $ (2017)
Inflazioa30,5 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1956ko urtarrilaren 1a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+249
ISO 3166-1 alpha-2SD
ISO 3166-1 alpha-3SDN
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.europar loki eta AC power plugs and sockets: British and related types (en) Itzuli
Internet domeinua.sd
sudan.gov.sd

Sudan[1] (arabieraz: السودان‎as-Sūdān; ingelesez: Sudan, suːˈdɑːn ahoskatua),[2] ofizialki Sudango Errepublika[1] (arabieraz: جمهورية السودان‎Jumhūriyyat as-Sūdān; ingelesez: Republic of the Sudan)[3] Afrika ipar-ekialdeko estatu bat da, zati batean Itsaso Gorriaren ertzean kokatua. Mugakide ditu Egipto iparraldean, Eritrea eta Etiopia ekialdean, Hego Sudan hegoaldean, Afrika Erdiko Errepublika hego-mendebaldean, Txad mendebaldean eta Libia ipar-mendebaldean. Bi hizkuntza ofizialak arabiera eta ingelesa dira, nahiz eta badiren beste zenbait hizkuntza estatus babestua dutenak, hala nola dinka, fula eta nuer hizkuntzak. Izena arabierazko bilād as-sūdān esapidetik datorkio, hori da, «beltzen herria». Khartum da hiriburua.

Sudan munduko zibilizazio jarraitu zaharrenetariko baten bizilekua da, jadanik K.a. 3000. urtean kokagune historiko eta urbanoak baitzituen.[4][5][6] Sudandarrek historia luze bat dute, antzinatik hedatzen dena, Egiptoko historiarekin maiz uztartua, eta Egiptorekin politikoki elkartuta zenbait alditan. 1956an, Erresuma Batutik independentzia lortu ondoren, Sudanek gerra zibil gogor bat jasan zuen, 17 urtez iraun zuena, eta ondoren gatazka etniko, erlijioso eta ekonomikoak izan ziren iparraldeko sudandarren (sustrai arabiar eta nubiatarrekoak) eta hegoaldeko nilotiko kristau nahiz animisten artean.[7] Horrek bigarren gerra zibil bat ekarri zuen 1983an, eta, segidan, etengabeko gatazka politiko eta militarren ondorioz, Omar al-Bashir koronelak 1989an hildakorik gabeko estatu kolpe bat eman zuen.[8] Bigarren gerra zibila 2005ean amaitu zen bake akordio orokor batekin, konstituzio berri bat[9] idaztea ekarri zuena eta hegoaldeko eskualderik handienari autonomia eman ziona. 2011ko urtarrilean egindako erreferendum batean,[10] Sudan hegoaldeak autodeterminazio eskubidea erabili zuen,[11] eta Hego Sudango Errepublika bihurtu zen.[12] 2019ra arte, Sudan errepublika federal demokratiko presidentzialistatzat hartzen zen, nahiz eta nazioarte maila aski jakina zen Kongresu Nazionaleko Alderdiak herrialdeko estamentu guztien gaineko kontrol zorrotza zuela. 2019ko apirilaren 11n, Sudango armadak presidentea boteretik kendu zuen, konstituzioa bertan behera utzi eta bi urteko epean hauteskundeak egiteko hitz eman zuen.[13] 2021eko urriaren 25ean, Abdelfata al-Burhan Sudango trantsizio kontseiluaren presidenteak adierazi zuen erakunde hori deuseztatuta gelditu zela, eta berretsi egin zuen egun horretako goizaldean egindako estatu kolpea eta Abdala Hamdok lehen ministroaren atxiloketa.[14]

1989tik aurrera, Sudanek hazkunde ekonomiko handi bat izan zuen, erreforma makroekonomikoen aplikazioaren bitartez, eta gerra zibila behingoz amaiaraziz, 2005ean Naivashako akordioa sinatu eta konstituzio berri bat onartu zenean. Konstituzio berriak autonomia mugatua eman zien hegoaldeko talde matxinatuei, eta, azkenean, independentziaren aldeko erreferenduma egin zen 2011n. Baliabide naturaletan aberatsa izanik —bereziki petrolioa—, Sudango ekonomiak munduko hazkunderik azkarrenetako bat izan zuen XX. mendearen bigarren hamarkadatik aurrera.[15] Txinako Herri Errepublika, Errusia, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak dira Sudango bazkide komertzial handienak.[16]

