Pozoien afera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Brinvilliersko markesari egindako uraren tormentua.
Madame de Montespanen erretratua.
Étienne Guibourg-ek meza beltza ospatzen Madame de Montespan-en gorputz biluziaren gainean. XIX mendearen amaierako grabatua.

Pozoien afera (frantsesez: Affaire des poisons) Frantziako Luis XIV.aren erregealdian gertatutako eskandalu bat izan zen. 1677 eta 1682 artean, zenbait igarle eta aristokraziako kideei bere lagunak pozoitzea eta sorginkeria leporatu zieten. Pozoien auziak hogeita hamasei pertsonaren exekuzioa eragin zuen. Parisen gertatu ziren pozoitze-kasu ugari argitzeko zabaldu zen auzia, 1679an. 1680an, erregearen aginduz, ikerketa itxi egin zen. Versaillesko aristokraziako kide asko nahasi zituzten artseniko bidezko hilketa hauetan.[1]

Aferaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kasuaren jatorria 1675ean izan zen, Brinvilliersko markesak 1666an bere aita, Antonine Dreux d 'Aubray, eta bere bi anaia, Antoine d' Aubray eta François d 'Aubray, 1670ean, herentzia lortzeko konspiratu izana leporatu ondoren. Salatua izan ondoren, markesak ihes egin zuen, baina Liejatik gertu zegoen komentu batean atxilotu zuten. Uraren tormentua jasan ondoren, guztia aitortu zuen eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Bere konplizea, Sainte-Croix, ez zen akusatua izan, 1672an, kausa naturalengatik hil zelako.[2]

Madame de Brinvilliersen aurkako epaiketak beste heriotza misteriotsu batzuen arreta erakarri zuen. Eragin handiko pertsonak, Luis XIV.a barne, pozoituak izateko beldurrez kezkatu ziren.

Ikerketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pozoien auzia 1677ko otsailean lehertu zen, Magdelaine de La Grange atxilotu ondoren, faltsutzea eta hilketa egotzita. La Grangek Louvoiseko markes François Michel Le Tellierrengana jo zuen, garrantzi handiko beste krimen batzuei buruzko informazioa zuela esanez. Louvoisek erregeari jakinarazi zion, eta honek Gabriel Nicolas de la Reynieri, Parisko poliziaburuari, jakinarazi zion. Horren ondorioz, pozoitzeari buruzko ikerketak sorginkeria- eta hilketa-salaketei buruzkoak martxan jarri ziren.

Agintariek hainbat igarle eta alkimista galdekatu zituzten, pozoia saltzeagatik susmagarri zirenak. Haietako batzuek torturapean aitortu zuten, bezeroen zerrendak emanez. Antza zerrendakide horiek, ustez, pozoia erosi zuten ezkontideak eta errege-gorteko aurkariak hiltzeko.

Kasurik ospetsuena Catherine Monvoisinena izan zen, La Voisin izengoitiarekin ezaguna, 1679an atxilotu zutena Marie Bosse pozoitzaileak salatu ondoren. Voisinek, aldi berean, gorteko hainbat kide garrantzitsu inplikatu zituen, besteak beste, Olimpia Mancini, Soissonseko kondesa; haren arreba, Bouillongo dukesa; François Henri de Montmorency, Luxenburgoko dukea; eta ezagunena, Madame de Montespan, Luis XIV.aren maitale ofiziala.

Mozkortuta zegoenean galdekatuta, La Voisinek adierazi zuen Montespanek afrodisiakoak eskuratu zituela eta meza beltzetan parte hartu zuela erregearen mesedea izaten jarraitzeko beste aurkari batzuen aurrean, nahiz eta baieztatu zen La Voisinek ez zuela inoiz Montespan izendatu bere adierazpenetan, bien arteko harremana La Voisin hil ondoren ezagutzera eman zelarik.

