Sabaikaritze

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hizkuntzalaritza historikoan, sabaikaritzea soinu aldaketa bat da. Sabaikaritzean, kontsonante bati artikulazio sabaikaria gehitzen zaio, kasu askotan aitzineko bokal baten eraginaren ondorioz. Sabaikaritzeak kontsonanteen artikulazio gune edo moduan aldaketak dakartza, edo bokalen ahoskunean. Zenbait kasutan, sabaikaritzeak asimilazioa edo ahultzea inplikatzen ditu.  

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan sabaikaritzea asimilazioaren adibide bat da. Zenbait kasutan, kontsonante sabaikariek (edo sabaikarituek), edo aitzineko bokalek sortzen dute sabaikaritzea.

Kontsonanteetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sabaikaritzeak kontsonanteen artikulazio gunea edo artikulazio modua aldatzen ditu. Sabaikaritzeak bigarren mailako artikulazio sabaikaria gehitzen ahal dio eragindako kontsonanteari, edo artikulazio nagusia aldatzen ahal du; belarretik sabaikarira edo hobikarira, edo hobikaritik hobiostekoara, esaterako.

Sabaikaritzeak kontsonante baten artikulazio modua ere alda dezake, herskaritik afrikarira edo igurzkarira, esaterako. Artikulazio moduaren aldaketa lenizio edo ahultze mota bat da. Alabaina, ahultzea badelarik usu artikulazio gunearen aldaketak ere badira. Adibide bezala, /k/ leherkari belar ahoskabearen sabaikaritzeak hurrengo aldaketak eragin ditzake:

  • [k] > [kʲ], [c], [tʃ], [ts], [ʃ], [s].

Kontsonante belarren sabaikaritzeak aitzinera ekartzen du kontsonante horien ahoskunea, eta kontsonante koroarien ahoskunea aho-sabairantz eramaten da. Prozesuan, kontsonante leherkariak espirantizatu ohi dira, salbu sabaikaritutako ezpainkariak.

Sabaikaritzea, soinu aldaketa gisa, jeneralean aitzineko bokal arteko eta itxiak, eta [j] erdibokalak eragiten dute. Sabaikaritzeak eragindako hotsa aldatzen ahal da hizkuntza batetik bestera. Esate baterako, [t]-ren sabaikaritzeak eragiten ahal ditu [tʲ], [tʃ], [tɕ], [tsʲ], [ts], eta abar.

Bokaletan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan sabaikarizatzeak bokalen aldaketari, atzeko bokalaren aitzinatzeari edo aitzineko arteko bokalaren igoerari erreferentzia egiten dio. Gehienetan kontsonante sabaikari(tu) batek, hurbilkari sabaikariek edo aitzineko bokalek eragiten dituzte aldaketa hauek.

Baldintzarik gabekoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sabaikaritzea batzuetan baldintzarik gabekoa edo berezkoa da, kontsonante sabaikari edo sabaikaritu batek edo aitzineko bokal batek eragindakoa ez dena, alegia. Esate baterako, mendebaldeko hizkuntza erromanikoetan, latinezko [kt] herstari taldea sabaikaritu zen behin edo gehiagotan. Lehen sabaikaritzea testuingururik gabekoa izan zen, /k/ren palatalizazioak [i̯t] sortu zuen, herskariaren bokalizazioa medio, edo [çt], honen espirantizazioaren ondorioz. Bigarren sabaikaritzean, /t/k afrikatzea jasan zuen, [tʃ] bihurtuz. Izan ere, latinez noctem > frantsesez nuit [nɥi] bihurtu zen, katalanez nit, eta abar.

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen baitan, bi sabaikaritze mota bereizten ditugu orokorrean: sabaikaritze baldintzatua, eta sabaikaritze afektiboa.

Sabaikaritze baldintzatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sabaikaritze baldintzatuan, kontsonante zenbait sabaikaritzen dira aitzinetik bokal sabaikari bat baldin badute (/i/, [j] euskararen kasuan). Bilakabide honek hurrengo txandakatzeak ekarri ditu:

  • /l/ ~ /ʎ/
  • /n/ ~ /ɲ/
  • /t/ ~ /c/
  • /s̻, s̺/ ~ /ʃ/

Adibidez: langile > langille, mutila > mutilla; ditut > dittut; mina > miña…

Txandakatze honen deskribapena, beraz: /l/, /n/, /t/ → [ʎ], [ɲ], [c] /i,j_(V).

Sabaikaritze afektiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sabaikaritze afektiboan, txandakatze berak dira, erran nahi baita:

  • /l/ ~ /ʎ/
  • /n/ ~ /ɲ/
  • /t/ ~ /c/
  • /s̻, s̺/ ~ /ʃ/

Baina, kasu honetan, txandakatze bera testuinguru fonologikorik gabe gerta daiteke euskaraz “txikigarri” bezala.

Adibidez: xuxen, xagu, xahar, xexen, xoxo, xoro...

Izan ere, forma afektiboa lexikalizatzen dugu eta arrunt bihurtzen: xerri, xakur (zerri, zakur: handi edo irain gisa erabiliz).

Eta, euskalki zenbaitetan, /t, d/ eta /l, ɾ/ ere, adibidez:

tanta ~ ttantta, kutun ~ kuttun, eder ~ edder, lagun ~ llagun, labur ~ llabur, polita ~ pollita, bero ~ bello, hori ~ holli


Oro har, sabaikaritze baldintzatua oso hedaturik duten euskalkiek sabaikaritze afektiboak ez du indar handirik. Esate baterako, gixona bezalakoak baldintzatuak badira, ez dira txikigarri bezala erabiltzen. Alabaina, alderantziz, sabaikaritze baldintzaturik ez dutenek sabaikaritze afektiboa biziki garatua dute.

Bestalde, sabaikaritzea haurrei egiten zaien hizkerarendako erabilia da: zoazi, errakozu, zatoz… > xaxi, errakoxu, xato…