Estatuko mugen barruan dagoen herri aniztasuna kudeatzeko oztopoen ondorioz, alde batetik, 2003az geroztik Darfur eskualdean egoera oso latza bizi izan zuten, Darfurko gatazkarekin; bestetik, Afrikako gerra zibilik luzeena izan zuten zenbait hamarkadatan (lehena 1955-1972, bigarrena 1983-2005, hirugarrena 2023tik aurrera), gehienbat arabiar eta musulmana den iparraldearen eta batez ere beltz eta kristau edo animista den hegoaldearen artean. Hain erroturiko gatazka amaitu nahirik, 2011ko urtarrilean Hego Sudanen independentziaren gaineko erreferenduma egin zuten, eta uztailaren 9an bilakatu zen estatu independente.[17]

Sudan izena historikoki Mendebaldeko Afrikako Sahel eskualde handiari emandako deitura da, egungo Sudango mendebalde hurbilean. Historikoki, Sudan hitzak eskualde geografikoa aipatu zuen, Atlantikoko itsasertzeko Senegaldik Afrikako ipar-ekialdera eta Sudan modernora luzatzen zena.

Izena arabierazko bilād as-sūdān (arabieraz: باد السودان‎) edo «beltzen lurraldea» esamoldetik dator.[18] Etimologia bereko beste toponimoen antzekoa da, bertako biztanleen azal oso iluna aipatzen duena. Arabiarren izendapenaren aurretik, antzinako egiptoarrek Nubia, Ta Nehesi edo Ta Seti deitzen zuten, Nubiako eta Medjayko arkulari edo behizainengatik.

2011z geroztik, batzuetan Ipar Sudan bezala aipatzen da Sudan, Hego Sudandik bereizteko.[19]

Sudan satelite irudian

Afrika ipar-ekialdean dago Sudan, Itsaso Gorriaren ertzean (853 km luzeko kosta). Eremua 1.880.068 km² da gaur egun. Hego Sudanen independentziaren aurretik kontinenteko estatu zabalena eta munduko hamargarrena zen. Gaur egun, munduko 16. estaturik handiena da, eta Afrikako hirugarrena. Herrialdea ordoki handi bat da, mendiz inguratua. Mendebaldean, Jebel Marra mendiak mugatzen du zabaldia, eta ekialdean Itsaso Gorriko mendiek. Tontor garaiena Imatong mendia da, hegoaldean kokatua Ugandako mugan.[20]

Nilo ibaiak ipar-hego zeharkatzen du Sudan. Nilo Zuria eta Nilo Urdina ibaiek Khartumen egiten dute bat, iparralderantz Egipto zeharkatu eta Mediterraneoan isurtzeko. Nilo Urdinaren ibilgua Sudan barnean ia 800 km luze da eta bi ibaiadar nagusi ditu: Dinder eta Rahad. Nilo Zuriak ez du ibaiadar garrantzitsurik Sudan barnean.

Hegoaldean klima tropikala du, zingirak eta oihanak nagusi direlarik. Iparraldean basamortuko klima du eta bertan Nubiako basamortu lehorra dago. Sudanek desertifikazio prozesu lasterra jasaten ari da iparraldetik hegoaldera, higadura larriak lagunduta.[21]

Antzina, Nilo ibiaren aldamenetako zibilizazioak Egiptokoaren eragin handia izan zuen Nubian (gaur egungo Sudan). Izan ere, K.a. 2000. urte inguruan egiptoarrek Nubiako iparraldea mendean hartu zuten, eta Nubiako kulturak Egiptokoaren ezaugarri asko hartu zituen.[22] K.a. 800. urte inguruan erresuma burujabea zen Nubia, Kuxeko erresuma; Napata eta, geroago, Meroe izan zituen hiriburuak. Meroeko erregeetako batek, Xabakak, Egipto mendean hartu eta XXV. dinastia sortu zuen (K.a. 715-656).[23] Baina 350. urte inguruan, Aksumgo erresumako etiopiarrek Meroe suntsitu zuten. VI. mendean zehar, kristau misiolariak sartu ziren Nubian, eta kristau erlijioa zabaldu zuten Meroekoaren ondoren sortu ziren erresumen artean (iparraldeko Dongola eta hegoaldeko Alodia). 640. urte inguruan, arabiarrek Egipto menderatu zutenean, bi erreinu horiek gainerako kristau herrialdeetatik bereziak geratu ziren.[24] Egiptoarrek eta Dongola erresumako erregeak hitzarmen bat egin zuten, sei mendetan iraun zuena. XII. mendetik aurrera, Egiptoko hegoaldeko arabiar nomadak Sudango iparraldean kokatu ziren, eta pixkana, kristau erresumak menderatu zituzten. Baina, Alodiako erresuma, XVI. mendea arte ez zen islamera bihurtu. Geroago esklaboen salerosketa bultzatu zuen.[25]

