Póg Mo Thón
Póg Mo Thón | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Mungia (Bizkaia) |
Musika mota | Metal alternatiboa |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Babelmusik |
Taldekideak | |
Markel (ahotsa) Julen (bateria) Juanma (baxua) Beñat (gitarra) | |
Lehengo taldekideak | |
Kaska (gitarra) | |
Informazio gehigarria | |
www.pogmothon.com |
Póg Mo Thón Mungian (Bizkaia) sortutako euskal musika taldea da.
Taldekideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Markel Etxebarria (ahotsa).
- Julen Badallo (bateria).
- Juanma Bravo (baxua).
- Beñat Fuentes (gitarra, koroak).
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izen gaelikodun talde euskaldun honek estilo desberdinak jorratu izan ditu hasierako hardcore melodiko hartatik eta gaur egunera.
Hasierako maketa bi albo utzita, Beñat Fuentes gitarra-jotzailea (Akustika, Big Fingers and The Love Seeds) sartzearekin batera ekin zioten euren lehen lan luzea grabatzeari (El otro lado,2004). Lamiña producciones-en grabatu zuten, Natxo Liberty teknikari zela. Urte oparoa izan zen berau. Batetik, Euskadi Gazteko maketa lehiaketan entzulearen lehenengo saria irabazi zutelako. Baina ez zen horretan geratu. Musikadero elkarteko maketa lehiaketarako izan ziren aukeratuak. Bestalde, Zero Records diskoetxeak, Metal alternativo vol. 2 famaturako jaso zuen taldearen lehen lan hartako "A game called life" kanta, hainbat lekutan zeresana eman zuena. Euskadi gazteak atera zuen CD-an "A game called life" eta "Zauritu bat jaso dute" kantak agertu ziren, azken honen letra Igor Estankona poeta finak idatzi zuelarik.
Urte hartan Julen bateria-jolea (Trust, Desfassion) sartu zen taldean, eta nabarmen igarri zuen taldeak beronen ekarria. Urte berean Skunk D.F. eta Kannon-en biratan aritu ziren. Kontzertu ugari eman ostean, hurrengo lana prestatzeari ekin zioten: Itzalitako argi bakoitzeko. Taldearen lehen disko ofizialtzat hartu zen berau: Batetik taldearen egitura eta estiloa finkatu zirelako, eta bestetik aurrerantzean euskara hutsez abestuko zutelako (ordura arte ingelesez eta gaztelaniaz ere egin zuten aproba). Gainera, diskoetxe batek atera zuen konpaktua lehenengo bider, Babelmusikek alegia.
Itzalitako argi bakoitzeko ia urtebeteko lana izan zen, konposaketa arloan ordura arte egindako beharrik handiena. Haritz Harreguyrekin jarri ziren kontaktuan, berak diskoa ekoiztea baitzen Póg mo thón-ekoen lehentasuna. Baiezkoa izan zen Haritzen erantzuna, eta oparoa bere lanaren emaitza. Garate Studios -en grabatu zuten, Andoainen, 2006ko otsaila eta martxoa bitartean, bakoitzaren eguneroko betebeharrak albo utzita. Nahasketak amaitu ostean, New Yorkera igorri zen lana, West West Side Music-era (Sepultura, Sick of it all, Mastodon, Snapcase, Atreyu, Thrice...), masterizazioa bertan egiteko, eta Alan Douches handiak hartu zuen horren ardura. Esan bezala taldeak euskara hutsez abestu zuen lan honetan, eta Markel eta Beñat taldekideek egin zituzten letrez gain Igor Estankonak eta Gotzon Barandiaranek letra bana idatzi zituzten. "Lorratza" kantan Rafa Ruedak abestu zuen. Gazteok management enpresak fitxatu zuen taldea, bira hartan berrogei kontzertutik gora emanez, talde ezagunekin batera joz: Berri Txarrak, Betagarri, Reincidentes, Sorkun, Banda Bassotti, Kauta, Aphonic, Kaotiko, Gozategi, Biok, Noizeanbehin...
Kritika ederrak jaso zituen diskoak, bai Euskal Herriko egunkarietan, bai musikan aditu diren atzerriko web guneetan, irratietan (Euskadi Gaztean kasurako bi single egon ziren lehen postuan, Zemendiak 27 eta Itzalitako argi bakoitzeko, eta espainiar estatuko Radio 3-en besarkada bat kantua jarri zen.), Entzun aldizkarian publikoaren urteko diskorik onenen arteko zerrendan sartu zen. Taslab etxeak ekoiztu zuen euren lehen bideoklip ofiziala.
2007an Leioako Pop Rock lehiaketa irabazi zuten. Berrehun taldetik gora aurkeztu, eta metal arloko finala maiatzean ospatu zen: Eko4 (Doneztebe), Falso Dogma (Sevilla) eta Póg mo thón bera, azkenean garaile suertatuko zena.
Bira amaierako kontzertuetan Biok taldeko Julenek lagundu zien zuzenekoetan.
2007ko irailean Radio3 kateko Bienvenidos al paraíso programa mitikoan agertuko zen taldea berriro ere.
2008an bide berri bati ekingo dio taldeak Kaska gitarra-jotzaileak taldea uztean. Beñat izango da aurrerantzean gitarra-jotzaile bakarra. Honekin, taldeak zerotik hastea erabaki, disko berrirako prest ziren kantak albo batera utzi, eta hurrengo lana konposatzeari ekingo dio buru-belarri: Oztopo guztien gainetik. 2008ko abuztuan grabatu da, hilabete osoan Amasako IZ-n eta Haritz Harreguyrekin. Masterizazioa Italiako Nautilus etxean burutu du Antonio Bagliok ( Laura Pausini, Eros Ramazzotti...). Diskoko kanta bitan Pi.L.T.-ko teklista izandako Aitor Abiok hartu du parte. Letren egileak: Arkaitz Estiballes, Julen Gabiria, Gotzon Barandiaran, Miren Ibarluzea, Igor Estankona, eta taldekide diren Beñat eta Markel.
2009an 30 kontzertuko bira emango zuten, Volbeat-ekin batera emandakoa nabarmenduz. Urte honetan bertan grabatu zuten "Suge bat da" bideoklipa.
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- El otro lado (2004, Maketa)
- Itzalitako argi bakoitzeko (2006, BabelmusiK)
- Oztopo guztien gainetik (2008, Babelmusik)
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gaztea maketa lehiaketa: 2004 (entzuleen saria)[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Maketa Lehiaketa, 27. irabazlearen bila» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-11-14).