Patala indarretxea
Patala indarretxea Berrizen (Bizkaia) dago, Sarria auzoan hain zuzen ere. Indarretxea Arria errekaren ibilguaren ondoan eraiki zuten, haran mehar batean. Haran horren hegaletan ura Arriara isurtzen duten erreka ugari daude. Ondorioz, ur baliabideak ugari zirenez, 2 km baino gehixeagoko ubidean hamar zentral hidroelektriko eraiki zituzten; dena den, Patala da handiena, bai eta egun indarrean jarraitzen duen bakarra ere.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indarretxea 1900 inguruan eraiki zuten; garai hartan, energia elektrikoak funtsezko garrantzia hartu zuen industrian eta garraioan indar higiarazle gisa. Arratiako tranbiari argindarra hornitu zion, baita herriko industriei eta Durangoko argiteria publikoari ere. 1951an zentrala eraberritu zuten. Ekipamendu elektromekanikoari dagokionez, funtsezko elementuak (turbinak eta sorgailuak) eraberritze horretakoak dira. Orduan indarretxea teknologia-egoera berrietara egokitu nahi izan zuten. Zaharberritze honetan, garrantzia handia izan zuen Estatu mailako sare elektrikoan jazotzen ari ziren aldaketek (orduan ere Estatuaren eskumena baitzen sare elektrikoaren eta energiaren eskumena). Patala eraiki zuten garaian, indarretxeek sortzen zuten energia inguruko kontsumitzaileei banatzen zieten, beren sare propioa erabilita. XX. mendearen lehenengo bi hamarkadetan banaketa elektrikoaren kontzeptua aldatu zenean, parametroak estandarizatu eta sare bakarra sortu zuten; sare horren bitartez, indarretxe eta kontsumitzaile guztiak konektatu zituzten. Goi-tentsioko banaketari esker, ekoizlea kontsumitzailearengandik oso urruti egon daiteke, bidean gertatzen diren energia-galerak murriztuz. Garai hartan neurri handiko indarretxeak eraiki zituzten ur-jauzi handiak dauden tokietan. Arria errekakoaren tankerako indarretxe txikiak, aldiz, itxi egin zituzten, zentral handi berrien aldean ez zirelako ekonomikoak. Orduan, hain zuzen ere, zaharberritu zuten Patala; ekipamendu berriaren bidez sarera konektatu daiteke eta errentagarri izateko adina energia sortzen du.
Eraikina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraikinak hiru nabe ditu. Erdialdean dagoenak 9 x 19 metroko oinplano angeluzuzen bakarra du, bai eta bi isurialdeko estalkia ere; alboetan, ia simetrikoki, 9 x 7 metroko bi nabe ditu. Bi nabeok bina solairu eta lau isurialdeko estalkia dituzte. Erdialdean dagoen nabeak turbinak eta sorgailuak hartzen ditu. Lehen aipatutako bi solairuko nabeen artean eskuinekoan bulegoak eta etxebizitzak zeuden; ezkerraldekoa, berriz, 1950ean egin zuten, transformadoreak eta goi-tentsioko gelak jasotzeko. Azken horri bolumen txiki bat gaineratu zioten ezkerreko fatxadan, isurialde bakarreko estalkiduna (aurretik aipatutako transformadoreak daude bertan). Jatorrizko bi nabeak harlanduzko zokalo batekin daude eraikita, eta gainerako paramentuak harrizkoak dira; hutsarteen berresitzeak, halere, adreiluzkoak dira. Ondoren erantsitako atala hormigoiz egin zuten, eta hirurek ere teila arabiarrezko estalkia dute. Sarbide eta argi-hutsarteen banaketak simetria zaindua du; simetria hori bereziki nabarmena da turbina-nabearen eta etxebizitzakoaren aurreko fatxadetan. Transformadore-nabea eransteak, halaber, simetria eman zion multzoaren bolumen-banaketari. Eraikin osoak dotorezia soila du, garai hartan industria-erabilera elektrikoetara zuzendutako eraikinetan baliatu ohi zutena baino soilagoa. Horren adibide da Errotatxu indarretxearen eraikina; azken hori Patalatik ehunka metro batzuetara dago, ibaian behera joanda. Eraikin horretan Patalan ageri ez den konpromiso estetikoa nabari dezakegu; esaterako, leihoen neurriak edota leihoetan erabilitako apaindura-osagaiak (Ibá- ñez; Santana; Zabala, 1988, 75).
Ubidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indarretxeak bi ur-jauzi erabiltzen ditu, Urtzillo, Arlaban eta Akelkorta erreken emariak baliatuta. Ur-jauzi bakoitzak obra zibilaren osagai egokiak ditu ura hartu eta indarretxeraino bideratzeko. Ur-jauzi txikian (104 m eta 130 l/s-ko emaria), ubidea 536 metro luze da, eta zabalean, berriz, 1 eta 2 metro bitarte. Harriz eginda dago eta Berasaluze Ortuetako indarretxearen aurrietatik karga-kameraraino joaten da; azken hori ere metro bete lodiko harrizko horma gotorrez eginda dago. Kamera honek 6 x 12 metro neurtzen du, eta 2 metro sakonean; hortaz, karga-kamera gisa erabiltzeko behar dena baino handiagoa da. Bolumen horri esker, gordailu erregulatzaile gisa erabil daiteke; hala, ur erreserba biltzen du eskari edo etekin handiagoko unean erabiltzeko. Kameraren alboan harrizko eraikin txiki bat dago (5 x 5 m); bi isurialdeko estalkia du, eta mantentze lanak egiteko erabiltzen dute. Karga-kameratik hodi behartua abiatzen da, ura zentraleraino bideratzeko. Tarte batzuetan jatorrizko hodiak daude oraindik; altzairu-xaflazko sekzioak erabiliz egin zituzten, errematxeen bidez osatuta eta lotuta. Hodi behartua makina-nabearen atzeko fatxadatik sartzen da indarretxera. Ur-jauzi handian (208 m eta 240 l/s-ko emaria), txikian ageri diren elementuen antzekoak daude. Kasu honetan, karga-kamerak 10 x 19 metro neurtzen du, eta 3 metro ditu sakonean. Hortaz, ur-jauzi txikiarena baino nabarmen handiagoa da; beraz, gordailu erregulatzailearen erabilera, kasu honetan, aurrekoan baino argiagoa da. Hodi behartua makina-nabearen atzeko fatxadatik sartzen da indarretxera, ur-jauzi txikiaren hodia bezalaxe. Puntu horretan, harlanduzko eta harlangaitzezko arku batek eusten dio hodiari. Arkua indarretxeko atzeko aldearekin paraleloan dagoen bidearen gainetik igarotzen da. Obra zibila osatzeko, berriz, isurbide-kanala dago. Kanal hori tunel erakoa da (metro gutxi batzuk baino ez), eta indarretxera iristen den bidearen azpitik igarotzen da, harik eta aldameneko Arria errekan isuri arte.
Datu teknikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Patalan ezarritako potentzia 882 kVA-koa da (316 kVA-ko bi talde eta 250 kVA-ko bat). Hiru turbinak Pelton motakoak dira, General Eléctrica Española etxeak eraikitako sorgailu asinkronoetara akoplatuta. Indarretxea zaharberritu zutenean hirugarren nabea ere eraiki zuten; transformadoreak daude bertan, eta, horiei esker, sortutako tentsioa 13,0 kV-ra igotzen da. Horri esker, indarretxea sare elektrikora konekta daiteke ekoizpena saltzeko. 1951n zaharberritu zutenetik, indarretxeak energia sortzen jarraitu du gaur egun arte. XX. mende amaierara arte, zerbitzu teknikoa indarretxean bertan dagoen etxebizitzan bizi zen pertsona baten esku zegoen. Gaur egun, hobekuntza tekniko berriek instalazioa automatizatzea ekarri dute; horri esker, lanean egon daiteke etengabeko arreta eskaini beharrik gabe.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]