Pedagogia kritiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Pedagogia kritikoa praktika multzo batzuk eta apustu pedagogiko alternatibo batzuk dira. Pedagogia kritikoa praktikaren eta teoriaren arteko erlazioa da (praxis), honen helburua pentsamendu kritikoa lortzean datza. Beraz, pedagogia kritikoa irakaskuntza proposamen bat da, ikasleen sinesmen eta praktikak zalantzan jartzeko eta horrela kontzientzia kritikoa sustatzeko.

Pedagogia kritikoari buruz hitz egiten dugunean, gizartearen analisia eta aldaketa soziala barneratzen dituzten kontu guztiei buruz ari gara. Aitzindari bezala, aipatu beharreko bi izen garrantzitsu ditugu; lehenengoa, Paulo Freire Brasildarra eta bestea, Henry Giroux, beste batzuen artean.

Pedagogia kritikoa proposamen alternatibo modura ulertu behar da, hezkuntza-sisteman hainbat eraldaketak bultzatu nahi dituena; besteak beste, ikaskuntza boterea, politikaren, historiaren eta testuinguruaren kontzeptuekin lotutako prozesutzat ulertuz. Ikaskuntza moduekiko konpromisoa eta egoera ahulenean dauden edo bazterkerian bizi diren taldeen aldeko elkartasunezko ekintzak sustatzen ditu, auto-sendotasuna eta eraldaketa soziala aldarri hartuta.[1]

Pedagogia kritikoaren teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teorian, pedagogia kritikoari buruz ari garenean, jakin behar dugu  hezkuntza subjektuen emantzipazioarekin lotzen duten arazo eta teorien multzoa dela. Batzuek, hezkuntzaren teoria orokorra dela baieztatzen duten bitartean, beste batzuk, mugimendu eta borrokatzat hartzen dute, gizarte heziketa desberdinei leku ematen (Di Caudo Villoslada, 2013). Azkenengo aipatutako honen bezala, Lopez Goñik eta Uribe-Etxebarriak (2005, 78. or.) horrela definitzen dute pedagogia kritikoa: “botere harremanak arazo bihurtuz eraldakuntza bilatzen duen hezkuntzako pentsamendu eta praktikak biltzen dituen korrontea edo mugimendua”.[2]

Gómez Torres eta Gómez Ordóñez, 2011 era honetara definitzen dute pedagogia kritikoa; “ikasleek euren bizitzei esanahi berria emateko kontzientzia kritikoa lortzen duten teoriak eta praktikak”. Era honetara, Pedagogia kritikoak irakaskuntzatik subjektuak ahalduntzen ditu euren bizitzen ardatza eurak izan daitezen, eta horrela, helburu batzuk lortuko dituzte ikasleak, besteak beste, autonomia garatzea, mendekotasuna zein ezarritako balioak eta sinesmenak eztabaidatzea eta horiei aurre egitea; eta gizarte solidarioak, bidezkoak, inklusiboak eta politikoak eraikitzeko alternatibak proposatzea besteak beste.[3]

Beraz, aurreko definizio honek irakurrita, argi dago, aipatutako pedagogia honek, subjektua finkatzen duela gizarte aldaketen eragile bezala, eta hezkuntza arloa horretara bideratzea helburu duela. Horrenbestez, arazo indibidual eta kolektiboak bai teorikoki bai praktikoki analizatzen diren eremu kontzeptual bat da. Testuinguru honetan, estatuak eta gizarteak sortu dituzten bizimodua eta horietatik eratorritako bizimodu akademikoa zalantzan jartzeko diseinatu eta inplementatu egiten da curriculuma. Didaktikari dagokionez, ikasle, irakasle, gizartea eta jakintzaren arteko elkarrizketa bezala ulertzen da, beti perspektiba funtzionalak kontuan hartuz, eskola komunitatearen eta gizartearen proiektu eta zailtasunekin bateratzeko (Ramírez Bravo, 2008).

Gómez Torres eta Gómez Ordóñez, 2011 diotenaren arabera, Pedagogia kritikoa, beraz, zapalduen auto-askapenerako bidea da, hezkuntza-forma bankario, autoritario eta baztertzaileen aurkako erresistentzia eta transformazioa bilatzen baitu. [4]

Aitzindariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pedagogia kritikoaren arloan irakaslea ikasleek praktika zapaltzaile modura ezagunak direnak zalantzan jartzera gidatzen ditu, taldekako edo bakarkako erantzun askeak bilatuz.Pedagogia kritikoaren lehen helburua ikasleak bere burua zalantzan jartzean datza, prozesu sozialeko kide bezala. Hau egin ondoren, ikaslea gizartea inperfektua dela ohartzen da, gainontzekoei zabalduz gizartearen errealitatea alda dadin.

Paulo Freire[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paulo Reglus Neves Freire[5] 1921. urtean jaio eta 1997an hil zen. Autore honen pedagogia, ez da egokitzeko izango, baizik eta aldaketarako. Honen teoria eraldaketan eta aldaketa sozialean oinarritzen da.   Bera bizi zeneko testuinguru soziala txirotasun handikoa izateak erabateko eragina izango du bere ideiak aurrera eramateko orduan.