1820-1823 bitartean, egiptoar agintariek Sudango lurraldea hartu, eta Khartum hiria sortu zuten. Ismail Paxa Egiptoko erregeordeak (1863-1879), europarren dirulaguntzak irabaztearren, haiekin bat egin zuen, gero eta garrantzi handiagoa zuen Sudango hegoaldeko eta hego-mendebaleko esklaboen salerosketa desegiteko. Britainiarren eta egiptoarren esku hartzeari aurre egiteko, 1881ean, Muhammad Ahmad ibn Abd Allah mahdiak («Alaren gidaritzapean dagoena») jihad edo gerra santurako deia egin zuen, eta herri matxinadaren buru izan zen. Mahdiaren osteek britainiar-egiptoar gudarostea menderatzea (1883) eta Khartum hartzea (1885) lortu zuten. Estatu islamdar burujabea sortu zuten, baina, handik gutxira mahdia hil zelarik, haren ondorengo Abd Allah Muhammadek ezin izan zuen britainiar gudarostea menderatu Omdurdamgo guduan. Hala, 1898ko urtarrilaren 19an, Sudan britainiarren eta egiptoarren mendean geratu zen.[26]

Mende hasieran, britainiarrek Sudango ekonomia berpiztu zuten ureztatze bideak hobetuta, kotoiaren ekoizpena antolatuta, burdinbidea eta portu bat eginda, eta neurri batean, irakaskuntza bideratuta. Hala ere, Sudango iparraldearen eta hegoaldearen arteko aldea agerian zegoen: batetik iparraldea, basamortua, biztanleriaren gehiengoa osatzen zuten arabiar eta musulmanen bizitokia; eta, bestetik, hegoaldea, zingiratsua, kristau erlijioaren eta animismoaren jarraitzaileen lurraldea.[27] Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, egiptoar abertzaleek Sudan berentzat hartu nahi izan zuten, sudandarrak Egiptoren aldekoen eta burujabetasun osoaren aldekoen artean banaturik zeudela. Horrenbestez, 1951n, Faruq I.a Egiptoko erregeak Ingalaterrarekin egina zuen hitzarmena bertan behera utzi eta Sudango errege izendatu zuen bere burua. Nolanahi ere, 1952an Faruq erregetzatik kendu zuten, eta handik urte gutxira, Kairok autodeterminazio eskubidea (1953) eta burujabetasuna (1956) onartu zizkion Sudani. Antzinako Nubia Sudango errepublika bihurtu zen.[28]

Sudango errepublika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Iran-Sudan harremanak»

Harrezkero, baina, herrialdearen arazo nagusia da erdialdean eta iparraldean bizi diren musulmanen eta hegoaldeko sudandar kristau eta animisten arteko arraza eta erlijio gatazka, gerra zibil luze bati bide eman diona. Bestalde, musulmanen beren artean mahd eta jatmi taldeen arteko aurkakotasuna politikara hedatu zen, eta Sudango errepublikak txandan-txandan izan ditu, batetik, gobernu parlamentario ahul bezain laburrak (1956-58, 1965-69, 1985-89); eta, bestetik, estatu kolpeen bidez aginpidera iritsitako militarren mendeko gobernuak.

Gaafar Nimeiry, 1981ean.

1969an, bada, Gaafar Nimeiry jeneralak hartu zuen aginpidea. Numeiryk, Nasser Egiptoko lehendakariaren jarraitzaile izanak, ezkerreko politika bideratu nahi izan zuen, eta SESBen laguntza bilatu zuen sudandar komunisten kontra antolatua zuen oldarraldiari jarraitzeko. Libiako lehendakari Kadafiren aurka eta Anuar as Sadat egiptoarraren alde egin zuen. 1983an Koranaren legea (xaria) ezarri zuen indarrean zegoen kode penalaren ordez. Hegoaldeko biztanleriaren kalterako zen erabaki horren ondorioz, hegoaldearen banakuntza aldarrikatzen duen Sudango Herriaren Askapenerako Armada (SHAA) sortu zen, Kenyaren eta Etiopiaren laguntzarekin.[29]

