Arrazismo

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

"Zurientzat bakarrik"
AEBko Oklahoman, gizon afroamerikar bat "koloretako pertsonak" rentzat gordetako iturri batean edaten

Arrazismoa, arrazakeria edo arraza bereizkeria arraza gizabanakoen ezaugarriak baldintzatu edo-eta determinatzen dituela baieztatzen duen jarrera nahiz pentsamoldea da. Honen arabera, balizko arraza desberdinak hierarkikoki katalogatu daitezke; eta taldeen arteko alde ekonomiko, sozial zein politikoak arrazan dute sorburua.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrazismoa nahiko fenomeno berria da. Historialari gehienen iritziz, XVIII. mendean sortu zen. Modernotasuna eta arrazismoa loturik datoz, beraz. Giza motari buruzko gogoeta zientifikoaren hasierarekin batera jaio zen doktrina multzo batekin lotzen da arrazismoa. Bitariko joerakoak, tradizionalistak eta iraultzaileak izan ziren lehendabiziko teoria arrazistak, edota hobeki esan, arrazialistak (Charles Darwin, Joseph Arthur Gobineau kondea, Herbert Spencer). Jatorrizko arraza garbia bilatu nahia izan zen hasierako arrazialismo zientistaren gidaria. Bat zetozen horretan burezurrak, hortzeriak eta ohiturak alderatzen aritu ziren era guztietako filosofoak, bidaiariak eta jakintsuak. Teorialari haiek urrezko aroaren mitoa berregin zuten nolabait, odol garbiari eustea eta endekapenari uko egitea gai nagusitzat zituen erromantizismoaren esparru intelektualean. XIX. mendearen bukaeran, bestalde, kutsu sozialistako edo iraultzaileko arrazismo bat agertu zen; gizartea arrazen arteko berezko hierarkiaren arabera antolatzea proposatzen zuen joera horrek. Vacher de Lapouge Frantzian eta Ludwig Woltmann Alemanian, esate baterako, sozialismo ariarzalearen (Mendebaldeko Europa jatorri semitako kutsutik garbitu nahi zuten) eta selekzionistaren ordezkari izan ziren. Doktrina egiteko ahalegin hori ez zen XX. mendea arte ideologia bilakatu, nazional-sozialismoaren garaia arte alegia.

Hortaz, bere doktrinak alde bat utzita, jarrera diskriminatzaile, instituzionalizatu (apartheid) edo derrigortzaile multzo baten erara agertzen da arrazismoa. Era bateko eta besteko ereduak onartzen ditu, sentimendu zurrunetan oinarritutako aurreiritzien arrazismotik hasi eta ideologiazko arrazismoraino. Era desberdin horiek elkarrekin joan daitezke, baina ez da beti hala izaten: ez dago nahitaezko kausalitate loturarik arrazagatiko aurreiritzien eta bazterketa ekintzen artean. Alderantziz, ordea, itxura guztien arabera faktore ideologikoak eta politikoak erabakigarriak dira genozidioetan.

Teorialari gehienek bi arrazismo mota bereizten dituzte: alde batetik arrazismo ez-igualitarioa, beste arrazakoak gutxiesten dituenarena, gizartean leku jakin bat beheragoko mailan ematen dienarena; eta bestetik, arrazismo diferentzialista, biktima den taldeari batere lekurik uzten ez diona eta baztertzen, kanpora bidaltzen eta suntsitzen duena. Pierre-André Taguieffek dioen bezala, biak zenbait ezaugarritan bat datoz: ez dute onartzen gizateria unibertsalaren ideia; gizabanakoak arraza baten, kultura baten, nazio baten ordezkariak besterik ez direla uste dute; talde desberdintasunak erabatekotzat hartzen dituzte (arrazen arteko mugak gaindiezintzat jotzen dituzte, kultura taldeak bateraezintzat); azkenik, desberdintasunak sendotzen dituzte (gizabanako bakoitza bere kulturan itxirik dago, determinismo hertsi baten arabera pentsatzen eta jokatzen du).

