Openmoko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Openmoko mundu mailan hazi den Open Source proiektua da eta horren helburu nagusia, sakeleko telefonoentzako lehenengo sistema eragile askea sortzea da. Orain arte, sistema eragile askearen ideia interneteko zerbitzarietan edota ordenagailuentzako programetan ikusi dugu batik bat, baina Linux-en eskutik datorkigun sakeleko telefono berri hau sekulako ekarpena izango da sistema eragile askearen munduan.

Mundu honetan sartuta dagoen jendearentzako aurrerapen handia da oso, [i-Phone][1]-arekin alderatzen baldin badugu batez ere; esan genezake Apple-n eskutik datorkigun i-Phone-ak ez duela inongo askatasunik eskaintzen erabiltzailearentzako. Izan ere, erabiltzaileak produktua erosten du, normalean prezio altu batean eta diseinu berritzaile batekin, eta ezin du inolaz ere aldaketarik egin produktuan. Ikuspegi teknologikotik begiratuta, azken urteetan salgai jarri den dispositiborik itxienetarikoa da i-Phone. Aldiz, Openmokoren produktu berri honek askatasuna ekarriko du. Izan ere erabiltzaile orok dauka berrikuntzak edo hobekuntzak egiteko aukera. Eta produktuak etengabe egingo du aurrera.

Openmoko izena daraman proiektu hau Linux sistema eragilean oinarrituta dago, eta Open Sourcen benetako izana edo esentzia eta punta-puntako aplikazioak bateratzen dituen proiektu bakarrenetarikoa dugu. Linux bezalako sistema eragile batek bi ezaugarri garrantzitsu ditu, alde batetik, librea izatea, hau da, lizentziarik pagatu behar ez izatea, eta bestalde, sistemak iturri kodea dakarrela.

Neo freerunner telefono berria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun Openmokok salgai duen telefono mugikorrak [Neo FreeRunner] [2](GTA01) du izena eta erabiltzaile aurreratuei begira egina dago; batzuek diote, iPhone-aren lehiakide dela. Esan bezala, telefono hau garatzaileei zuzendua dago eta ez erabiltzaile arruntei.

Sakeleko telefono horren bigarren bertsioa (GTA02) iristear dago, eta honako baliabide hauek izango ditu: WiFi konektibitatea, 3D azeleragailua eta 256 Mbyte Flash.

Oraingoz behintzat, telefono mugikor honen ezaugarri zehatzek itxura ona dute: Samsung S3C2410AL-26 prozesadorea, 2,8 hazbete dituen ukipen-pantaila (640×480, 283 dpi), 64 Mbyte dituen Flash memoria eta 128 Mbyte dituen RAM memoria, AGPS hargailua, 2.0 Bluetooth-a eta azkenik 1.1 USB portua.

Neo freerunner-en abantaila azpimarragarriena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nolanahi ere, benetako berrikuntza garrantzitsu eta azpimarragarriena zera da: guztiz irekia den Software arkitektura izatea. Gainera, Neo FreeRunner-en egitura prest dago mundu osoko adituek esku sar diezaioten, aparatua hobetu eta baliabide gehiago eransteko.

Hala ere, ez dira adituak telefono berri honi ekarpenak egin diezazkioketen bakarrak; izan ere, edozein erabiltzailek bere mugikorrean nahi beste aldaketa egiteko prestatuta dago guztiz irekia den Software arkitektura, hots pantailako irudia aldatu edo huts-hutsetik hasita birprograma daiteke. Gaur egun, gero eta erabiltzaile gehiago daude sistema eragile librearen barruan eta hau paregabea da Neo FreeRunner bezalako produktu batentzako.

Horrela, honi esker produktua etengabe hobetzen joango da, eta urte batzuen buruan sekulako produktua lor daiteke. Izan ere, mundu honetan sartuta dagoen jendea berritzailea eta ekinekoa izan ohi da eta beti dabil produktu hobea nola sortu aurkitu nahian.

Produktu berriaren inguruko balorazioak eta prezioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prezioa, oraingoz, 300 dolar ingurukoa da. Produktu berria denez gero, oso balorazio gutxi egin daitezke Neo FreeRunner-ari buruz. Lehenengo begiratuan ikusten da ez duela iPhone-ak duen trinkotasuna baina, hala ere, erabiltzailearen interfazeak itxura ona dauka.

Neo 1973, OpenMoko-ren lehengo "smartphone"-a

Hala ere, interneten dauden Foro ezberdinetan begiratu bat bota ondoren emaitza ezberdinak atera ditzakegu, eta hauek dira horietako batzuk: sistema eragile librearen kontra dauden batzuek diotenez, Openmoko-k atera berri duen telefono hau umeentzako beste jostailu bat besterik ez da, software librea erabiltzen duten beste produktu batzuk bezalaxe. Hortaz, i-Phone-arekin alderatuz gero, ez du inongo arrakastarik lortuko.

Sistema eragile librearen aldekoek berriz guztiz kontrakoa diote. Beraien ustez, korporazio baten menpe ez dagoen produktu bat edukitzeak ez du preziorik. Gainera uste dute miresgarria dela diseinu primitiboa duen, interneten ibili daitekeen, eta deiak egiteko balio duen telefonoa edukitzea. Nahiz eta ez izan Apple-n produktuek dituzten grafiko ikusgarriak.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Openmoko Aldatu lotura Wikidatan