Eustache Dauger de Cavoye, nobleziako familia ospetsu bateko kidea eskandaluan murgildu zen ere bai. Ostiral Santua meza beltz batekin ospatu ondoren, Cavoye familiak desheredatu zuen. Ondorioz, Cavoyek pozoia eta afrodisiakoak saltzeko negozio bat ireki zuen. Luis XIV.aren aginduz pozoien auzia ikertzen amaitu ondoren modu misteriotsuz desagertu zen. Hiri kondairaren arabera, Cavoye burdinazko maskaradun gizona izan zitekeela zabaldu da urtetan baina gaur egun 1679an Saint-Lazareko espetxean bere familiaren aginduz giltzapetu zutela jakin da.[3][4]

Amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Voisin heriotzara kondenatu zuten sorginkeria eta pozoitzeagatik, eta sutan exekutatu zuten, 1680ko otsailaren 22an. François Henri de Montmorency urte berean espetxeratu zuten, handik gutxira askatuz, ondoren guardiako kapitain bihurtuz.

De la Reyniek Ganbera Sutsua (Chambre Ardente), ezarri zuen berriro pozoitze eta sorginkeria kasuak epaitzeko. Azkenean, hogeita hamalau pertsona kondenatu zituzten heriotza-zigorrera, bi hil egin ziren torturatzen zituzten bitartean, eta gorteko hainbat kide erbestera kondenatu zituzten. Kamera 1682an indargabetu zen, erregeak eskandaluari publizitatea ematen jarraitzeari uko egin ziolako.

Zigortuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pozoien auzian 442 susmagarri sartu ziren, horietatik 367ri atxilotzeko agindua eman zitzaien, eta azkenean 218 atxilotu zituzten. Kondenatuen artean, 34 exekutatu egin zituzten, 5 galeretara kondenatu zituzten eta 23 erbesteratu, beren buruaz beste egin zutenak edo torturapean hil zirenak izan ezik. Akusatuetako batzuk ez ziren epaitzera iritsi, eta bizi osorako kartzela-zigorra ezarri zieten, Lettre de cachet baten bidez. Horietatik 6 emakume Château de Villefranche-n giltzapetu zituzten; 18 gizon Château de Salces-en; 12 emakume Belle-Île-en-Mer-en; 10 gizon Château de Besançon-en; 14 emakume St. Andre de Salins-en; eta 5 emakume Fort de Bains-en.[5]

Zigortutako batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eugenio Savoiakoa.

Pozoien aferak izan zuen ondoriorik garrantzitsuenetariko bat Frantziatik kanporatzea Olimpia Mancini, Soissonseko kondesa, kanporatzea izan zen. Bere semea, Eugenio Savoiakoa, herrialdean geratu zen, nahiz eta ezin izan zituen bere helburu profesionalak lortu ama zorigaitzean erori zelako, karrera militar bat egitea debekatu ziotelarik. Herrialdetik alde egin ondoren, eta Luis XIV.arekiko sentitzen zuen erresuminaren ondorioz, Frantziaren etsai ziren Habsburgotarren zerbitzura sartu zen. Denborarekin, bere garaiko jeneralik nabarmenetako bat bihurtu zen, eta Luis XIV.ak Europaren nagusitasuna lortzeko borrokan pairatu zuen porrotaren egile bat izan zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. http://www1.euskadi.net/harluxet/hiztegia1.asp?sarrera=Pozoienafera
  2. https://www.hola.com/realeza/2014123175973/madame-montespan-asunto-venenos/
  3. Lynn Wood Mollenauer: Strange Revelations: Magic, Poison, and Sacrilege in Louis XIV's France. [Magic in History Series.] (University Park: Pennsylvania State University Press. 2007. ISBN 0-271-02916-1.
  4. https://www.jesusvico.com/blog/el-asunto-de-los-venenos/
  5. Frances Mossiker: The Affair of the Poisons: Louis XIV, Madame de Montespan, and one of History's great Unsolved Mysteries (Alfred A. Knopf (1969) ISBN 0-7221-6245-6).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]