Salticidae
Salticidae | |
---|---|
![]() | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Arachnida |
Ordena | Araneae |
Familia | Salticidae Blackwall, 1841
|
Banaketa mapa | |
![]() | |
Salticidae edo saltizidoak araknidoen klaseko armiarma araneomorfoen familia bat da, deskribatutako 600 genero baino gehiago eta 6.000 espezie baino gehiago dauzkana.[1] Armiarmen taldeko familia handiena da, bertako espezieen % 13 biltzen baitu.[2] Espezie askok duten jauzi egiteko gaitasunagatik dira bereziak eta horra hor bere izen zientifikoaren jatorria eta halaber armiarma familia hori izendatzeko erabiltzen den izen arrunta: armiarma jauzkariak edo armiarma jauzilariak. Horrez gain, gainerako artropodoen aldean duten ikusmen zolia nabarmentzekoa da, begien antolaketan ageri dena. Hain zuzen, aitzineko begi pare oso garatuagatik ezagut daitezke familia horretako espezieak, ez soilik armiarmen artean, baizik eta artropodo guztietan ikusmen garatuenetakoa duen familia izaki. Izaki horien begiak distantzia ongi neurtzeko gauza izateaz gain, koloreak ikusteko ere gai dira.[3][4][5] Saltizido guztiek lau begi pare dauzkate: gainera, erdiko aurreko parea bereziki handia eta garatua.
Ezaugarri fisikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gorpuzkera trinkoko armiarma txikiak dira, gehienak milimetro batzuetakoak, baina munduko saltizidorik handiena, Hyllus giganteus espeziea, 2,5 cm-ra hel daiteke.[6] Familia horretako armiarmak abiadura azkarrean mugitzeko eta jauzi aski luzeak emateko gai dira, gehienetan motel samar mugitzen badira ere. Gehienek ez dute amaraunik egiten eta harrapakinak modu aktiboan segitu eta harrapatzen dituzte, ondo neurtutako jauzi batekin. Amaraunik eraikitzen ez badute ere, armiarma-zetazko hari bat daukate beti prest mugitzen direnean eta salto egiten dutenean; beraz, eskalatzaileen moduan urratsak finkatzen joaten dira erori bat izatean (edo jauzi bat txarto neurtzean), hari horrekin segurtasuna bermatzeko. Zetazko hari hori seguru eskalatzeko, ibiltzeko eta jauzi egiteko erabiltzeaz gain, ale txikienetan "hegan" egiteko ere erabiltzen dute, haizea armiarma horien ale txikienak eramateko gai baita. Horrek, besteak beste, armiarmok mundu osoan barrena egotea ekarri du.

Gorputza ile ezkatadunez betea dute, ile hori irideszentea da inoiz, eta zenbait espeziek kolore disdiratsu eta oso biziak dute. Arren palpoak, emeenak ez bezala, handiak eta deigarriak izan daitezke eta gorteatzeko erabiltzen dituzte. Armiarma horiek aurreko zangoak atzekoak baino zertxobait luzeagoak dituzte eta harrapakina atxikitzeko erabiltzen dituzte. Harrapakina jauzi baten bitartez atzematen dute.
Beren zortzi begietatik, lau aurrealdean dituzte eta horietatik aurreko biak bereziki handiak dira. Araknido guztietan bezala, saltizidoetan ere begi horiek sinpleak dira (ez konposatuak), baina oso garatuak. Fokuratzeko gaitasuna dute eta, orobat, fokuaren orientazioa mugitzeko, harrapakinaren mugimenduak, kokapena eta distantzia ongi neurtzeko gauza dira. Aurreko begiek ikusmen estereoskopikoa ematen diete eta alboetako begiekin lagunduta, 360°-ko ikuseremua osatzen dute; beraz, bere inguruari so egiteko eta aldamenak kontrolatzeko, ez dira mugitu egin behar ere. Bere ikusmena onena eta eraginkorrena da araknido guztien artean baina, era berean, onenetarikoa artropodoen filo erraldoia osatzen duten guztien artean.
Hedapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saltizidoak familia kosmopolita bat dira, mundu osoan barreiatuta daude, kontinente guztietan, Iparburuaren inguruko uharte txikietan eta Antartikan izan ezik, beste gainontzeko lekuetan gutxienenz ordezkariren bat badu familia horrek; Islandia, Groenlandiako hegoaldeko kostaldea eta Hawaii zein Zeelanda Berria isolatu eta baztertuak ez dira salbuespenak.