Bigarren Mundu Gerraz gero, arrazismoaren arrazoibideak bilakaera estrategiko bat izan du, eta orokorki gaitzetsi izan diren dogmatismo biologikoen eta arrazen arteko desberdintasunaren teoriak baztertu ditu. Neoarrazismo horrek itxura sotilagoa hartu du, eta nortasun kulturalaren eskubidea eta horren ondotik datorren desberdintasunaren laudorioa biltzen dituen nahasketa ideologiko batean oinarritu da. Paradoxikoki, arrazismo mota horrek ezkerreko kultura politikoarenak izan diren balio ideologikoetan oinarritu nahi du bere zilegitasuna eta arrazismoaren aurkako joeraren eta bestearekiko errespetuaren usadioan. Arrazatik kulturarako eta berdintasun faltagatik desberdintasunerako lerradura trebe horiek eta enuntziatu heterofoboak erabili beharrean enuntziatu heterofiloen (desberdina izateko eskubidea) edota formulazio leunagoen erabilera nagusitu dira, duela hogei bat urtetik hona, neoarrazisten adierazpenetan; hala ere, funtsezko ideia betiko bera da: kulturaz bestea dena ezin da, berez, asimilatu, taldeak izan zein gizabanakoak izan.

Agerpide arrazistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrazakeria nazia eta juduen zein ijitoen holokaustoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Holokaustoa», «Porraimos» eta «Nazismo»
Armada Gorriak askatutako haur juduak Holokaustoan

Sentimendu arrazista zaharren eta zabalduenetarikoa dugu antisemitismoa mundu osoan, juduen aurka gauzatutakoa. Errege-erregina Katolikoek egotzi zituzten Espainiatik XV. mendean, lehen deportazio masiboen artean dagoena. Alemanian, XX. mendeko lehen erdian erregimen naziak agindu egin zuen. Ezaugarri arrazistak ere bazituen, bereziki juduen aurkakoak. Hauek holokausto izeneko garai zoritxarreko eta kriminala aurrera eraman izan zuten.

Alemanian ideologia arrazistaren garapenak bere unerik gorenena Adolf Hitlerren gidaritzapeko mugimendu nazionalsozialistarekin (nazismoa) lortu zuen. Mugimendu honek 1930 eta 1940ko hamarkadetan biztanleriaren kopuru esanguratsu baten babesa lortuz joan zen, 1945. urtean Alemaniak Bigarren Mundu Gerraren porrota pairatu zuen arte. Nazionalismoa "arraza zuriaren" nagusitza azpimarratzen zuen ideologia bat bezala sortu zen, zeinetan "arraza arioa" gailentzen zen: XX. mendeko aleman purua "arraza arioa"ren ordezkari eta eredua zen. Gehienbat judutarrak izan ziren arrazakeria honen pairatzaile nagusiak. Hala ere, ez ziren bakarrak izan, ijitoek ere bigarren maila batean jasan egin baitzuten.

Alemaniatik kanpo ere nazismoak eragin handia eduki zuen, besteak beste Estatu Batuetan. Bertan, bat egin zuen oso garatuta zegoen afroamerikarren kontrako arrazakeriarekin; testuinguru hartan Henry Ford enpresari estatubatuarra ideologia naziaren zabaltzaile sutsua izan zen. Izan ere, Fordek El judio internacioanl (1920) liburua idatzi zuen, arrazakeriaren eta ideologia naziaren hedapena sustatzearekin batera jatorri judutarra zuten alemanen zein ijito edo beste etnia gutxituen jazarpena eta hilketa bultzatu zuena. Ideia hauetan oinarrituta, 11 edo 12 milioi pertsona inguru lekualdatu, kontzentrazio guneetan atxiki eta sistematikoki sarraskitu zituzten. Bigarren Mundu Gerran zehar, gutxi gorabehera, biktima horien erdia judutarra zen eta euren hilketa masiboari Holokausto (Shoah) deritzogu. Esan bezala, ijitoek ere oso gertutik jasan zituzten nazismoaren ondorio latzak: 100.000-1.000.000 ijito inguru Porraimoan edo “ijitoen holokaustoan” erail zituzten.