Paulo Freire[6]

Paulo Freirek irakasle eta ikasleen arteko harremanarentzat bide berri bat zabaldu zuen eta bere ideiek mundu osoko prozesu demokratikoan eragina dute.  Bere metodoak herriaren kultura du oinarritzat. Freirek (1970) dioen bezala proposamenak egon behar dira, hori dela eta, pedagogia kritikoaren proposamenak biltzen ditu Ferradak (2001) hurrengo zazpi postulatu nagusietan:

1. Hezkuntza prozesu guztiek arrazionaltasun komunikatiboa bultzatu behar dute

2. Hezkuntza errealitatea prozesu-soziologiko gisa ulertu behar da, psikologiatik datozen ekarpenak ahaztu barik

3. Giza-talde guztientzako hezkuntza-berdintasuna bilatu behar da, baina hau ez da homogeneizazio kulturala bezala ulertu behar. Aitzitik, giza-talde sozial guztiek (kulturalak, arrazakoak, etnikoak, generokoak, aniztasun funtzionalekoak…) hezkuntza komunitatean aukera-berdintasunean parte hartzeko eskubidea dute, hezkuntza demokratiko baten alde egin nahi delarik.

4. Komunikazio arrazionala, lengoaia eta giza-akzioekin batera, transformazio sozialerako oinarria izan behar dira. Beste hitzetan esanda, komunikazio arrazional dialogikoen eta giza-agentziaren bitartez, bidezkoagoa,  berdintasunezkoagoa eta libreagoa izango den gizarte bat sustatuko duten mugimendu sozialak antolatu daitezke.

5. Hezkuntza-akzioarekin erlazioa duten kide guztien parte-hartzea bilatu behar da, horretarako, guztiek eskolan landuko diren ezagutzen aukeraketan, transmisioan eta ebaluazioan parte hartu behar dutelarik.

6. Eskola, aldi berean erreproduzitzailea, sortzailea eta transformatzailea da. Baina eskolak bete behar duen funtzio erreproduzitzailea hurrengoa da: gizarte libreagoa, bidezkoagoa, berdintasunezkoa eta dialogikoagoa lortzeko lagunduko duen balio kulturalak, sozialak eta materialak erreproduzitzea.

7. Kritika kontzeptua forma multidirekzionalean ulertu behar da. Edozein proposamenak kritikak jasan ditzake, beti ere, arrazionaltasun komunikatiboaren bidez argumentua hobea dela erabakitzen delarik. Horretaz gain, kritika hauetan ezin dira ahaztu balio unibertsalak (berdintasuna, solidaritatea, demokrazia…)

Henry Giroux[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Henry Giroux 1943ko Irailak 18an jaio zen[7], Providence herrian, Rhode Island. Langile klaseko familia batetik dator. Pedagogia kritikoaren sortzaileetako bat izan zen Estatu Batuetan eta idazlea ere bazen. Sexismo, arrazismo eta klase zapalkuntzaren aurreiritzien inguruan sentibera egin zen.

Bere teoria beste hainbat autoreren teoriekin dago osatua (Marx, Freire, Willis, Frankfurteko eskola…). Eskolak eremu publiko demokratiko bezala begiesten ditu ikasleei irakasten hizkuntza kritiko, posibilitate eta demokraziaz.   35 liburutik gora idatzi ditu, 200 artikulutik gora argitaratu eta beste liburu edo artikuluetan ehunka kapitulu idatzi ditu.

Paulo Freire eta  Henry Girouxek defendatzen zuten moduan, hezkuntza erresistentzia eta eraldaketa tresna izan daiteke. Paulo Freirerentzat zapalduen indartze eta askatze prozesuan lagun dezakeen tresna da hezkuntza eta  Henry Girouxentzat proiektu politiko zabalago baten barnean kokatzen den borroka. Freirek zioen hezkuntza izaera politikoa duela neutraltasuna ezinezkoa baita, hezitzailea jendartearen partaide baita. Henry Girouxentzat ere hezkuntza praktika moral eta politikoa da, zeren hezkuntzak beti eskatzen du etorkizunaren ikuspegi bat.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz)  «Definición de pedagogía crítica — Definicion.de», Definición.de, https://definicion.de/pedagogia-critica/. Noiz kontsultatua: 2018-03-29 .
  2.   Historia, Hezkuntzaren Teoria Eta (2015(e)ko urriaren 26(a), astelehena), «XXI. MENDEKO PEDAGOGIA: PEDAGOGIA KRITIKOA», XXI. MENDEKO PEDAGOGIA, http://xximendekopedagogia.blogspot.com.es/2015/10/pedagogia-kritikoa.html. Noiz kontsultatua: 2018-03-29 .
  3.   Jaume., Carbonell Sebarroja,, Pedagogías del siglo XXI : alternativas para la innovación educativa, ISBN 9788499216218, PMC 909905623, https://www.worldcat.org/oclc/909905623 .
  4.   Peter., McLaren, (1997), Pedagogía crítica y cultura depredadora, Paidós, ISBN 9788449303890, PMC 42447791, https://www.worldcat.org/oclc/42447791 .
  5. (Euskaraz)  Paulo Freire, 2018-03-28, https://eu.wikipedia.org/w/index.php?title=Paulo_Freire&oldid=6169281. Noiz kontsultatua: 2018-03-29 .
  6. (Gaztelaniaz)  «Definición de pedagogía crítica — Definicion.de», Definición.de, https://definicion.de/pedagogia-critica/. Noiz kontsultatua: 2018-03-29 .
  7. (Gaztelaniaz)  Henry Giroux, 2017-12-23, https://es.wikipedia.org/w/index.php?title=Henry_Giroux&oldid=104402612. Noiz kontsultatua: 2018-03-29 .