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gehienak baso tropikaletan badira ere, baso epeletan, sastrakadietan, basamortuetan, marearteko zonetan, hiriguneetan eta mendi garaienetan ere bizi dira. Familia horretako armiarma batek armiarma guztien artean lekurik altuenean bizitzeko errekorra ere badu, Euophrys omnisuperstes espeziea da, hain zuzen ere, garaiera handienean bizi den armiarma, Everest mendiaren magaletan.[7]
Ikusmena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Saltizidoek, armiarma gehienek gisan, zorzti begi dituzte eta guztiez baliatzen dira bere inguruan gertatzen denaz jabetzeko. Armiarmek ezin dute burua mugitu edo biratu, zefalotoraxa dutelako; beren inguruari so egiteko, beraz, zortzi begiek ematen dieten 360°-ko ikuseremuaz baliatzen dira bai ehizarako, bai harrapari edo arriskuak saiesteko.[8]

Bi begi mota dituzte, ozeloak edo begi sinpleak, eta begi sekundarioak. Ozeloak aitzinean duten begi pare handiena eta nagusia dira; gainontzeko 6 begiak, sekundarioak. Gainerako artropodo gehienetan ozeloak ezin dute gai irudirik osatu eta argiaren norabidea detektatzeko baino ez dira gai, baina saltizidoetan gauza erabat ezberdina da: armiarma jauzkarion ozeloak oso garatuta daude eta irudiak sortzeko zein jomugan dutena segitu eta ondo fokuratzeko edo enfokatzeko gai dira. Begi horiek gihar berezi batzuk dituzte eta horri esker mugi ditzakete. Ozelo aski garatu horien bidez, armiarma jauzkariak gai dira bost eta hamar zentimetro bitarteko distantzia batean harrapakinak (matxinsaltoak, euliak, inurriak etab.), harrapari edo arriskuak eta balizko bikotekideak bereizteko.[9] Aurreko begi parea koloreen bistaratzeaz eta zorroztasunez fokuratzeaz ardurtzen da (espazioa modu zorrotzean ikusteko ahalmena), eta bestelako begi sekundarioak mugimenduaren bistaratze eta detekzioaz arduratzen dira.[10] Saltizidoak izan ezik, gainerako armiarma gehienek ikusmen oso urria dute eta espezie batzuek begirik ere ez dute.[8] Saltizidoek burruntziek baino ikusmen-zolitasun handiagoa dute: horrek adibide garbia eman diezaguke haien ikusmen bikainaz jabetzeko, burruntziak baitira intsektu guztietan ikusmen onena dutenak.[11]
Esperimentu fisiologikoek frogatu dute argia prozesatzeko lau zelula errezeptore mota ere izan ditzaketela, argiaren xurgapen-espektroekin, eta horrek kolore tetrakromatikoko ikusmena izateko aukera ematen die, maila ultramoreraino (UV) hedatzen den sentikortasunarekin.[12] Saltizido guztiak, kolore-errezeptore mota bi, hiru edo lau izan, itxuraz oso sentikorrak dira argi ultramorearekiko.[12]
Begi sekundarioak aurreko pare nagusia (ozeloak) baino txikiagoak dituzte; batzuk hain txikiak dira, non bestigioak diruditen.[9] Aitzineko ozelo nagusien kontrara, begi sekundarioek ez dute mugikortasuna ematen dieten giharrik; beraz, ezin dira mugitu, eta haien funtzio nagusia aurreko bi begi nagusiekin batera ikuseremua zabaltzea da, 360°-ra heltzen dena, orotara.[13] Horretarako inguruaren mugimendua eta harrapakin, harrapari zein arriskuen norabideak eta distantzia detektatzeko ere balio dute.
Espezie horiek batez ere egunez ehizatu eta mugitzen dira, baina espezie batzuk argitasun gutxiko guneetan (arroken azpian, oihanpe ilunetan) mugitzen eta bizi dira. Familia horretako armiarmek begi-zorroztasun handia erakusten dute argitasun handiko zein argitasun gutxiko baldintzetan. Espezie bakoitza bere bizimodura eta argitasun egoerara ohituta dago.[10]
Portaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jauziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Armiarma jauzkariak egunez ibiltzen dira gehienbat; hori koloreak ikusteko gai diren animalia guztien ezaugarri bat da. Familia horretako espezie gehienak jauzi luzeak egiteko gai dira, beren tamainaren luzera baino zenbait bider gehiago bete dezakete jauzi batean. Jauziaren luzea ezberdina da espeziearen arabera: espezie batzuek bi edo hiru bider gaindi dezakete beren gorputzaren luzera salto batean, baina Colonus puerperus espezieak, aldiz, bere gorputzaren luzera halako 38 jauzi egin dezake.[14] Eta jauzi batean bere gorputzaren luzera 50 aldiz gaindi dezakeen espezierik ere badago, agian.[15] Jauzi emateko gaitasun hori barneko sistema hidrauliko baten bidez lortzen dute; hor, beren barneko likidoaren (hemolinfaren) presioaren aldaketari esker zangoak azkar batean luzatzeko gauza dira.[16] Jauzi egitean nagusiki beren hirugarren edo laugarren zango parea erbiltzen dute, edo bi pareak, espeziearen arabera.[17]