J. Garang gidari zuen SHAAren ekintzei eta eskakizunei aurre egin nahian —xaria baliogabetzea eta hegoaldeko eskualdeei autonomia zabala ematea—, 1989an, militarrez osatutako Nazioaren Salbazioaren aldeko Batzorde Iraultzaile batek hartu zuen aginpidea, Sadiq al-Mahdi ordura arteko presidentea kargugabetuta, eta islamaren printzipioetan oinarrituta. Erakunde, alderdi politiko eta sindikatu guztiak debekatuak izan ziren, eta presidente izendatutako Omar al-Bashir jeneralak estatuaren eta gobernuaren buruzagitza hartu zuen.[30]

Omar al-Bashir.

Bashir aginpidera iritsi eta hamar hilabetera, gudarostea estatu kolpe bat egiten saiatu zen, baina ez zuen lortu.[31] Bake ekimen guztiek porrot egin zutelarik, 1991n, gobernuak federazio sistema politikoa ezarri zuen, Sudan bederatzi estatutan banatuta, bakoitza bere gobernadorearekin. Urte hartan bertan, kode penal berria izenpetu zuen al-Bashirek, xaria legean oinarritua.[31] 1992an, Hondamendietako Biktimen Atzerriko Laguntzaren Estatubatuar Bulegoak nuba etniako kideak sistematikoki hiltzen ari zirela salatu zuen eta Khartumera ihes zihoazenak basamortura bidaltzen ari zirela, urik gabeko guneetara. Etiopiaren, Iranen eta Libiaren laguntzarekin, gudarosteak Herriaren Askapenerako Armadaren kontra egin zuen, eta gobernuko soldaduek hegoaldeko Bhor hiria, matxinadaren ikurra, hartzea lortu zuten.

Alabaina, gobernuak galdua zuen herrialdearen kontrola, hegoaldean Askapenerako Herri Gudarostea zen nagusi eta iparraldean Nasir taldea; hala, gobernuak zapalkuntza gogorra bideratu zuen oposizio politikoaren eta matxinatuei laguntzen zioten nekazarien aurka. Nazioarteko herrialdeek behartuta, 1992an, Omar al-Bashir presidenteak baliogabe utzi zuen hegoaldera hegazkinak joateko debekua. Debeku horren bidez, elikagai eta botika garraioak ez ziren hegoaldera iristen, eta 1993an 60.000 lagun hil ziren goseak Parayangen, Khartumetik 800 km-ra. Urte horretan bertan, su etena izenpetu zuten SHAAk eta gobernuak.[32]

1994an gobernuak hitzarmen bat izenpetu zuen bi talde matxinatuekin, gatazkaren ondorioz isolaturik gelditu ziren herriei laguntza emateko. Hala eta guztiz ere, egoerak okerrera egin zuenez, giza erakundeek salaketa ugari egin zituzten. African Rights erakundeak nuben genozidioaren arduradun salatu zuen Khartumgo gobernua.[33]

1996ko hauteskundeetan, al-Bashirek botoen % 76 lortu zuen.[34] 12 urteko gerrak milioi bat hildako eta hiru milioi iheslari utzi zituelarik, ezinezkoa zirudien bi aldeen arteko akordio bat egitea.[30] 1998an Ameriketako Estatu Batuek adierazi zuten Sudani enbargoa ezarriko ziotela, nazioarteko terrorismoa babesten zuelakoan. Nazio Batuen Erakundeak, bestalde, 100 milioi dolarreko laguntza eskatu zien zenbait herrialderi, Sudango gerraren eta lehortearen biktima ziren lau milioi laguni laguntza emateko.[35]

Darfurko gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Darfurko gatazka»
Emakume bat Darfurko biztanleen iheslari esparru batean, Txaden (2005).