Alemanian ideologia arrazistaren garapenak bere unerik gorenena Adolf Hitlerren gidaritzapeko mugimendu nazionalsozialistarekin (nazismoa) lortu zuen. Mugimendu honek 1930 eta 1940ko hamarkadetan biztanleriaren kopuru esanguratsu baten babesa lortuz joan zen, 1945. urtean Alemaniak Bigarren Mundu Gerraren porrota pairatu zuen arte. Nazionalismoa "arraza zuriaren" nagusitza azpimarratzen zuen ideologia bat bezala sortu zen, zeinetan "arraza arioa" gailentzen zen: XX. mendeko aleman purua "arraza arioa"ren ordezkari eta eredua zen. Gehienbat judutarrak izan ziren arrazakeria honen pairatzaile nagusiak. Hala ere, ez ziren bakarrak izan, ijitoek ere bigarren maila batean jasan egin baitzuten. Alemaniatik kanpo ere nazismoak eragin handia eduki zuen, besteak beste Estatu Batuetan. Bertan, bat egin zuen oso garatuta zegoen afroamerikarren kontrako arrazakeriarekin; testuinguru hartan Henry Ford enpresari estatubatuarra ideologia naziaren zabaltzaile sutsua izan zen. Izan ere, Fordek El judio internacioanl (1920) liburua idatzi zuen, arrazakeriaren eta ideologia naziaren hedapena sustatzearekin batera jatorri judutarra zuten alemanen zein ijito edo beste etnia gutxituen jazarpena eta hilketa bultzatu zuena. Ideia hauetan oinarrituta, 11 edo 12 milioi pertsona inguru lekualdatu, kontzentrazio guneetan atxiki eta sistematikoki sarraskitu zituzten. Bigarren Mundu Gerran zehar, gutxi gorabehera, biktima horien erdia judua zen eta euren hilketa masiboari Holokaustoa, (Shoah), deritzogu. Esan bezala, ijitoek ere oso gertutik jasan zituzten nazismoaren ondorio latzak: 100,000-1´000,000 ijito inguru Porraimoan edo “ijitoen holokaustoan” erail zituzten.

Apartheid[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Apartheid»
Apartheid-en kontrako aldarrikapena

Hegoafrikan, "apartheid" izeneko erregimena indarrean egon zen XX. mendean zehar, arrazakeriaren adibide ona izan zena. Bere kasuan, arraza beltzeko pertsonak baztertzen zituen, arraza zurikoen nagusitasuna sustatuz.

Aparheida Hegoafrikan sortutako arrazakeria segregazio erregimen bat izan zen, jatorrizko gehiengo beltz aborigenen gainean Bóer edo afrikaner kolonizatzaile herbeheretarrek ezarri zutena, hain zuzen ere.

Aparheid hitzak afrikanerrez “segregazioa” esan nahi du. XIX. mendearen hasieratik, Hegoafrikan, kolonizatzaile ingeles eta frantsesek diskriminazio arrazistan oinarritutako arauak ezarri zituzten eta honako legeak hurrengo gobernu boer “zuriekin” batera egin zuten aurrera.

Apartheida 1948.urtean sortu zen, Alderdi Nazionalaren gailentzearekin batera. Alderdi Nazionalaren asmoa biztanleriaren mestizajea debekatu eta gutxiengo zuriaren boterea gailenduko lukeen erregimen arrazista bat ezartzea izan zen. Horrekin batera, 1949.urtean, Ezkontza Mistoen Debekurako Legea 55/49 zkia. ezarri eta “zuri” eta “beltzen” arteko ezkontzak debekatu zituen. Hurrengo urtean (1950.urtean), biztanleriaren harreman sexualak erregulatu zituen “Ezmoraltasun Legea 21. zkia.” abian jarri zen, pertsona zuri eta pertsona beltzen arteko “larru-jotze ilegalak” edo “edozein ekintza ezmoralak” debekatu zituena, alegia. Arau hauek “Apartheid txikia” bezala ezagunak izan ziren.