Jakina da beste artropodo batzuk salto egiteko gauza direla: batzuek salto-luzera errekorrak hausten dituzte, hala nola, matxinsaltoak, kolenboloak, arkakusoak eta abar. Baina saltizido armiarmak, artropodo horiekin parekatuta, ezberdintzen dira, jauzi neurtuak eta zehatzak egiten dituztelako, orientatzeko, arriskuetatik ihes egiteko eta ehizarako. Jauzien zehaztasuna beren ikusmen garatuagatik eta informazio bisuala azkar prozesatzeko gaitasunagatik gertatzen da.[18][19]
Handik hona ibiltzen direnean eta salto egiten dutenean, zetazko hari bat itsasten dute pausatutako lekuan[6][20][21]; horrek desplazamenduetan segurtasuna ematen die. Beraz, erortzekotan edo jauzia gaizki neurtuz gero, zintzilik geratzen dira eta bere jatorrizko lekura itzultzeko (berriz igotzeko) aukera dute.[22][20] Zetazko hariak lurrera erortzea saihesteaz gain, laguntza mekanikoa ere eskaintzen die jauzi egiten dutenean: balaztatzea eta egonkortzea, besteak beste.[18][23]
Ehiza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Saltizidoen ehizatzeko portaera edo estrategiak nahiko askotarikoak dira, bestelako armiarmen familiekin alderatuta.[24] Saltizidoek egunez ehizatzen dute batik bat, koloreak ikusteko ikusmen garatua izateak frogatzen duenez. Balizko harrapakin bat detektatzean, armiarmok beren aurreko erdiko begi pare handia jomugan hartu duten harrapakinarekiko orientatzen dute; horretarako, zefalotoraxa biratzen dute begi handiak ongi orientatu arte. Harrapakina bistaratuta dutenean, abdomena zefalotoraxarekin lerrokatzen dute, posizio normala hartzeko. Gorputza ongi lerrokatuta eta arreta eman dien objektiboa detektatua dutenean, denbora bat hartzen dute harrapakin horrek merezi duen ala ez aztertzeko. Merezi duela ondorioztatzen badute. emeki-emeki eta zelatari hurbiltzen zaizkio eta zetazko haritxo bat pausalekuan itsatsi ondoren, jauzi egiten dute harrapakinaren gainean.

Familia horretako armiarmek ehizarako estrategia anitz zein bitxiak erakusten dituzte. Harrapakinari ez zaizkio beti modu edo bide zuzenean hurbiltzen, zeharkako bideak edo bide bihurri edota bihurgunetsuak har ditzakete hartarako, prozesu horretan harrapakina begi bistatik galdu ere gabe. Animalia hain txikiek horrelako portaera eta estrategia hain konplexuak eta garatuak dituztela pentsatzea zaila egiten bada ere, egiaz saltizido askok, bereziki Portia generokoek, bide oso bihurgunetsu eta luzeak har ditzakete harrapakinari hurbiltzeko. Gai dira adar zehatz bateko hosto jakin batean detektatutako harrapakin bati modu arrakastatsuan hurbiltzeko, prozesu horretan zuhaitzetik lurrera jaitsi, bihurguneak eta oztopoak gainditu eta enborretik adar eta hosto zehatz horretara joan behar badute ere.[25] Portaera bitxi hori oraindik aztergai dauka komunitate zientifikoak.[24]

Saltizido espezie batzuk mugimendu aktiboan ibiltzen dira leku batetik bestera harrapakin bila; beste espezie batzuk, ordea, leku batean pausaturik geratzen dira inguruak zelatatzen. Phaeacius generoak azken estrategia hori muturreraino eramaten du, zuhaitz baten enborrean pausaturik geratzen dira buruz bera, inguruak ia zelatatu edo behatu barik eta beren aurretik edo hurbiletik pasatzen den eta neurri egokia duen ia edozerengana jauzi egiten dute.[24]
Armiarma jauzkari espezie batzuk harrapakin zehatz batzuekin espezializatu dira, inurriak ehizatzen, esate baterako. Armiarma gehienek, saltizidoek barne, inurri langileak urruti izatea nahiago dute, arriskutsuak direlako eta armiarmak ehizatzen dituztelako. Inurri langile talde bat gai da edozein armiarma akatzeko, hozkada indartsuez gain azido formiko mingarri eta zitalaz hornituta dauden izaki arriskutsuak dira, artropodo gehienentzat amesgaiztoa ere izan daitezkeena. Baina badira inurriak ehizatzen zaildutako saltizido espezie batzuk, bestelako harrapakinak noizean behin harrapatzen badituzte ere, inurriak elikagai nagusi dituztenak. Inurri arriskutsuak ehizatzeko teknika espezializatuak behar dira eta Anasaitis canosa espezieak, adibidez, inurriei garondotik heltzen die, haien baraila indartsu eta arriskutsuak saiestuz. Inurriak ugariak direnez, horiek ehizatzeak ez du konpetentzia handirik sortzen eta agortzen ez den elikadura iturria izanik ere, abantaila da beste harrapakin urriagoen aldean. Dena den, beste harrapakin errazago bat harrapatzeko aukera badute, horri heltzea errentagarria da oraindik ere.[24]

