Oinak bendatze

Wikipedia, Entziklopedia askea
Emakume txinatarra oina erakusten. 1870eko hamarkada

Oinak bendatzea neskatoen oinak hautsi eta lotzeko ohitura txinatarra izan zen[1]. Modu honetan aldatutako oinei loto-oinak esaten zitzaien, eta oin horietarako egindako oinetakoei loto-oinetakoak. Txina inperialaren amaieran, oina bendatuak estatus ikurtzat eta edertasun markatzat hartzen ziren. Hala ere, oinak bendatzea emakumeen mugikortasuna mugatzen zuen eta bizitza osorako desgaitasuna eragiten zuen praktika mingarria izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinak bendatzearen prebalentzia eta praktika aldatu egin ziren denboran zehar eta eskualde eta klase sozialen arabera. Baliteke praktika hori gorteko dantzarien artean sortu izana X. mendeko Bost dinastien eta hamar erresumen garaian, eta pixkanaka-eliteen artean ezagun bihurtu zen Song dinastiaren garaian. Qing dinastiaren garaian oinak bendatzea gizarte-klase baxuetan ere zabaldu zen. Mantxuriako enperadoreak praktika hori debekatzen saiatu ziren XVII. mendean, baina arrakastarik gabe[2]. Hainbat eskualdetan, oinak bendatzeak ezkontzeko aukerak areagotu zituen. XIX. menderako, Txinako emakume guztien % 40-50ek oinak bendatuak izan zituztela kalkulatu da, eta ia % 100era igo zen goi-klaseko han etniako emakumeetan[3].

XIX. mendearen amaieran, misiolari kristauek eta txinatar erreformatzaileek praktika hori zalantzan jarri zuten eta XX. mendearen hasieran desagertzen hasi zan oinak bendatzearen aurkako kanpainei esker. Goi-klaseko eta hirietako emakumeek oinak bendatzearen praktika utzi zuten landa-eremu pobreagoek baino lehenago[4]. 2007rako, oinak bendatuak zituzten txinatar adineko emakume gutxi batzuk baino ez zeuden bizirik[3].

Hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinak bendatuak dituen emakume baten (eskuinean) eta oin normalak dituen baten arteko konparaketa (1902)

Oinak bendatzea modu ezberdinetan praktikatzen zen eta Txinako zenbait eskualdetan ez zen egiten. Etnia batzuek modu solteagoak praktikatzen zituzten, arku eta behatz hezurrak apurtzen ez zituztenak, oina estutu besterik ez zuten egiten. Hakka etniak, esaterako, ez zuen oinak bendatzea praktikatzen[5]. Bestalde, Gansu probintziako hui etniaren artean, derrigorrezkoa zen[6]. Dungan etniak ere praktikatzen zuen XX. mendean alde batera utzi arte[7]. Kantonen, James Legge sinologoak meskita bat aurkitu zuen, non oinak bendatzea salatzen zuten liburuxkak banatzen zituzten, islamak ez zuela onartzen argudiatuta, Alaren sorkuntzaren urraketa zelako[8].

Mantxu emakumeei oinak bendatzea debekatu zitzaien enperadorearen ediktu batek 1644an[9]. «Loto-oinak» jada oso hedatuta zeudenez, mantxuek, oinak bendatuak zituzten emakumeen ibilaldi berezia ere erakargarritzat jotzen zutenez, emakumezkoen oinetako mota bat asmatu zuten, ibilaldi hori deformaziotik gabe imitatzeko.

Oinak bendatuak zituzten behe-erdi-klaseko emakume askok, izan ere, lanetan ibiltzeko gai ziren, nahiz eta muga askorekin oin normalak zituzten emakumeekin alderatuta[3].

Praktika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oin desbendatua
Oin bendatua

Askotan, neskatoen oinak bendatzea lau eta sei urte bitartean hasten zen[1], eta hainbat urtez luzatu zen prozesu mingarria. Neguan hasten zen normalean, mina ez baitzen hain muturrekoa izango[10]. Lehenik oin bakoitza bainatu eta belar eta animalien odol nahasketa bero batean bustitzen zen. Ondoren, azazkalak mozten ziren hazten zirenean oin-zola zula ez zezaten. Belar eta animalien odol nahasketa berean murgildutako 3 metro luze eta 5 zentimetro zabaleko kotoizko bendak prestatzen ziren. Oinaren tamaina murrizteko, oin bakoitzaren behatzak tolestu eta oin-zolaren kontra gogor zapaltzen ziren apurtu arte.

Hautsitako behatzak oin-zolaren kontra estu eusten ziren oina beherantz tiratzen zen bitartean, gainerako hankarekin lerro zuzen bat osatuz.

