Reggae

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Reggaea
Non: Jamaika
Noiz: 1960eko hamarkada.
Hedapena: Mundu osoan.
Instrumentuak: Kitarra elektrikoa , baxua, bateria, teklatua, instrumentu etnikoak eta ahotsa.
Azpigeneroak: Dancehall-ragga

Reaggae jamaikar jatorriko musika generoa da, Skaren eta rockstadyaren hurrengokoa. Rastafari mugimenduari oso lotuta dagoen musika da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaiotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Reggaea, gaur egun ezagutzen dugunaren aitona, 1960ko hamarkadan jaio zen. AEBetako R&Ba eta Jamaikako momentoaren arteko maitasun harremanak skaren sorrera ekarri zuen. Urte alaiak ziren haiek. Jamaikak ingelesen kolonia izateari utzi zion, formalki bada ere, 1962an independentzia lortu zuenean. Etorkizun hobe baten esperantzarekin sortu zen ska musika, alaia eta dantzagarria. Ez zuen asko iraungo. Kolonialismo batetik bestera pasa ziren eta berehala AEBetako dirudunek, eguzki izpien egarri, uhartea bereganatuko zuten. Rocksteady deitu zioten, turistentzat aproposak ziren erritmo eta letra goxoak, azukrez gainezka, zituen musikari.

Urteak pasa eta sendi boteretsu batzuk kenduta, miseria gorrian eta esperantzarik gabe bizi ziren jamaikarrak. Independentziak ez zien espero zuten bizimodua ekarri eta musika bihurtu zen, erlijioa eta ganjarekin batera, aurrera egiten laguntzen zien euskarria. Marcus Garveyren esanek begiak ireki zizkien eta beltza izatea ona zela eta beltz izateagatik harro sentitu behar ziren mezuak reggae musikaren bidez sukarra bezala zabaldu ziren, irrati eta sound systemen bozgorailuak lagunduta. Garai berri baten sorrera zen.

Urrezko aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970eko hamarkada, gure ustez, reggae musikaren urrezko aroa izan zen; bai musikalki eta baita eduki eta sentimenduei dagokienean. Musika jaioberriaren indarra geldiezina zen eta besteak beste, Bob Marley bezalako abeslari eta musikari apartei esker, mundu osora zabalduko zen, zeharkatzen zuen mundu hori eraldatzeko gogo biziarekin. Diskogintza alorrean, garai ilunak izan ziren reggaearentzat, baina, zorionez, gaur egun, hainbat reggae zaletu eta diskoetxeen arkeologi lan izugarriari esker, ustez galduta zeuden edota lortzeko oso zailak ziren garai hartako altxor ugari berreskuratzen ari dira. Azpimarratzekoa da Blood & Fire, Pressure Sounds edota, azken aldian, Trojan bezalako diskoetxeak egiten ari diren lana.

Bob Marley.

1980ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarkadaren etorrerarekin eta Bob Marleyren heriotzak suposatutako kolpearekin, gauzak nahasten hasten dira reggae munduan. Sound systemetan animatzaile bezala hasi ziren hizlariek edo toasterrek estilo propioa sortu dute eta dagoeneko U-Roy, Big Youth, Dennis Alcapone eta antzeko aitzindariek belaunaldi berriaren etorrera ezagutzen dute; Dillinger, Scotty, Yellow Man, Charlie Chaplin, e.a. Jarrerak aldatzen hasi dira. Dancehall-ak lehen pausoak emango ditu eta produkzio berriak nagusitzen dira. Sugar Minott, Don Carlos, Barrington Levy, Triston Palmer, Michael Prophet... Hamarkadaren azken urteekin batera eta teknologi berrien aurrerapenekin, reggaeak janzkera berria ezagutuko du; erritmo kaxak, sintetizadoreak, samplerrak... jamaikarrak maisu dira soinuekin jolastu eta esperimentatzeko garaian.

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian (Hegoaldean bereziki) apenas entzuten den arren, gaur egun reggae musikaren adarra den dancehall-ragga estiloak arrakasta komertzial izugarria du, AEBetan bereziki, nahiz eta oraindik Bob Marleyren doinuak nonahi entzun daitezken.

Rastafariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sinistu behar duzu. Kale gorrian zaude, txabola zikin batean, sosik gabe, lanik gabe, eta etorkizuna zure azaleko kolore iluna baino ilunagoa da. Beltza zara, basatia, historiarik gabea, oroimenik gabea eta duintasunik gabe bizi zara kale gorrian. Sinistu beharra duzu, sinistu nahi duzu. Entzun al duzu? Afrikan Ras Tafari Makoken izeneko etiopiar bat koroatua izan da. Haile Selassie da! Erregeen Errege, Jaunen Jaun, Judako Lehoi Konkistatzailea... Jainkoaren semea! Munduan zehar indarrez sakabanatutako afrikar esklabo guztiak askatu eta Afrikara, etxera bueltan eramango ditu. Etxera bueltatuko zara eta aske izango zara. Rastafariren gotzainek bidea erakutsiko dizute, Jah da zure jainkoa, Babilonian bizi zara eta infernu honetatik aterako zaitu.

Erlijio gehienekin gertatu bezala, rastafarismoak ere interpretazio asko ditu, eta urteekin aldatuz joan dira. Aldaketarik gabe mantendu direnak ere egon badaude, eta rasta gehienek errespetatzen dituzte, gutxi gorabehera. Adibidez, rastafariek debekatuta dute alkohola edatea, tabakoa erretzea eta arraina edota haragia –bereziki txerrikia– jatea. Gatza ere debekatuta dute. Gorputzaren eta arimaren garbitasuna adierazteko Ital hitza erabiltzen dute, naturala, garbia ez den guztiak izpiritua zikintzen duelako eta ezin dute onartu. Rasta erlijioaren jarraitzaileen paradisuak Zion du izena. Hiltzen direnean, beraz, Zion izeneko lurraldera doazela uste dute.

Elikadura kontuetan dituzten debekuez gain, rastafariek debekatua dute ilea, bizarra edota gorputz-atalak moztea ere. Hau dela eta ilea neurrigabe hazten zaie, eta beltzek ilea oso kizkurra dutenez, txurroak sortzen zaizkie. Txurro hauei “dreadlock” deitzen diete rastafariek.

Arau eta betebehar hauek zintzo jarraitzea konpromiso erlijiosoaren eta fededun zintzoaren adierazgarri dira. Hala ere, azkenean bakoitzak ahal duen neurrian edota nahi duen heinean betetzen ditu eta ezin da orokortu. Txurroak daramatzaten guztiak ez dira rastafariak. Estetikoki gustatzen zaizkielako eramaten dituzte askok eta gauza bera gertatzen da marihuanarekin. Erretzaile guztiak ez dira rastak eta belar “sakratua” erretzen duen guztiari ez zaio derrigor reggae musika gustatu behar. Eta alderantziz: reggaearen zale guztiek ez dute nahitaez erretzaile amorratuak izan beharrik, nahiz eta askok hala uste duen. Ukaezina da, ordea, reggae musikak, rasta erlijioak eta marihuanak lotura estua dutela.

Ganja[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rastafarientzat marihuana jakinduriaren belarra da eta belar hori erretzea Jainkoarekin harremanetan jartzeko bitartekoa da, errito erlijiosoa. Erretzeaz gain, belarrari erabilpen ugari ematen diote: janariari botatzeko, infusioak egiteko, sendabelar modura...

Reggae abeslaria.


"Belarra erretzen duzunean zure burua nolakoa den erakusten duzu. Belarrak egiten dituzun gauza txar guztiak erakusten dizkizu. Zure kontzientzia da. Zure buruaren argazki zehatza erakusten dizu. Belarrak pentsatzen jartzen zaitu, meditatzen jartzen zaitu. Agian, pertsona lasaia eta orekatua bazara, posible duzu belarrik gabe meditatzea. Mendira bazoaz, txorien kantuak entzungo dituzu. Baina belarra erretzen baduzu, txorien kantuak ederragoak irudituko zaizkizu eta meditatzen lagunduko dizute. Belarra gauza naturala da, zuhaitzak bezala hazten da. Biblian, liburu santuan, idatzita dago gizakiak behar bezainbeste belar erre behar duela Jainkoarekin komunikatzeko." -Bob Marley

Reggae musikariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal taldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atzerriko taldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikar taldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Reggae Aldatu lotura Wikidatan