Darfur Sudango mendebaldeko eskualde bat da. Gatazka yanyauid leinukoen eta fur, zaghawa eta masalit herrien artean sortu zen, batik bat, 2003an. Sudango gobernuak yanyauidei lagundu zien armaz eta horniduraz eta haiekin batera parte hartu zuen eraso ugaritan, nahiz jendaurrean hori ukatu. Sudango Bigarren Gerra Zibilean ez bezala, gatazka ez zen musulmanen eta kristau edo animisten arteko gerra bat, Darfurreko biztanle gehienak musulmanak baitira. Gerrak 400.000 mila hildako eragin zituen, eta ia 3.000.000 lagunek handik ihes egin behar izan zuten. Gerraren biktima zuzenez gainera, goseteak ere hildako kopuru handia eragin zuen. 2007ko udan, Nazio Batuen Erakundeak Darfurrera 26.000 soldadu bidaltzea erabaki zuen. 2008an, Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak Sudango presidente al-Bachir atxilotzeko agindua eman zuen genozidioagatik eta gizadiaren aurkako krimenengatik, baina bai Sudango gobernuak, bai Arabiar Ligak, bai Afrikar Batasunak gaitzetsi egin zuten agindu hura. Bake akordio zabal bat sinatu zuten 2020ko abuztuaren 31n Sudango agintariek eta zenbait fakzio matxinok, liskar armatuak amaitzeko.[36]

Hego Sudanen banaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Hego Sudan»

2011ko uztailean Hego Sudan bereizi zen, herrialde burujabetzat. Horren ondorioz, Sudango herrialdearen zabalera heren batean murriztu zen.[37]

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994tik 2011ko uztailaren 9 arte, Sudan 26 wilayat edo estatutan banatua egon zen. Hauek dira Sudango Errepublikan geratu diren hamaseiak:

Lehenago, herrialdea 9 probintziatan banatua zegoen:

  • Nilo Urdina (Al Jazira, Nil Urdina, Nil Zuria, Senar)
  • Darfur (Ipar, Hego eta Mendebaldeko Darfur))
  • Kasala (Al Qadarif, Kasala, Itsaso Gorria)
  • Ekuatoria (Bahr al Jabal, Ekialdeko eta Mendebaldeko Ekuatoria)
  • Khartum (Khartum)
  • Kurdufan (Ipar, Hego eta Mendebaldeko Kurdufan)
  • Iparraldea (Iparraldea, Nilo ibaia)
  • Nilo Garaia (batasuna, Junqali, Nilo Garaia)
  • Bahr al-Ghazal (Lakuak, Ipar eta Mendebaldeko Bahr al Gazal, Warab)

Hego Sudango estatuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri handienak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sudan tropikoen barruan badago ere, klima oso desberdina da iparraldean —idorra—, hegoaldean —tropikal hezea— eta mendebaldean —tropikal lehorra. Tenperaturak ez dira asko aldatzen urte sasoietan, eta aldagai klimatiko esanguratsuenak dira prezipitazioak eta urtaro lehorraren iraupena. Izan ere, urtaro lehorraren iraupena aire korronte nagusiren araberakoa da: Arabiako penintsulako ipar-ekialdeko haize lehorra edo Kongo ibaiaren arroko hego-mendebaldeko haize hezea.[39]

Tenperatura handiagoak izaten dira sasoi lehorraren amaieran, zeru argiak eta aire lehorrak lagunduta. Hegoaldeko muturrean, baina, urtaro lehor oso laburrarekin, tenperatura uniformeki garaia du urte osoan zehar. Khartum hiriburuan hilabeterik beroenak maiatza eta ekaina izaten dira; orduan, batez beste, maximoak 41 °C ingurukoak izaten dira, eta batzuetan 48 °C-ra iritsi daitezke. Sudango iparraldean, eurite sasoi laburrarekin, eguneko tenperaturak epelagoak dira urte osoan, ipar-mendebaldean izan ezik, non urtarrilean eta otsailean Mediterraneotik prezipitazioak iristen baitira. Leku garaietan, oro har, tenperaturak ez dira hain beroak izaten, eta urtaro lehorrean eguneko tenperatura handiak azkar jaisten dira eguzkia gorde orduko. Khartumen tenperatura minimoak, batez beste, 15 °C izan ohi dira urtarrilean, eta neguan fronte hotz bat igaro ondoren, 6 °C-ra iristen dira.

