Rosselló

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Rossello Ipar Kataluniako eskualdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Rossello (argipena)».
Rosselloren kokapena

Rosselló (Roussillon, frantsesez) Ipar Kataluniako eskualdea da, eta Frantzian dago. Hiri nagusia eta hiriburua Perpinyà da. Alt Empordà, Vallespir eta Conflent eskualdeekin eta Okzitaniarekin egiten du muga.

Rosselló eta Ipar Kataluniako beste eskualdeak XVII. mendean banandu ziren Kataluniatik, Segadorsen Gudua eta Pirinioetako Itunaren ondorioz. Hala, Katalunia Frantzia eta Espainiaren artean banaturik geratu zen.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Têt eta Tech ibaien zabaldiak hartzen ditu. Iparraldean, Languedocetik bereizten dute Corbières eta Alberes mendiek; hegoaldean, berriz, ekialdeko Pirinioetara iristen da. Languedoc-Rosselló eskualdea osatzen du, Languedocekin batera. Nekazaritza, merkataritza eta turismoa dira ekonomia-jarduera nagusiak. Harreman estuak ditu Kataluniarekin, hizkuntzaren eta kulturaren bidez, batez ere.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badirudi Paleolito Aroan jendea bizi zela eskualde horretan, baina, hala ere, aurkitu diren aztarna garbienak Neolito kulturakoak dira, K.a. 3000. urte ingurukoak, alegia. Gero, Brontze Aroan (K.a. VIII. mende inguruan), hainbat herri igaro ziren eskualde horretatik hegoalderantz. Burdin Aroan, zelta herriak hartu zituen haien aziendekin, zeinek burdinazko tresnak ekarri baitzituzten. Aldi berean, K.a. VI. mendean, lehen herriak (oppidum) eraiki ziren itsasertzean. K.a. VI. mendetik aurrera, greziarrekin harremanak izan zituzten herri haiek. K.a. III. mendean, galiarren mende egon zen lurraldea, eta, K.a. 121ean, erromatarrek konkistatu zuten. Erromatarrek hainbat kolonia edo hiri eraiki zituzten. Bisigodoen garaian (V-VII. mendeetan), aristokraziaren eta aitoren semeen artean banatu zituzten lursailak, eta kristautasuna zabaltzen hasi zen. 720an, musulmanek konkistatu zuten lurraldea, eta, 752an, frankoen mende geratu zen.

Karolingiarren garaian, kondeek gobernatu zuten lurraldea, eta Hispaniako Markaren barruan egon zen. Karolingiar inperioa galdu zenean (IX. mendearen bukaeran), konderri burujabe bilakatu zen. 1172an, Gerardo II.a kondea hil zenean, Bartzelonako konde eta Aragoiko errege-erreginek Alfontso II.a Garbiaren esku utzi zuten Rossellóko Konderria. Aragoiko errege-erreginek hiriak indartu eta merkataritza bultzatu zuten; hala, indar handia hartu zuen Perpinyàko hiriak, eta Rossellóko hiriburu egin zuten. Frantzia ere Rosselló eskuratu nahian zebilen, baina Luis IX.ak Corbeilgo Ituna izenpetzean, uko egin zion asmo hari. Jakue I.a hil zenean, Mallorcako Erreinua sortu zen, eta haren barruan geratu zen Rossellóko Konderria. Perpinyàko hiria izan zen erreinu berriko gortearen egoitza eta merkataritzagunerik nagusia. 1344an, ordea, Petri IV.a Zeremoniatsuak Mallorcako Erresuma konkistatu zuen, eta Rossellóko Konderria Kataluniako lurralde bilakatu zen atzera. XII. eta XIII. mendeetan, ekonomiak gorakada handia izan zuen, ehungintzari eta merkataritzari esker. XIII. mendean, ordea, krisialdiak eta izurriteak lur jota utzi zuten Rosselló. 1463an, Kataluniako Gerra Zibila bere probetxurako erabiliz, Frantzia jabetu zen konderriaz. Hala ere, 1493an, Aragoiko Erresumaren mende geratu zen berriro Rosselló, Kataluniako Itunaren bitartez. Harrezkero, ordea, ez zuen berriz lortu garai batean izandako autonomia, ez politikan ez ekonomian. XVI. eta XVII. mendeetan, izurriteen ondorioz, biztanleriak behera egin zuen, eta frantziar asko sartu zen Rossellóra. 1640an, armada frantsesak Kataluniara sartu ziren, Gaztelaren kontrako borrokan kataluniarrei laguntzera. Gerra amaitu zenean, ordea, Rosselló beretu zuten, eta Frantziaren nagusitasuna bermaturik geratu zen Pirinioetako Itunaren bidez (1659). Frantziak Rossellóren burujabetasuna galarazi eta politika zentralista ezarri zuen. 1789ko Iraultzaren ondoren, Rossellóko lurraldea Pyrénées-Orientales departamenduan sartu zuten. Dena dela, katalanen eraginak bizirik iraun du Rossellón. Bigarren Mundu Gerran, Nostra Terra taldea eratu zen, Kataluniako kultura pizteko. 1960tik aurrera, kultura-talde berriak (Germanor eta Grup rossellonés d'estudis catalans, adibidez) eta alderdi politiko kataluniazaleak sortu dira.

Udalerriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

A - C E - R S - V

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Ipar Kataluniako eskualdeak
Alta Cerdanya | Capcir | Conflent | Rosselló | Vallespir