Ehiza-portaera harrigarrienetako bat armiarmak ehizatzen dituzten beste armiarmena da, harrapakinak zein harrapariak beste saltizidoak edota bestelako armiarmak izanik. Saltizidoen ehiza hori armiarmak ez diren gainontzeko harrapakinetan erabilitako teknika arruntekin gerta daiteke; alegia, amaraunetik kanpo dagoen armiarma bat bestelako harrapakin mota baten moduan ehizatu, baina halaber amaraunak egiten dituzten armiarmak ehiza ditzakete, beren amaraunak inbaditu eta eraso ostean. Phidippus audax espezie ez espezializatuak, esate baterako, amarauna egiten duten espezieen amaraunera bertara sartzen dira, han harrapatutako artropodoak lapurtzeko (kleptoparasitismoa) edo amaraun horren jabea ehizatzeko: hori amaraunean ibiliz egiten dute (ez dira itsatsita geratzen) edo amaraunetik kanpo, jauzi baten bidez.[15]
Zenbait saltzidok Phidippus audax ez espezializatua baino amaraun inbaditze teknika garatuagoak dituzte. Brettus, Cyrba, Gelotia eta Portia[15] generoko saltizidoek amaraunean urrats batzuk eman eta pedipalpo edo hanka iletsuekin amaraunean bibrazio batzuk eragiten dituzte, jabea erakarri eta ehizatzeko.[24][15] Horrela, saltizido horien ehiza-portaera Mimetidae armiarma familia oso espezializatuaren antzekoa da, segur aski armiarmak ehizatzen espezializatuenak direnak.

Saltizidoak ehiztari aktiboak dira eta gehien-gehienek armiarma-zeta segurtasun hari gisa edota ugalketarako baino ez dute erabiltzen. Ezagunak dira zelatari aktiboak izateagatik eta amaraunik ez egiteagatik, baina arau guztiek beren salbuespena dute: espezie gutxi batzuk ehizarako amarauna egiten dute baina, hala eta guztiz ere, ez dira Araneidae familiako espezie askoren amaraun biribil eta sare konplexuak bezain garatu eta ikusgarriak. Portia generoko espezie batzuek, esaterako, imitu itxura ezohikoko amaraunak egiten dituzte, antza beste armiarma batzuk harrapatzeko. Spartaeus generoko espezieek, ordea, sitsak harrapatzen dituzte beren amaraunetan. Richman eta Jacksonek, saltizidoen etimologiaren berrikuspenean, hori espeziearen arbaso amaraun-egileen eboluzioaren erlikia ote den uste dute.[24]
Baina amarauna egiten duten saltizido espezie bakan horiek alde batera utzita, saltizido guztiek erabiltzen dute armiarma-zeta ehizatzeko. Jauzi egitean darabilten zetazko hariari esker harrapakin pentsaezinak ehizatzeko gai dira: gauza dira azalera bertikaletan edo hankaz gorakoetan jauzi baten bitartez harrapakinak harrapatzeko. Hori zetazko segurtasun haririk gabe ezinezkoa izanen litzateke, baina zetazko hariarekin jauzian harrapakina ehiza dezakete, lurrera erori gabe, zintzilik geratzen baitira harrapakina eta saria atzemanda.
Harrapakinarekin kontaktua egin eta berehala saltizidoek ekintza azkarreko pozoidun hozkada bat ematen diote eta ez diote erreakziorako aukerarik ematen.[26] Hori Mimetidae eta Thomisidae familietako espezieekin partekatzen dute, hots, ez dute beste armiarma espezie batzuek bezala armiarma-zetarik erabiltzen harrapakina gelditzeko, eta hori azkar gelditzen duen pozoiarekin konpentsatzen dute.
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Haragijaleak badira ere (armiarma guztiak bezala), espezi batzuek elikadura nektarrarekin ere osatzen dute[27] eta bat, Bagheera kiplingi, landare-materiaz elikatzen da nagusiki.[28] Ez dago konstantziarik hazi edo fruituez elikatzen den espezierik dagoenik. Chamaecrista fasciculata landare lekadunak nektarra eskaintzen die Salticidae familiako armiarmei jaki gozo horretaz elika daitezen eta, ordainetan, armiarma jauzkariek landare horri intsektu belarjaleak ezabatzen dizkio. Estrategia horrekin biek irabazten dute, landareak zaindariak ditu bere segurtasunerako eta armiarmak nektarra eta balizko intsektuak ditu ordainetan.
