Steilas

Wikipedia, Entziklopedia askea
STEE-EILAS» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
Steilas sindikatuko kideen protesta, Donostian, 2012an, sindikatuak oraindik STEE-EILAS izen konposatua zuen garaian.

Steilas edo Euskadiko Irakaskuntzako Langileen Sindikatua (Hego Euskal Herriko hezkuntza maila desberdinetako ikastetxeetako langileak biltzen dituen sindikatua da, irakasleak, hezkuntza laguntza eta zerbitzuetako langileak, Haur Eskoletatik Unibertsitateraino.

Historia eta izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindikatu honen sorrera 1970eko hamarkadan eman zen. Urte haietan irakaskuntzako langileen mugimendua indartsua zen eta beste sektore batzuetan bezala asanblada eta lantokietako ordezkarien bidez zegoen antolatuta. Mugimendu haietatik sortu zen STEE-EILAS sindikatua, gaztelaniazko eta euskarazko izen bikoitzarekin, Sindicato de Trabajadores de la Enseñanza de Euskadi (STEE) edo Euskadiko Irakaskuntzako LAngileen Sindikatua (EILAS). Praktikan, euskaraz zein gaztelaniaz sigla batuketarekin erabili izan zen beti sindikatuaren izena: STEE-EILAS.

21. mendean, STEE-EILAS sigla bikoitza ordezkatu zuten Steilas izen bakarrarekin.

Hedapena eta naziotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindikatua hedaturik dago Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa) eta herri bezala bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du, era demokratikoan eta kanpo esku-hartzerik gabe, Euskal Herrian dauden egitate ezberdinak kontuan hartu behar direla uste du[1]. Steilasen aburuz, inor eta ezer ezin liteke herri borondaterakoen galga izan. Hamaika kolorez osatutako gizarte bat aberasgarria izan liteke elkarren arteko oinarrizko balore batzuk eta gutxiengoak zein gehiengoak onartutako joko arauak sortzeko gai bagina. Pertsona guztiak, ideia guztiak eta proiektu guztiak, zilegioak ez ezik, baliagarriak eta beharrezkoak ere baitira sindikatu honen ustez.

Aniztasuna, ideologikoa zein sentimendu nazionalari dagokiona, izan da bere nortasun ikurretako bat. Dogmetatik ihes eginez, elkarrekin diren baloreetan oinarritzen da sindikatuaren jarrerak finkatzeko, elkarrizketa eta ikuspegi irekiz, posible baita desberdintasunak gainditzea.

Steilasek uste du Euskal Herriak pairatzen duen gatazkak izaera politikoa duten oinarri historikoak dituela eta bereizkeria nahiz aldez aurreko baldintzarik gabeko elkarrizketa dela konponbidea. Halaber, bere ustez, guztientzako giza eskubideen defentsak, indarkeriarekiko arbuioak eta euskal gizartearen borondate demokratikoarenganako begiruneak osatzen dute bakea eta normalizazio politikoa lortzeko gakoa.

Aldarrikapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakaskuntzako sindikatua izanda eta bertan lan egiten dugun langileen eskubideak eta lan baldintza egokiak defendatzen ditu[1]. Prekarietatearen kontra borrokatzen du, enplegu egonkortasunaren alde, lan banaketarako neurriak edota lan osasuna eta berdintasunaren aldekoak lehentasunezko gaiak dira bere jardueran.

Baina gizarteko baztertuen ondoan kokatu nahi du bere burua: oinarrizko soldata, aberastasunaren banaketa, etxebizitza duina, zaintzarako sistema, garapen jasangarria defendatuz. Gizarte mugimenduekin batera (feminismoa, internazionalismoa, ekologismoa...) injustiziaren aurrean egiten diren salaketak nahiz mobilizazioetan hartzen du parte eta, aldi berean, EILASTASUNA fondoaren bidez berdintasuna eta elkartasunaren aldeko proiektuekin bat egiten du. Globalizazioaren aurkako mugimenduak aldarrikatzen duen eraldakuntza sozialaren beharra ikusten du, uste baitu "Beste mundua" posiblea dela.

Eskola publikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal eskola publiko eta nazionalaren aldeko aldarrikapen bat, 2014koa.

Euskal Eskola Publikoaren aldarrikapenari lotuta ibili da, eta sare publikoa Euskal Herriko errealitatean oinarritutako hezkuntza sistemaren bizkarrezurra izan behar duela uste du[1]. Sistema publiko indartsua eskatzen du, kualitatiboki nahiz kuantitatiboki. Kontrako haizeak nagusi badira ere, eredu klasista eta pribatizatzaileen aldeko apustua egina dituztenak edo espainiar uniformetasuna bilatzen dutenak, publikotasuna eta euskaltasuna batzeko ahaleginean dihardu, txanpon bereko bi aldeak direlakoan.

Eskola inklusiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindikatuak eskola inklusiboa, guztion eskola defendatzen du, desberdintasun sozial eta muga pertsonalei (fisikoei, psikikoei...) aurre egiteko gai dena, berauek konpentsatzen saiatuz. Aniztasun honek gero eta zentzu handiagoa du, milaka baitira urtero Euskal Herrira etortzen diren etorkinak. Steilasen aburuz, fenomeno hori aberasgarria da bi aldeetarako. Horrexegatik, eskolak hainbat gauza bermatu behar du: aukera berdintasuna sustatzea jatorri ezberdintasunak alde batera utzita, arrazoi pertsonal edo sozialen ondorioz sortutako aldeak berdintzea segregazioa ekiditeko, elkartasuna sustatzea eta ez indibidualismoa, lankidetza eta talde-lana lehiakortasunaren aurrean, hezkidetza eta ez sexismoa eta, azken finean, pertsona kritikoen garapen integrala eta ez prestakuntza profesional hutsa.

Familia kontziliazioa ere gai inportantetzat jotzen du sindikatuak[2].

Kalitatea hezkutzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkuntzak kalitatezkoa ere behar du izan, gizarte modernoaren erronka berriei erantzuteko modukoa. Baliabideen falta salatzen du, ezinbestekoa delako hezkuntza gastua handitzea, Administrazioaren inplikazio zuzenarekin. Horrela hezkuntza sistema integrala, laikoa, euskalduna, dohainik 0 urtetik hasita, kohezitzailea, solidarioa eta parte hartzearen aldekoa, euskal gizartearen pluralismoa berea egiten duena lortuko da.

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen defentsa eta normalizazioaren aldeko mugimenduan inplikazioa handia izan eta izaten du Steilasek, aldi berean, langileak euskaraz birziklatzea bultzatu duelarik. Eskolak ikasleriaren euskalduntzea bermatu behar duela uste du, aukera berdintasuna eta kohesio sozialaren mesederako. Hizkuntza normalkuntza eta uztartze sozialerantz joan behar duen prozesu honetan malgutasunez ezarritako murgiltze planen bidez, ereduen sistema gainditzera iritsi behar delakoan dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c   «Nortasuna | Steilas» steilas.eus . Noiz kontsultatua: 2018-05-26 .
  2.   «Gurasoak ikastetxeari soluzio eske» Argia . Noiz kontsultatua: 2018-05-26 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]