1955.urtean, Johannesburgotik hurbileko Kliptown auzoko kongresu batean, oposizioko hainbat erakundeek (ANC eta Indiar Kongresua, besteak beste) Askatasunaren Aldarrikapenaren aldeko koalizio bat eratu zuten, arrazakeri eta diskriminaziorik gabeko Estatu bat ezartzeko asmoz.  Boer erregimenak arrazisten kontrako mugimenduak bortizki zapaldu zituen, heriotza eta atxiloketa masiboak gauzatuz.. Atxilotutako buruzagi beltzenen artean Nelson Mandela izan zen aipagarrienetako bat, 27 urtez espetxean eman zituelarik (1963-1990).

1950, 1960 eta 1970 urteetako hamarkadetan zehar Apartheid-a EEBB-en eta Europako Mendebaldeko herrialdeen aldetik onartua izan zen, izan ere, haien aburuz, Hegoafrikak hartutako jarrera guztiz antikomunista izan zen. Aldiz, Sobietar Batasunak lideratutako bloke komunistako europar herrialdeek hasieratik salatu zuten mugimendua, hauen ustez, giza eskubideak urratzen zituen erregimen arrazista bat zelako. 1970.ko hamarkadatik aurrera, Hegoafrikako erregimena munduko iritzi publikoa eta komunitate internazionaleko gehiengoagatik baztertua izaten hasi zen.

Arraza, nazioa eta klasea zapalkuntza hegoafrikarraren interpretazio eta erantzun ezberdinak eskuratzeko beharrezkoak izan diren gai zentralak izan dira. Hauekin batera ideologia ere zapalkuntzaren fenomenoa ulertarazteko funtsezko elementua kontsideratuta dago (A. W. Marx, 1991)

Ku Klux Klan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indianan, 1922an Ku Klux Klan taldearen bilera

Erakunde arrazisten artean, Ku Klux Klan ezagunenetarikoa da. 1865ean sortu zuten AEBetan, eta gaur egun oraindik desagertu ez bada ere, oso modu isolatuan ibiltzen da.

Hego Amerikako arrazakeria XIX. mendean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1808.urteko Mexikoko Independentzia Gerra

XIX. mendearen hasieran, espainiar eta portugaldar kolonizazio geldoaren aztarnak agerian zeuden oraindik Hegoamerika osoan. 1825ean, Kaliforniatik Patagoniarainoko lurralde zabalak bere burua askatua zuen eta hainbat estatutan zatiturik zegoen. Nolanahi ere, azken kolonia garaietako gizarte eta ekonomia egiturak indarrean jarraitu zuen egoera politiko berrian, baina independentzia kanpainetan altxaturiko gudarosteen zama gehiturik.

Burujabetza horrek krisi egoeran ezarri zituen meatzaritza eskualde nagusiak (Mexikoko iparraldea eta Peru Goialdea, gero Bolivia bihurtu zena). Horren aldamenean, merkaturako nekazaritza eta abeltzaintzara jarriak ziren Atlantikoko eskualdeek, aldiz, halako goraldi bat izan zuten. Mendearen erditik aurrera, Britainia Handia nagusi zen mundu mailako merkataritzaren goren aldian, Ozeano Bare aldeko herriak ere produktuen trafikoan sartu ziren.

Aurreiritzi arrazistek moldatu zituzten ko gizarteak. Faktore hori eta beste batzuk direla eta, oso bilakaera desberdinak gertatu ziren. Oro har, esan daiteke lur-jabeek, gizarte erpinean kokaturik, etekina atera zietela lehengaiei eta kanpoko inbertsioei. Mendearen azken bi hamarraldietan, kanpoko interesen esku geratu zen hegemonia, ipar amerikarrak gero eta sartuago zirela, nahiz eta Erdiko Amerikara mugatua oraino.

