Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Sexu-abusu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sexu abusu» orritik birbideratua)
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Helduak maiz aprobetxatu dira haurren berezko konfiantzaz, sexu abusuak egiteko

Sexu-abusua pertsona bati, bere baimenik gabe, sexu izaera duen ekintzetan parte hartzera behartzen zaionean edo bere baimenik gabe sexu-izaerako ukitzeak edo antzekoak egiten zaizkionean gertatzen da; indarkeria edo larderiarik gabe. Sexu abusua indarkeria, mehatxua edo larderiarekin gertatzen denean, sexu erasoa dela esaten da.

Maiz, erasotzailea erasotua baino zaharragoa da eta botere eta kontrol nabarmena du erasotuarengan. Euren heldutasun edo babes-faltagatik, bereziki salatzen dira haur eta adin txikikoek jasaten dituzten sexu abusuak: haurren aurkako jokaera horri pederastia deritzo.

Sexu askatasunaren eta ukigabetasun sexualaren kontrako erasoak.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexu-askatasuna norberaren sexualitatea askatasunean egikaritzeko eskubidea eta norberak bere gorputzaren jabe izateko eskubidea da. Ukigabetasun sexuala berriz, adingabeei eta babes berezia behar duten pertsonei dagokien askatasun sexuala dela esan dezakegu; hau da, etorkizuneko askatasun sexuala babestua izateko eskubidea eta objektu sexual bezala erabiltzeaz babesa izateko eskubidea.

Sexu-abusuak askatasun eta ukigabetasun sexualaren kontrako ekintzak dira, baina, badaude horiek erasotzen dituzten beste ekintzak ere; sexu-erasoak eta sexu-jazarpenak alegia. Hori horrela, askatasun sexuala eta ukigabetasun sexualaren kontrako erasoak fisikoak, psikologikoak, hitzezkoak edo ikusizkoak izan daitezkeela esan dezakegu.

  • Fisikoak: baimenik gabe pertsona baten kontaktu fisiko estua jasatea, adibidez.
  • Psikologikoak: sexu harremanak izateko asmoz, mehatxuak jasotzea edota eragitea.
  • Hitzezkoak: sexuarekin zerikusia duten iruzkin eta proposamen jarraituak pairatzea
  • Ikusizkoak: nahi gabeko sexu erakuskeria pairatzea.  

Sexu-erasoa.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexu erasoak indarkeria edo mehatxuak erabiliz pertsona baten askatasun sexuala erasotzen duten ekintzak egitea da. Sexu-erasoa zer den jakiteko, erasoa gertatu den tokiko jurisdikzio eta legea kontuan hartu beharko da, izan ere, toki bakoitzeko gizarte edo kulturaren arabera, ezberdintasunak izango dira sexu erasoaren definizioan.

Bortxaketa.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexu eraso bat da, bortxaketa jasaten duenaren baimenik gabe egiten dena eta sarpena izaten duena (magina, uzki edo aho bidez). Bortxaketan erasotzailea indarkeriaz eta larderiaz baliatzen da bere biktima bortxatzeko, beraz, oro har, kontaktu fisikoa galdatzen duen eraso bat da.

Sexu-jazarpena.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexu-jazarpena sexu-izaerako mesedeak modu jarraituan eta iraunkorrean eskatzean datza, norberarentzat edo hirugarren batentzat. Portaera honen helburua pertsonaren duintasuna erasotzea da, giro umiliagarri, iraingarri edo mehatxagarri bat sortuz eta nagusitasunezko egoera bat baliatuz.

Normalean lan harremanen eremuan suertatzen den jokabidea da, nagusi batek edo lankide batek beste pertsona bati desio edo eskaera sexualak egiten dizkionean eta jazarpena pairatzen duen pertsonak halakorik eskatzen ez duenean, alegia. Baina ez lan harremanen eremuan bakarrik, baita ikaskuntza eta zerbitzuen prestazioen arloan ere maiz ematen den jokabidea da

Sexu-jazarpena jasaten duten biktimei dagokionez, argi dago gehienak emakumeak direla, horregatik emakumeen aurkako adierazpen bat dela esan daiteke.

Bestalde, kontuan hartu behar da sexu-jazarpena modu askotan gerta daitekeela: modu fisikoan, edozein komentarioren bidez, ahozko zein hitzik gabeko edukiak erabiliz, keinu bidez edo posta elektronikoaren bitartez.

Sexu-abusuaren tratamendu juridikoa Espainian.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kode Penalaren VIII. Tituluko II. Kapitulua arduratzen da sexu-abusuei buruzko zigor arauketa egiteaz. Oinarrizko tipoa, hau da, oinarrizko delitua osatzen duen giza portaera, 181.1.artikuluan jasotzen da. Horren arabera, pertsona batek, adostasunik gabe, beste baten askatasun sexuala edo ukigabetasun sexuala erasotzen duen egintzaren bat eginez gero, sexu-abusuaren delitu baten erantzule bezala zigortua izango da.

181. artikulua

1. Norbaitek, indarkeria, larderia eta adostasunik gabe, beste pertsona baten sexu-askatasun edo ukigabetasunaren aurka atentatu egiten duten egitateak gauzatzen baditu, sexu-abusuaren erantzule gisa, urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra edo hemezortzi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio.

Artikulu horrek jasotzen duen zehapena 1 urte eta 3 urte bitarteko kartzela zigorra edo 18 hilabete eta 24 hilabete bitarteko isuna da.  Delitu hau burutzeko oinarrizko elementuak dira: adostasun falta egotea eta indarkeriarik edo larderiarik gabe beste pertsona baten askatasun sexuala erasotzea.

181.2.artikuluan sexu-abusuen modalitate berezi bat jasotzen da. Artikulu horren arabera, adostu gabeko sexu-abusutzat joko da hamahiru urte baino gutxiago dutenen aurkakoa, konorterik gabe dauden pertsonen aurkakoa edo euren buru-nahasteaz abusatuz gauzatzen dena.

Horrez gain, arlo penalean tipo kualifikatu bezala ezagutzen direnak ditugu. Hau da, delitua burutzeko pertsona batek egin behar duen portaerari ezaugarri edo egoera berezi batzuk gehitzen dizkioten artikuluak, zigorra larritzen dutenak normalean.

Sexu-abusuen delituaren tipo kualifikatua 181.4.artikuluan jasotzen da; artikulu horren arabera, sexu-abusua haragitzean datzanean zehapena 4 urte eta 10 urteren arteko kartzela zigorra izango da.

Sexu abusu adierazle posibleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jarrera aldaketak.
  • Azalpenik ez duten orban, moratoi, ebakiak... (genitalen inguruan, bularrean emakumeen kasuan).
  • Arropa puskatu edota zikina.
  • Nahi ez zen haurdunaldia.
  • STG.
  • Depresioa.
  • Jarrera suizida.
  • Droga edo alkoholaren gehiegikeria.
  • Sexuan interesa bat-batean galtzea.
  • Sexuan interesa bat-batean handitzea.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sexu-abusu Aldatu lotura Wikidatan