Karthum hiriburuko datuak hauek dira:

    Datu klimatikoak (Khartum)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 40 44 45 47 47 48 47 43 45 45 42 40 48
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 32 34 38 41 42 41 38 37 39 40 36 33 38
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 15 16 19 22 25 26 25 24 25 24 20 17 22
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) 5 7 9 12 16 19 18 18 16 17 13 7 5
Pilatutako prezipitazioa (mm) 0 0 0 0 2.5 7 53 71 18 5 0 0 156.5
Iturria: Weather Spark[40] 2016ko abenduak 31


2010ean, azkarren hazten ari ziren munduko 17. ekonomiatzat hartzen zuten Sudan adituek,[41] herrialdearen garapena, neurri handi batean, petrolioaren irabazi bizkorretan oinarritzen baitzen. Baita ere, herrialdeak nazioarteko zigorrei aurre egiten jakin zuen. Hego Sudanen sezesioaren aurreko petrolio irabaziekin ere, Sudanek arazo ekonomiko ikaragarriei aurre egin behar izan zien. Gainera, Hego Sudanen independentziak —Sudango petrolio hobien % 75 inguru herrialdearen hegoaldean zeuden—[42] Sudan geldialdi fase batera eraman zuen. Izan ere, banaketa heldu arte, hegoaldeko gerra zibilak, batetik, eta erregimen aldaketek, bestetik, hondamendian utzi zuten Sudango ekonomia.[3]

Txinako Herri Errepublika da Sudanen merkataritza bazkide nagusietako bat, Txinak % 40ko partaidetza baitu Nilo Handiko Petrolio Konpainia Eragilean.[43] Gainera, Sudani arma txikiak saldu izan dizkio, operazio militarretan erabili izan zirenak, hala nola Darfurko eta Hego Kurdufango gatazketan.[44]

Nekazaritza eta abeltzaintza dira ekonomia jarduera nagusiak: langileen % 80 aritzen da sektore horietan, eta BPGren % 40 eta esportazioen % 90 hartzen dute. Baina zura etxeetako erregai gisa erabili beharra dagoenez eta abere hazkuntza intentsiboaren eraginez, lurraren higadura oso handia da.[45] Mende erdian basamortuak 100 km baino gehiago irabazi du hegoalderantz. Lurralde emankorrenak Nilo ibaiaren arroan daude. Kotoia, esportazio gai nagusia, Gezireh eskualdean lantzen da batez ere. Inguru horretako kotoi ekoizpena estatuak kontrolatzen du.[46]

Port Sudan (2013).

Sudan, bestalde, kakahuete ekoizle garrantzitsu bat da.[47] Sudandarren oinarrizko elikagaiak laboreak dira, batez ere basartoa.[48] Sudan da Arabiako goma ekoizle handiena munduan; ekoizpen gehiena Ameriketako Estatu Batuetara esportatzen du.[49]

Abeltzaintzari dagokionez, Afrikako herrialde garrantzitsuenetako bat da Sudan.[50]

Mea baliabide nagusiak, beste batzuen artean, dira burdina, manganesoa, zinka, kobrea eta zilarra.[51] Sudanen ez dago ia industriarik, ehungintzaren sektorean izan ezik. Itsaso Gorriaren ertzean, turismo gune handi bat eraiki zuten, baina gehiegizko beroak eta segurtasun arazoek eraginda, inoiz ez du turista kopuru handirik erakarri.[52] Inportazioei dagokienez, Txinatik, Indiatik, Egiptotik, Saudi Arabiatik, Ameriketako Estatu Batuetatik, Erresuma Batutik eta Europako beste herrialde batzuetatik inportatzen ditu industria eta garraio gaiak, petroliotik eratorritako gaiak, manufakturak, elikagaiak, tabakoa, kimika gaiak eta sendagaiak. Aldiz, Arabiar Emirerri Batuetara, Txinara, Saudi Arabiara, Malaysiara, Egiptora, Italiara, Errusiara, Japoniara, Thailandiara, Errumaniara, Frantziara eta Alemaniara esportatzen ditu kotoia, Arabiako goma eta sesamo haziak.[53]

