Edukira joan

Pazkozko xirio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pazkozko xirio
tortxa
Pazkozko xirioa Mugerreko elizan (Lapurdi).

Pazkozko xirioa[1] kandela edo xirio handi bat izaten da, ohikoan gurutze gorri batez eta ikur gehiagorekin apaindua, bedeinkatu eta pizten dena eliza eta Pazko gaubeilan kristauek Jesukristoren berpizkundea ospatzen dutenean. Xirioak marraztua duen gurutzearen ondoan alfabeto grekoaren lehen letra (Alfa) eta azken letra (Omega) agertu ohi dira, Kristo “gauza guztien hasiera eta amaiera” dela adieraziz. 

Pazkozko xirioari eusten dion argimutila ere bereziki handia eta apaindua izan ohi da, pazkoko zutargia.

Batez ere Pazko gaubeilako erritualean du erabilpena xirio honek, orduan pizteko zeremonia berezia duelarik.

Pazko gaubeila suaren erritual batekin hasten da, Kristo berpiztuaren sinbolo den munduko argiarekin. Apaizak sua bedeinkatzen du, eta gurutzeari atxikitzen dizkion intsentsuzko garau ale, Kristoren bost zauriak irudikatzen dituztenak (eskuetan, oinetan eta alboan). Gero, Pazkozko xirioa sutan piztuko du eta elizan sartzen da, oraindik ilunpean, eta ondoren jendea sartzen da, ospakizunarekin jarraitzeko.

Pazkozko xirioa halaber Pazko-garaiko igandeetako mezetan erabiltzen da, Mendekoste igandera arte. Gero, urtean zehar —hurrengo urteko Garizuma arte— erabiltzen ahal da bataioak egiteko. Hileta-zeremonietan ere piztuta egon daiteke hilkutxatik gertu, katafalkokjo xirioak ordezkatzeko.

Zeremonia hauetan Kristoren sinboloa da xirioa. Joakin Lizarragak bere Jesu Kristoren eta Ama Birjinaren bizitzetan hala deskribatzen du[2]:

« Kandela itxekiak signifikatzen du Jesus dibinoa: Artan tuzu irur gauza, argizaria, metxa, ta argia: Ontan berze irur, gorputza, arima, ta dibinidadea edo Jangoikotasuna. »
Joakin Lizarraga, 1793.

Halaber, xirioa pizteak pizkundearekin lotura sinboliko zuzena du, eta xirioan alfa eta omega hizkiek ere jainkoari egiten dio erreferentzia, guztiaren hasiera eta amaiera delako.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «OEH - Bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-18).
  2. «Joakin Lizarraga: Jesu Kristoren eta Ama Birjinaren bizitzak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-18).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]