Hego-ekialdeko Asiako Toxeus magnus espeziearen emeak esnearen antzeko likido elikagarri batekin elikatzen ditu kumeak lehenengo 40 egunean. Kume emeei sexu heldutasuna lortu ondoren ere substantzia hazkurritsu edo nutritibo horretaz neurri txikiago batean elikatzen segitzen onartzen zaie.[29]
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gorteatze eta estalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Saltizidoek gorteatzeko erakustaldi bisual konplexuak egiten dituzte, horretarako mugimenduak eta ezaugarri edo atributu fisikoak erabiltzen dituzte. Arrek, emeek ez bezala, ile lumatsu eta koloretsu edo irideszentea dute, bereziki nabaria Maratus generoan, eta horretaz gain, apaingarriak dituzte aitzineko zangoetan eta bestelako egiturak gainontzeko hanketan edo ataletan, gorteatzeko eginda daudenak. Modifikazio horiek oso arraroak eta bitxiak dira zenbait espezietan.
Ezaugarri horiek guztiak gorteatze dantza batean erabiltzen dira: hor, arraren atal koloretsu edo irideszente guztiak erakusten dira. Koloreen eraskutaldiaz gain, armiarma arrek mugimendu, bibrazio edota sigi-saga mugimendu konplexuak erakusten dizkiote bikotegai emeari. Berriki deskubritu da arrek gorteatze bisualaz gain, burrunba edo danbor-hotsen antzeko entzutezko seinaleak ere erabiltzen dituztela.[30] Bibrazio eta ezaugarri bisualak asko alda daitezke espezie batetik bestera.[31]
Argi ultramorea (UV) ikusteko gaitasuna gutxienez espezie batek erabiltzen du gorteatzean, Cosmophasis umbratica espezieak,[32][33] baina zentzuzkoa da beste espezie askok gaitasun hori gorteatzeko ere erabiltzen dutela pentsatzea. Cosmophasis umbratica espezieko arrek soilik argi ultramorean ikus daitezkeen gorteatzeko marka deigarri batzuk dituzte, emeek ikusi eta bikotearen hautespenerako erabiliak.[34]
Emeak arra begi onez hartu eta onartzen badu, etzan eta jarrera pasiboa hartuko du. Espezie batzuetan emeak hori egiteaz gain, palpoak edo abdomena mugiaraz ditzake prestutasuna agertzeko. Orduan arra hurbilduko zaio eta aitzineko hankekin emea ukituko du. Emea oraindik harkor bada eta arra onartzen badu, orduan azken urratsa dator: arra emearen bizkarrean igo eta palpoekin ernalduko du.[35][36]
Sexu dimorfismoaren ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Apaingarri edo ornamentazio koloretsu hori mantentzeak onurak dakar sexu hautespenerako, baina halaber ordaineko kostuak.[34] Ale koloretsuek edo argi ultramorea islatzen dutenek eme kopuru handiagoa erakarri badezakete ere, horrekin batera arrisku gehiago (harrapariak, konpetentzia) ere erakar dezakete.[37]
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Armiarmen sailkapena (Araneae)[38] | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
|
Salticidae familiako monofilia ondo ezarrita dago azterketa filogenetiko eta morfologikoei esker. Saltizidoen ahaiderik hurbilena Philodromidae familia da.[39][40] 2015ean egindako berrikuspen batek zazpi azpifamiliatan banatu zuen Salticidae familia:[41]
- Onomastinae Maddison, 2015 – Genero batean banatuta.
- Asemoneinae Maddison, 2015 – lau generotan banatuta (aurretik Hindumanes hor sailkatuta zegoen, baina gero Lyssomaninaera lekualdatu).
- Lyssomaninae Blackwall, 1877 – lau generotan banatuta (Hindumanes barne).
- Spartaeinae Wanless, 1984 – 29 genero eta hiru tributan banatuta.
- Eupoinae Maddison, 2015 – hiru generotan banatuta.
- Hisponinae Simon, 1901 – sei generotan banatuta.
- Salticinae Blackwall, 1841 – 540 genero eta 27 tribu ingurutan banatuta.
Azpifamilia horien arteko lotura edo ahaidetasuna oraindik eztabaidan dago. 2017an azterketa filogenomiko bat egin zen azpifamilien arteko harremana argitzeko eta beheko eskemakoa ondorioztatu zuten. Esan beharra dago Eupoinae subfamilia ez zela aztertu eta azpifamilia horren kokapen zehatza oraindik ez dago argi:[42]
Salticidae |
| |||||||||||||||||||||||||||||||||
Mimetismorako ereduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zenbait intsektu txikik, beren harrapakaritza saihesteko, saltizidoen portaera ezberdin eta antzekotasun morfologikoak garatu dituztela uste da. Intsektuok mimetismo hori garatu dute bereziki saltizidoek ez harrapatzeko. Mimetismo horien adibide batzuk Tephritidoen hegoen,[43][44] Fulgoridoen ninfen[45] eta segur aski sits batzuen[46] patroi berezi batzuk izan litezke.
