Paramezio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Paramezio
Paramecium aurelia
Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaChromista
FilumaCiliophora
KlaseaOligohymenophorea
OrdenaPeniculid (en) Peniculida
FamiliaParameciidae
Generoa Paramecium
Müller, 1773

Paramezioak (Paramecium generoa) ur gezatan bizi diren protozoo ziliodunak dira, itxura obalatua dutenak. 50 eta 300 µm bitarteko luzeera dute, mikroskopio optikoa beharrezkoa izanik beraiek ikusteko.

Ugariak dira ur-putzu, urmael eta ur geldirik duten habitetan.

Aspalditik dira ezagunak protista hauek, lehenengo mikroskopioak asmatu zituztenek (XVII. mendean) "animakulu" txikiak ikusi baitzituzten landareen infusioetan ("infusorio" izena ere eman zieten).

Paramezioek ez dituzte flageloak, zilioak baizik. Zilio horiek protozoo horien azal osoan daude, eta higidura ematen diote organismoari. Paramecium caudatum espezieak 2.000 zilio inguru ditu.

Zapatila itxurako bizidun zelulabakar horiek zitostoma izeneko egitura dute, zelula mintzaren inbaginazioa, aho moduan jarduten duena elikagaiak harrapatu eta irensteko. Zitostomaz gain bi nukleo dituzte, bata bestearen ondoan: nukleo handia (makronukleoa) eta nukleo txikia (mikronukleoa).

Bakterioez eta partikula organiko txikiez elikatu ohi dira. Zilioek ur korrenteak sortzen dituzte bakterioak zitostomara erakartzeko. Irentsitako bakterioak elikagai-bakuola batean pilatzen dira.

Ugalketari dagokionez erdibiditzearen bidez sortzen dira bi paramezio, paramezio-ama batengandik. Ugalketa asexual horretan sortutako paramezioek ama-zelularen ondare genetiko bera dute. Ugalketa sexuala ere egin dezakete: bi paramezio elkartu eta mikronukleoak elkartrukatzen dituzte, material genetiko berria agertuz trukaketaren ondorioz. Ugalketa sexual honi konjugazioa deritzo, eta ugalketa asexualaren aldean urriagoa da.

Paramecium generoan espezie asko daude. Besteak beste, Paramecium caudatum, Paramecium aurelia eta Paramecium bursaria.


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Paramezio Aldatu lotura Wikidatan