Nilo ibaia da garraiobide eta komunikabide nagusia. Beste herrialdeekiko merkataritza harreman gehienak Port Sudan portuaren bidez egiten dira.[54]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. (Ingelesez) Wells, John C. (2008). Longman Pronunciation Dictionary. (3. argitaraldia) Harlow: Longman ISBN 9781405881180. OCLC .1027061151.
  3. a b (Ingelesez) «Sudan - The World Factbook» US Central Intelligence Agency (web.archive.org) 2025-04-23 (kontsulta data: 2025-08-07).
  4. (Ingelesez) «History of the Sudan» Historyworld (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-08).
  5. (Ingelesez) «Nubia: Prehistory of the Sudan» Ancient Sudan (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-08).
  6. (Ingelesez) «Nubia: History: Pre-Kerma» Ancient Sudan (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-08).
  7. (Ingelesez) Hausermann Fabos, Anita. (1999). Seteney Khalid Shami; Linda Herrera eds. «Ethical Dilemmas of Research Among Sudanese in Egypt: Producing Knowledge about the Public and the Private» Between field and text: emerging voices in Egyptian social science (Cairo: American University in Cairo Press): 100. or. ISBN 978-1417544776. OCLC .56762139.
  8. (Ingelesez) «Sudan's President Omar Hassan al-Bashir» Reuters (web.archive.org) 2008-07-14 (kontsulta data: 2025-08-08).
  9. (Ingelesez) «The Interim National Constitution Of The Republic Of The Sudan, 2005» Sudan Embassy, Germany (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-08).
  10. (Gaztelaniaz) Riestra, Laura. (2011-01-08). «El sur de Sudán se prepara para cambiar petróleo por independencia» RTVE (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-08).
  11. (Gaztelaniaz) «Sudán del Sur elige la independencia según los resultados del referéndum» Sputnik Mundo (web.archive.org) 2011-02-07 (kontsulta data: 2025-08-08).
  12. (Ingelesez) «Declaration by the EU and its Member States on the Republic of South Sudan's independence» www.consilium.europa.eu (web.archive.org) 2011-07-09 (kontsulta data: 2025-08-08).
  13. (Gaztelaniaz) «Golpe de estado en Sudán: el Ejército arrestó al Presidente» Clarín (web.archive.org) 2019-04-11 (kontsulta data: 2025-08-09).
  14. (Gaztelaniaz) «El líder del Consejo Soberano disuelve el Gobierno de transición y decreta el estado de emergencia en Sudán» Europa Press (web.archive.org) 2021-10-25 (kontsulta data: 2025-08-09).
  15. (Ingelesez) «The World Bank in Sudan. Overview» World Bank Group (web.archive.org) 2025-04-16 (kontsulta data: 2025-08-09).
  16. (Ingelesez) «Sudan Trade - WITS Data» World Integrated Trade Solution 2025-01-18 (kontsulta data: 2025-08-09).
  17. (Ingelesez) Booty, Natasha; Chothia, Farouk. (2025-07-04). «Sudan war: A simple guide to what is happening» BBC News (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-09).
  18. (Ingelesez) Parrinder, E.G. (1959). «Islam and West African Indigenous Religion» Numen (Leiden: Brill) 6. ISSN 1568-5276..
  19. (Ingelesez) «North Sudanese Culture - Core Concepts» Cultural Atlas (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-09).
  20. (Ingelesez) «Jebel Marra» Smithsonian Institution | Global Volcanism Program (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-09).
  21. (Ingelesez) Juliet, G.. (2022-02-15). «Desertification in Sudan» Desertification Facts (kontsulta data: 2025-08-09).
  22. (Ingelesez) Hafsaas-Tsakos, Henriette. (2009-06-19). «The Kingdom of Kush: An African Centre on the Periphery of the Bronze Age World System» Norwegian Archaeological Review 42 (1): 50-70. or.  doi:10.1080/00293650902978590. ISSN 0029-3652. (kontsulta data: 2025-08-09).
  23. (Ingelesez) Unseth, Peter. (1998-07-01). «Semantic Shift on a Geographical Term» The Bible Translator 49 (3): 323-331. or.  doi:10.1177/026009359804900302. ISSN 2051-6770. (kontsulta data: 2025-08-09).
  24. (Ingelesez) Welsby, Derek A. (2002). The medieval kingdoms of Nubia: pagans, Christians and Muslims along the Middle Nile. London: British Museum Press ISBN 978-0714119472. OCLC .48884660.
  25. (Ingelesez) O'Fahey, R. S.; Spaulding, J.L. (2016). Kingdoms of the Sudan. London: Routledge ISBN 978-1315451121. OCLC .960040298.
  26. (Ingelesez) Churchill, Winston; Rhodes, Francis William. (1902). The river war : an historical account of the reconquest of the Soudan. London ; New York: Longmans, Green and Co. (archive.org) (kontsulta data: 2025-08-09).
  27. (Ingelesez) Morewood, Steve. (2004). The British Defence of Egypt, 1935-40: Conflict and Crisis in the Eastern Mediterranean. London: Routledge ISBN 978-0429233401. OCLC .1525362872.