Fosilak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saltizidoen fosil gutxi aurkitu dira eta horietatik guztiak Zenozoiko erako anbarretan daude. Fosil zaharrenak duela 54 eta 42 milioi urte bitarteko Eozenoko anbar baltikokoak dira. Saltizidoen beste fosil batzuk aurkitu dira Chiapaseko anbar eta anbar dominikarrean.[47]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «NMBE - World Spider Catalog» wsc.nmbe.ch (kontsulta data: 2024-08-10).
- ↑ Peng, Xian-Jin; Tso, I-Min & Li, Shu-Qiang (2002). «Five New and Four Newly Recorded Species of Jumping Spiders from Taiwan (Araneae: Salticidae)». Zoological Studies 41 (1): 1-12. Originaletik 2021/11/10-an artxibatua. Kontsulta data: 2016/01/28.. .
- ↑ (Ingelesez) See the world through a jumping spider’s eyes — and other senses. 2022-02-17 (kontsulta data: 2025-05-27).
- ↑ (Ingelesez) Thompson, Helen. «How Jumping Spiders See in Color» Smithsonian Magazine (kontsulta data: 2025-05-27).
- ↑ Zurek, Daniel B.; Cronin, Thomas W.; Taylor, Lisa A.; Byrne, Kevin; Sullivan, Mara L. G.; Morehouse, Nathan I.. (2015-05-18). «Spectral filtering enables trichromatic vision in colorful jumping spiders» Current Biology 25 (10): R403–R404. doi: . ISSN 0960-9822. (kontsulta data: 2025-05-27).
- ↑ a b BBC Earth. (2017-08-13). Largest Jumping Spider In The World | BBC Earth. (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ Wanless, F. R. (1975). «Spiders of the family Salticidae from the upper slopes of Everest and Makalu». Bulletin of the British Arachnological Society 3 (5): 132-136.. .
- ↑ a b (Ingelesez) «How Many Eyes Do Spiders Have?» ThoughtCo (kontsulta data: 2025-05-28).
- ↑ a b Land, M. F.. (1969-11-01). «Movements of the Retinae of Jumping Spiders (Salticidae: Dendryphantinae) in Response to Visual Stimuli» Journal of Experimental Biology 51 (2): 471–493. doi: . ISSN 0022-0949. (kontsulta data: 2025-05-28).
- ↑ a b Cerveira, Ana M.; Nelson, Ximena J.; Jackson, Robert R.. (2021-05). «Spatial acuity-sensitivity trade-off in the principal eyes of a jumping spider: possible adaptations to a 'blended' lifestyle» Journal of Comparative Physiology. A, Neuroethology, Sensory, Neural, and Behavioral Physiology 207 (3): 437–448. doi: . ISSN 1432-1351. PMID 33885956. (kontsulta data: 2025-05-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) lucia-castillo. (2022-04-18). «Araña saltarina, un "super insecto" de 54 millones de años de antigüedad» UnoTV (kontsulta data: 2025-05-28).
- ↑ a b (Ingelesez) Peaslee, Alan G.; Wilson, Graeme. (1989-05-01). «Spectral sensitivity in jumping spiders (Araneae, Salticidae)» Journal of Comparative Physiology A 164 (3): 359–363. doi: . ISSN 1432-1351. (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ Zurek, Daniel B.; Nelson, Ximena J.. (2012-08-01). «Hyperacute motion detection by the lateral eyes of jumping spiders» Vision Research 66: 26–30. doi: . ISSN 0042-6989. (kontsulta data: 2025-05-28).
- ↑ Hill, D.E. (2018). "The jumping behavior of jumping spiders: a review" (PDF). Peckhamia. 167 (1): 1–8.. .
- ↑ a b c d BBC Earth. (2017-07-02). Spider With Three Super Powers | The Hunt | BBC Earth. (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ Parry, D. A.; Brown, R. H. J.. (1959-12-01). «The Jumping Mechanism of Salticid Spiders» Journal of Experimental Biology 36 (4): 654–664. doi: . ISSN 0022-0949. (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ Goetzke, Hanns Hagen; Federle, Walter. (2021-03). «Role of legs and foot adhesion in salticid spiders jumping from smooth surfaces» Journal of Comparative Physiology. A, Neuroethology, Sensory, Neural, and Behavioral Physiology 207 (2): 165–177. doi: . ISSN 1432-1351. PMID 33730199. PMC 8046696. (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ a b Hill, D.E. (15 December 2006). "Targeted jumps by salticid spiders (Araneae, Salticidae, Phidippus)" (PDF). The Peckham Society. v. 9.. .
