San Roke baseliza (Andoain)
San Roke baseliza (Andoain) | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Andoain |
Koordenatuak | 43°14′07″N 2°01′16″W / 43.23521002°N 2.0212059°W |
San Roke baseliza Andoainen dagoen baseliza bat da, 340 metroko altueran Buruntza mendiko tontorretik gertu, eta harrobiaren gainean. Baselizatik gertu mahaiak eta tximinia dituen zementuzko babeslekua dago.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1904an Andoaingo hamasei herritarrek idatzi bat sinatu zuten, Buruntza mendiko San Roke izeneko lekuan zegoen gurutzea hondatuta zegoela eta bertan beste gurutze ikusgarriago bat jartzea eskatuz. 1909rako eraikita zegoen gurutzea. Urte horretako urriaren 12an 53 herritarrek San Rokeren omenezko kaperatxo bat eraikitzeko eskatu zuten. German Ubillos Baztarrikak San Rokeren estatua bat eman zuen dohaintzan. 1910eko ekainaren 7an sei herritarrek eta Juan Ignazio Munita erretoreak Andoaingo Udalari eskatu zioten ermita eraikitzeko lurra uzteko eta bertara iristeko bidean lanean arituko ziren langileei ordaintzeko.[1]
Arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zementuzko eraikin txiki bat da. 4,3 x 3 metroko barne azalera du, eta 3,8 metroko altuera. Hiru eskailera maila igo behar dira sartzeko. Aldarea iparraldera orientatuta dago. Sarreraren kanpoaldean harrizko ur bedeinkatu ontzi bat dago. "ERROKE DEUNA" idazkuna duen burdin forjatuzko ate batek ixten du eraikina. Barrualdea azulejo zuriz apaindua dago.[1]
San Rokeren irudiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]San Rokeren hiru irudi egon dira baselizan. Lehenengoa haizeak puskatu zuen. Bigarrena, 940 milimetroko altuerakoa, eta 120 mm-ko altuera eta 275 x 200 mm-ko azalerako idulkiaren gainean kokatua, 1960 inguruan erosi zen, irudi sakratuak eraikitzen espezializatutako Bazkardo edo "Santuetxe" etxean, zenbait herritarrek jarritako diruarekin. Zahartua zegoelako kendu zutenean, Jenerala baserrira eraman zuten eta gero Serorategira. Hirugarrena pieza zahar eta oso hondatua da, batere balio artistikorik gabea.[1]
Jaiak eta ospakizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tradiziozkoa zen abuztuaren 16an, San Roke egunean meza errezatzea. Data horretan Andoaingo Buruntza auzoko jaiak ospatzen dira.[1]