Garizuma

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu


Hausterre-ezarpena, Garizumaren lehen egunean.

Garizuma kristautasunaren aldi liturgiko bat da. Aste Santuaren aurreko 40 egunetan ospatzen da, Pazkorako prestakizun gisa.

Pazko eguna baino 46 egun aurretik hasten da, Hausterre-egunean, inauteriak pasatu ondoren. Egun horretan elizkizun berezi bat egiten da, eliztarrei hauts bedeinkatuz gurutzearen zeinua egiten zaie bekokian, ondoko esaldietako bat esanez: "Hautsa zara eta hauts bihurtuko zara" (Hasiera 3, 19) edo "Bihotz berri zaitez eta sinetsi Berri Ona" (Marko 1, 15).

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garizumaren izenak euskaraz, tokiko euskalkiak dokumentatu ahal izan diren eremuan.

Latinezko quadragesima (berrogeigarren eguna) formatik dator garizuma izena, inguruko erromantzeetan zabaldu den era batzuen bitartekaritzatik iragazita seguruenik (frantsesez carême da, gaztelaniaz cuaresma). Izena, aldaera txikiekin, orokorra da euskalki guztietan, salbu eta zubereraz, non goxüma erabiltzen den[1].

Zentzu liturgikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizak garizuman hau gogoratzen du: Jesusek, Jordan ibaian bataioa hartu ondoren, desertura jo zuela eta han egon zela 40 egunez otoitzean eta barau egiten, deabruaren tentaldiak gaindituz. Horregatik, garai honetan kristauak kristau bizitza zintzoagoa bizi izaten ahalegindu behar dira, otoitza, baraua eta limosna eginez. Garizumaren helburua Aste Santua heltzen denerako bihotz berrituta egotea da.

Janari tabuak Garizuman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakailaoa bizkaitar erara, piper saltsatan blai, Garizumako jakia.)

Tradizio kristau katolikoan, Garizuman haragia jatea debekatua zegoen, eta bijilia esaten zitzaion honi. Berez, bijilia egunak Garizumakoak baino gehiago ziren, baina aro luze honetan hartzen zuen indar handiena ohiturak. Berez, Garizuma Aste Santuarekin amaitu arren, Larunbat Santura arte irauten zuen bijiliak. Baraua 21 eta 60 urte bitarteko guztiak bete beharrekoa zen. Salbuespentzat hartzen zen adina, osasuna, haurdun egotea eta bularra ematea. Elizari dirua ordainduta, baimena ere lor zitekeen haragia jateko[2].

Elizak bijilia eta barau-egunen gainean agindutakoak eragin handia izan du euskal sukaldaritza tradizionalean[3]. Bijiliak okela eta okelaz egindako salda hartzea galerazten zuen. Garaien eta herrien arabera, esnekirik eta arrautzarik ere ez zen jaten, hau da, abereetatik datozen elikagaiak oro zeuden debekatuta. Lapikokoak, koipearekin egin barik (okela, urdaia, txorizoa...), landara-olioz prestatzen ziren. Era berean, janari batzuk beren-beregi bijilia-egunetarako prestatzen ziren aro honetan: olio-azak, babarrun zuriak eta piper-salda, adibidez. Arrainetan normalena bakailaoa izan ohi zen, eta haren arrantzaren zabalkundean ere izango zuen eragina bijiliaren ohiturak. Sardina zaharrak ere ohikoak ziren. Leku batzuetan esnerik (ez aberekirik) jaten ez zutenez, gosarirako txokolatea urarekin eginda hartzen zen. Goizeko hamaiketakoa eta arratsaldeko merienda kentzea ere normala zen.

Bijiliaren tabu erradikala, ordea, baretu egin zen mendeetan zehar, eta 20. menderako, kristau tradizioko euskal etxe gehienetan bederen, ostiraletara mugatzen zen debekua, eta Ostiral Santu egunez ere aplikatzen zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Garizuma Aldatu lotura Wikidatan