- ↑ Harland, Duane P.; Li, Daiqin; Jackson, Robert R.. (2012-03-14). Lazareva, Olga F. ed. «How Jumping Spiders See the World» How Animals See the World: Comparative Behavior, Biology, and Evolution of Vision (Oxford University Press): 0. ISBN 978-0-19-533465-4. (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ a b Biodiversidad Mexicana. (2022-04-11). Araña Saltarina. (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ Richman, D.B.; Edwards, G.B. & Cutler, B. (2005). "Salticidae". In Ubick, D.; Paquin, P.; Cushing, P.E. & Roth, V. (eds.). Spiders of North America: An identification manual. American Arachnological Society. or: 205–216. ISBN [1].. .
- ↑ Foelix, Rainer F.. (1982). Biology of spiders. Cambridge, Mass. : Harvard University Press ISBN 978-0-674-07431-6. (kontsulta data: 2025-05-28).
- ↑ Chen, Yung-Kang; Liao, Chen-Pan; Tsai, Feng-Yueh; Chi, Kai-Jung. (2013-10-06). «More than a safety line: jump-stabilizing silk of salticids» Journal of the Royal Society, Interface 10 (87): 20130572. doi: . ISSN 1742-5662. PMID 23925983. PMC 3758018. (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ a b c d e f Richman, David B.; Jackson, Robert R. (1992). "A review of the ethology of jumping spiders (Araneae, Salticidae)" (PDF). Bull. Br. Arachnol. Soc. 9 (2): 33–37.. .
- ↑ Tarsitano, MICHAEL S.; Jackson, ROBERT R.. (1997-02-01). «Araneophagic jumping spiders discriminate between detour routes that do and do not lead to prey» Animal Behaviour 53 (2): 257–266. doi: . ISSN 0003-3472. (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ National Geographic. (2009-02-27). Bee vs. Jumping Spider | National Geographic. (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ (Ingelesez) Jackson, Robert R.; Pollard, Simon D.; Nelson, Ximena J.; Edwards, G. B.; Barrion, Alberto T.. (2001). «Jumping spiders (Araneae: Salticidae) that feed on nectar» Journal of Zoology 255 (1): 25–29. doi: . ISSN 1469-7998. (kontsulta data: 2025-05-29).
- ↑ Meehan, Christopher J.; Olson, Eric J.; Reudink, Matthew W.; Kyser, T. Kurt; Curry, Robert L.. (2009-10-13). «Herbivory in a spider through exploitation of an ant–plant mutualism» Current Biology 19 (19): R892–R893. doi: . ISSN 0960-9822. (kontsulta data: 2025-05-29).
- ↑ (Ingelesez) Solly, Meilan. «Jumping Spiders Are the Only Arachnids Known to Provide ‘Milk’ For Their Young» Smithsonian Magazine (kontsulta data: 2025-05-29).
- ↑ Elias, Damian O.; Mason, Andrew C.; Maddison, Wayne P.; Hoy, Ronald R.. (2003-11-15). «Seismic signals in a courting male jumping spider (Araneae:Salticidae)» Journal of Experimental Biology 206 (22): 4029–4039. doi: . ISSN 0022-0949. (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ (Ingelesez) Study sheds light on spider sex. 2008-05-02 (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ LIM, MATTHEW L. M.; LI, DAIQIN. (2006-11-01). «Extreme ultraviolet sexual dimorphism in jumping spiders (Araneae: Salticidae)» Biological Journal of the Linnean Society 89 (3): 397–406. doi: . ISSN 0024-4066. (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ (Lim, Matthew L. M., and Daiqin Li. "Courtship and Male-Male Agonistic Behaviour of Comsophasis Umbratica Simon, an Ornate Jumping Spider (Araneae: Salticidae)." The Raffles Bulletin of Zoology (2004): 52(2): 435–448. National University of Singapore. Web. 20 September 2015.). .
- ↑ a b Bulbert, Matthew W., James C. O'Hanlon, Shane Zappettini, Shichang Zhang, and Daiqin Li. "Sexually Selected UV Signals in the Tropical Ornate Jumping Spider, Cosmophasis umbratica, May Incur Costs from Predation." Ecology and Evolution (2015): 5(4): 914-920. John Wiley & Sons Ltd. Web. 20 September 2015.. .
- ↑ Rainer F. Foelix. (1996). Biology of spiders. Oxford University Press ISBN 978-0-19-509594-4. (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ BBC. (2019-11-21). Peacock spiders, dance for your life! - BBC. (kontsulta data: 2025-05-31).
- ↑ Harland, D.P. & Jackson, R.R. (2000). "Eight-legged cats' and how they see – a review of recent research on jumping spiders (Araneae: Salticidae)". Cimbebasia. 16: 231–240.. .
- ↑ doi: . PMID 34724759..