Neskatoen oin hautsiek arreta handia behar izan zuten. Bendatu gabe zeuden bakoitzean bakoitzean arretaz garbitu behar zen, behatzak zauririk egon ez zedin egiaztatu eta azazkalak moztu. Orduan, masajea egiten zitzaien mina arintzeko eta artikulazioak eta hezurrak malgutzeko. Nahasketa berezi batean murgiltzen ziren, ehun nekrotikoa, halakorik balego, atera zedin[11].

Bendatze eta desbendatze hori ahalik eta gehien errepikatzen zen (aberatsentzat egunean behin gutxienez, klase xumeagoetarako astean bi edo hiru aldiz). Familiako emakume zaharragoek edo profesionalek hezurrak apurtzen eta oinak bendatzen ohi zituzten. Hobetzat jotzen zen amarentzat, alaben sufrimenduagatik errudun senti zitekeelako eta bendak behar bezala jartzeko prest ez zegoelako[10].

Bendatzearen hasieran oinaren hezur asko hautsita zeuden urtetan. Denboraren poderioz, hezurrak elkarrekin soldatu ziren, batez ere hezur-ehuna hazkuntza-etapa ondoren gogortu zenean. Emakume helduek erori eta beste hezurrak hausteko aukera gehiago zuten, ibilaldia ezegonkorra zelako eta zutik jartzeko arazoak zituztelako[12].

8-10 zentimetro luze edo gutxiagoko oinak perfektutzat jotzen ziren[1].

Oinetakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loto-oinetakoak

Loto-oinetakoak oinak bendaturik zituzten emakume txinatarrek erabiltzen zituzten oinetako mota bat dira. Kotoiez edo zetaz eginak, nahiko txikiak ziren esku bat barruan sartzeko. Diseinu batzuek egurrezko takoiak edo barne-zolak zituzten. Estilo eta kolore ezberdinetan egin ziren. Animalia eta lore diseinuekin brodatuta zeuden askotan. Modelo batzuen egurrezko barne-zolak edo takoiak ehun brodatuekin forratuta zeuden[13]. Diseinu batzuk oinaren puntan bakarrik sartzen ziren, gona luze baten atzean ezkutatuta are txikiagoa zela ilusioa emanez[14].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Astiasaran, Eli. (2013). «Giza gorputzaren moldaera artifiziala» 7K (Zazpika Gara) 748: 59..
  2. (Ingelesez) «Chinese Foot Binding» BBC.
  3. a b c (Ingelesez) Lim, Louisa. (2007). «Painful Memories for China's Footbinding Survivors» NPR.
  4. (Ingelesez) Hershatter, Gail. (2019). Women and China's Revolutions. Rowman and Littlefield, 68 or..
  5. (Ingelesez) Davis, Edward Lawrence. (2005). Encyclopedia of Contemporary Chinese Culture. Routledge, 333 or. ISBN 041577716X..
  6. (Ingelesez) Hastings, James; Selbie, John Alexander; Gray, Louis Herbert. (1916). Encyclopædia of religion and ethics. 8 T. & T. Clark, 893 or..
  7. (Ingelesez) Atabaki, Touraj; Mehendale, Sanjyot. (2005). Central Asia and the Caucasus: transnationalism and diaspora. Psychology Press, 31 or. ISBN 978-0-415-33260-6..
  8. (Ingelesez) Legge, James. (1880). The religions of China: Confucianism and Tâoism described and compared with Christianity. London: Hodder and Stoughton, 111 or..
  9. (Ingelesez) Elliott, Mark C. (2001). The Manchu Way: the Eight Banners and Ethnic Identity in Late Imperial China. Stanford: Stanford University Press, 247 or. ISBN 978-0-8047-3606-0..
  10. a b (Ingelesez) Jackson, Beverley. (1998). Splendid Slippers: A Thousand Years of an Erotic Tradition. Ten Speed Press.
  11. (Ingelesez) Levy, Howard S. (1991). The Lotus Lovers: The Complete History of the Curious Erotic Tradition of Foot Binding in China. Prometheus Books, 322 or..
  12. (Ingelesez) Cummings, S.; Stone, K. (1997). «Consequences of Foot Binding Among Older Women in Beijing China» American Journal of Public Health.
  13. (Ingelesez) Nicholson, Geoff. (2006). Sex Collectors. Simon & Schuster, 87-88 or. ISSN 978-0-7432-6587-4..
  14. (Ingelesez) Nicholson, Geoff. (2006). Sex Collectors. Simon & Schuster, 91 or. ISSN 978-0-7432-6587-4..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]