Jendeztatze kolonialak lurralde zabalak utzi zituen kontrol zuzenetik at. Bereizketa bat egin daiteke: alde batetik, metropoliko aginpidetik landa ziren barne eskualdeak (Erdiko Amerika, Txile, Paraguai eta batez ere Brasil) eta, bestetik, indiar gehienen kontrola hispaniarren aurreko eliteen esku utzitako lurraldeak (Peruko erregeordetza).

Hiru mendeko kolonizazioaren ondorioz, biztanleria mestizoaren portzentaia handiko gizarteak moldatu ziren espainiarren mendeko eskualdeetan, kasta sistema zurrunean antolatuak. Independentzia gerrak Hego-Amerikako gizarteak berrantolatu zituen eta nor bere iraultzaren ondoren ez zuten hain zorrotz jokatu odol nahasiko jendearekin. Aurrez aurre gertatu ziren alderdiek jende oldeak beretu behar izan zituzten beren gudarosteetarako eta, armagizonen artean, aurreratzeko aukera izan zuten indiarrek zein mestizoek, hala nola Santa Cruz buruzagiak. Gauza bera gertatu zen Simón Bolívarrek Venezuelan bildutako mulato eta beltzekin.

Atlantikoko itsasertzeko plantazio tropikalek esklabo beltzen lana erabili zuten.Hain zuzen ere, afrikar esklabo gehienak XIX. mendearen lehen erdian iritsi ziren, Britainia Handia buru zen abolizioaren aldeko kanpainarekin bateratsu. Britainiarren presioak esklaboen tratua errepublika berrietan galaraztea lortu zuen (Brasilgo Inperioa azkena izan zen hori izenpetzen, 1852an).

Nolanahi ere, oraindik ere iritsi ziren esklaboak Hego Ameriketara –gero eta gutxiago–, trafiko klandestinoaren bidez. Garai horretakoak dira Brasilgo indiarren ehizaldiak, iparraldeko plantazioetara eskulana eramateko.

Mende erditsuan, Estatu berriak sendotu eta mundu merkatua helburua zuten landaketak hedatzearekin, indiarren lurraldeari eraso zioten. Guda sailean, herri borrokazaleenen aurka jo zuten (Argentinako iparraldea).

Gizarte sailean, jabego higiezin komunitarioa debekatu zuten erreforma liberalek, Eliza eta indiarrak berdin joak gertatzen zirelarik. Oro har, indiar jendea bere herrialdeetako prozesu modernizatzaile eta gatazka politikoetatik aparte bizi zen Mexikon, Erdiko Amerikan edo Andeetan.

  • Kostalderako emigrazioa izan zen indiarren gizarteratze mota bakarra, eta hori miseriak edo desjabetzeak bortxaturik.
  • Esklaboen prezioa garestitzea eta Europaren eta Ipar Amerikaren presioak erabakigarriak gertatu ziren esklabotza kentzeko.
  • Abolizioa aldarrikatu zuten azkeneko herrialdeak Espainia –1873 Puerto Ricorako eta 1886 Kubarako– eta Brasil (1888) izan ziren.
  • Lurgabeturiko indiarrek eta esklabo askatuek hirietako masak eta merkataritzarako nekazaritza langileria osatu zituzten.

Arrazismoa XXI. mendean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

'Alma de África' futbol taldeko jokalariak euren kontrako irainak salatzeko elastikoak erakusten[1].

XXI. mendean, mendebaldeko gizarteetan, inork gutxik defendatzen du gizaki batzuk genetikoki beste batzuk baino gehiago direla. XX. mendeko joera arrazistarik bortitzenak XXI. mendean ez dira hain agerikoak. XXI. mendeko arrazismoa, muturreko nazionalismoz mozorrotuta, xenofobiarekin eta aporofobiarekin nahasita agertu ohi da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]