- ↑ Ramírez, Martín J. (27 June 2014). "The morphology and phylogeny of dionychan spiders (Araneae, Araneomorphae)". Bulletin of the American Museum of Natural History (390): 313. ISSN 0003-0090.. .
- ↑ Azevedo, Guilherme H. F.; Bougie, Tierney; Carboni, Martin; Hedin, Marshal; Ramírez, Martín J.. (2022-01-01). «Combining genomic, phenotypic and Sanger sequencing data to elucidate the phylogeny of the two-clawed spiders (Dionycha)» Molecular Phylogenetics and Evolution 166: 107327. doi: . ISSN 1055-7903. (kontsulta data: 2025-05-29).
- ↑ Maddison, Wayne P. (November 2015). "A phylogenetic classification of jumping spiders (Araneae: Salticidae)". Journal of Arachnology. 43 (3): 231–292. doi:10.1636/arac-43-03-231-292. S2CID 85680279.. .
- ↑ (Ingelesez) Maddison, Wayne P.; Evans, Samuel C.; Hamilton, Chris A.; Bond, Jason E.; Lemmon, Alan R.; Lemmon, Emily Moriarty. (2017-09-04). «A genome-wide phylogeny of jumping spiders (Araneae, Salticidae), using anchored hybrid enrichment» ZooKeys 695: 89–101. doi: . ISSN 1313-2970. (kontsulta data: 2025-05-29).
- ↑ Whitman, Douglas W.; Orsak, Larry; Greene, Erick. (1988-05-01). «Spider Mimicry in Fruit Flies (Diptera: Tephritidae): Further Experiments on the Deterrence of Jumping Spiders (Araneae: Salticidae) by Zonosemata vittigera (Coquillett)» Annals of the Entomological Society of America 81 (3): 532–536. doi: . ISSN 0013-8746. (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ (Ingelesez) Rao, Dinesh; Díaz-Fleischer, Francisco. (2012). «Characterisation of Predator-Directed Displays in Tephritid Flies» Ethology 118 (12): 1165–1172. doi: . ISSN 1439-0310. (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ Zolnerowich, Gregory. (1992). «A Unique Amycle Nymph (Homoptera: Fulgoridae) That Mimics Jumping Spiders (Araneae: Salticidae)» Journal of the New York Entomological Society 100 (3): 498–502. ISSN 0028-7199. (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ Rota, Jadranka; Wagner, David L.. (2006-12-20). «Predator mimicry: metalmark moths mimic their jumping spider predators» PloS One 1 (1): e45. doi: . ISSN 1932-6203. PMID 17183674. PMC 1762363. (kontsulta data: 2025-05-30).
- ↑ Hill, David Edwin (2009-ko Urriak 7). «Salticidae of the Antarctic land bridge». Peckhamia.. .
Gainerako bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Forster, L.M. (1982). "Vision and prey-catching strategies in jumping spiders". American Scientist. 70 (2): 165–175. Bibcode:1982AmSci..70..165F.
- Jackson, R.R. (1982). "The behavior of communicating in jumping spiders (Salticidae)". In Witt, P.; Rovner, J. (eds.). Spider Communication Mechanisms and Ecological Significance. Princeton, NJ: Princeton University Press. or: 213–247. OCLC 951407473.
- Elias, D.O.; Mason, A.C.; Maddison, W.P.; Hoy, R.R. (2003). "Seismic signals in a courting male jumping spider (Araneae: Salticidae)". Journal of Experimental Biology. 206 (22): 4029–4039. Bibcode:2003JExpB.206.4029E. doi:10.1242/jeb.00634. PMID 14555743.
- Lim, M.L.M.; Li, D. (2005). "Extreme ultraviolet sexual dimorphism in jumping spiders (Araneae: Salticidae)". Biological Journal of the Linnean Society. 89 (3): 397–406. doi:10.1111/j.1095-8312.2006.00704.x.
- Maddison, Wayne P.; Beattie, Imara; Marathe, Kiran; Ng, Paul Y. C.; Kanesharatnam, Nilani; Benjamin, Suresh P.; Kunte, Krushnamegh (16 December 2020). "A phylogenetic and taxonomic review of baviine jumping spiders (Araneae, Salticidae, Baviini)". ZooKeys (1004): 27–97. Bibcode:2020ZooK.1004...27M. doi:10.3897/zookeys.1004.57526. PMC 7758311. PMID 33384565.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez, bideoa) Peacock spiders, dance for your life! - BBC (BBC, youtube).
- (Ingelesez, bideoa) Spider With Three Super Powers | The Hunt | BBC Earth (BBC Earth, youtube).
- (Gaztelaniaz, bideoa) Araña Saltarina (Biodiversidad Mexicana, youtube).
- (Bideoa) Jumping spider eye movement (Lyssomanes viridis) (Erin, youtube).
- (Bideoa) The Eyes of a Jumping Spider (Cham TY, youtube).