  28. (Ingelesez) «Brief History of the Sudan» Sudan Embassy, United Kingdom (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-09).
  29. (Ingelesez) «Gaafar al-Nimeiry» The Telegraph (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-09).
  30. a b (Ingelesez) «Profile: Sudan's President Bashir» BBC News (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-09).
  31. a b (Ingelesez) Bekele, Yilma. (2008-07-12). «Chickens are coming home to roost!» Ethiopian Review (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-11).
  32. (Ingelesez) Walker, Peter. (2008-07-14). «Profile: Omar al-Bashir» The Guardian (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-11).
  33. (Ingelesez) African Rights. (1995). Facing genocide: the Nuba of Sudan. London: African Rights ISBN 978-1899477043. OCLC .33054977.
  34. (Ingelesez) Chapin Metz, Helen. (1992). Sudan: a country study. Washington: Federal Research Division, Library of Congress ISBN 978-0844407500. OCLC .26501987.
  35. (Ingelesez) Carney, Timothy; Ijaz, Mansoor. (2002-06-30). «Intelligence Failure? Let's Go Back to Sudan» The Washington Post (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-11).
  36. (Ingelesez) «Sudan signs peace deal with rebel groups from Darfur» Al Jazeera (web.archive.org) 2020-08-31 (kontsulta data: 2025-08-07).
  37. (Ingelesez) «South Sudan profile - Timeline» BBC News (web.archive.org) 2018-08-06 (kontsulta data: 2025-08-11).
  38. (Ingelesez) «Sudan Cities by Population 2025» World Population Review (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-13).
  39. (Ingelesez) «Sudan's climate» World Bank Climate Change Knowledge Portal (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-11).
  40. (Ingelesez) «Khartoum Climate, Weather By Month, Average Temperature (Sudan)» Weather Spark (web.archive.org) 2016-12-31 (kontsulta data: 2025-08-11).
  41. (Ingelesez) «Economy» Government of South Sudan (web.archive.org) 2009-10-20 (kontsulta data: 2025-08-12).
  42. (Ingelesez) «Sudan Economic Outlook» African Development Bank (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-12).
  43. (Ingelesez) «The "Big 4" – How oil revenues are connected to Khartoum» Amnesty International USA (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-12).
  44. (Ingelesez) Herbst, Moira. (2008-04-14). «Oil for China, Guns for Darfur» Bloomberg BusinessWeek (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-12).
  45. (Ingelesez) Talaat, Abdelmagid; Elnour, Elsiddig; Lugman, Mohamed. (2008). «Desertification in Sudan, Experiences and Lessons Learned» Learning From The Desert: From Constraint to An Asset - Douz, Tunisia, 12-16 November 2008.
  46. (Ingelesez) «Cotton, stability, and 24,000 opportunities in Sudan’s White Nile» United Nations Sudan 2021-09-23 (kontsulta data: 2025-08-12).
  47. «Sudan Peanut Area, Yield and Production» USDA - International Production Assessment Division (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-12).
  48. (Ingelesez) «Sudan's Sorghum Joins FAO's One Country One Priority Product (OCOP) Global Initiative» FAO Regional Office - Near East (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-12).
  49. (Ingelesez) Cafiero, Giorgio. «What does Sudan’s crisis mean for the gum arabic industry?» Al Jazeera (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-12).
  50. (Ingelesez) Siddig, Khalid; Ahmed, Mosab; Abushama, Hala; Kirui, Oliver. (2024). «Sustainable livestock development in Sudan: Challenges, opportunities, and policy priorities» International Food Policy Research Institute.
  51. (Ingelesez) Government of Sudan. «The Field of Mineral Potential of The Sudan» www.minerals.gov.sd (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-13).
  52. (Ingelesez) Mohammed, Ehab Rabee. (2022-12-01). «The Role of Tourist Festivals in Revitalization of Tourism Movement in Sudan Case study: The Red Sea Festival for Tourism and Marketing(Itanina)» Journal of Tourism, Hotels and Heritage 5 (1): 226-244. or.  doi:10.21608/sis.2022.163147.1072. ISSN 2682-4329. (kontsulta data: 2025-08-13).
  53. (Ingelesez) «Sudan (SDN) Exports, Imports, and Trade Partners» The Observatory of Economic Complexity (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-08-13).
  54. (Ingelesez) «Port Sudan | Map, Population, & Facts» Encyclopaedia Britannica 2025-06-21 (kontsulta data: 2025-08-13).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]