Shanti Zurutuza
Shanti Zurutuza | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ataun, 1910eko uztailaren 25a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Tolosa, 1988ko uztailaren 9a (77 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | kirol-zuzendaria, masaje-emailea eta tabernaria |
Shanti Zurutuza Rezola (Ataun, 1910eko uztailaren 25a - Tolosa, 1988ko uztailaren 9a) kirol antolatzaile eta masaje emaile bezala nabarmendu zen gizon ekintzailea izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ataungo San Gregorio auzoan jaio zen 1910eko uztailaren 25ean. Gaztetan joan zen bizitzera Tolosara, bere arreba Ceferina (Ainhoa Arteta soprano famatua bere alaba da) ezkondu zenean eta bertan egin zuen lan bizitza osoan zehar, lehendabizi bere arreba Joseparen tabernan zezen-plaza inguruan, eta 1953tik aurrera Rondilla kaleko Shanti tabernan. Kirolzaleen bilgunea zen taberna, kirol emaitzak jartzen zituen bertako arbelean eta futbol taldea ere ateratzen zuen afizionatuen herriko txapelketetan.
Tolosa CF taldean lehendakari, zuzendaritzako kide, entrenatzaile eta masajista izan zen. Bera lehendakari zela zoritxarreko bi gertaera garrantzitsu izan ziren: 1953ko uholdeak eta 1955ean Berazubi futbol zelaiko tribuna erretzea, kalte handiak eraginez kirol instalakuntzetan. Gipuzkoako Futbol Federazioko zuzendaritzako kide ere izan zen. Haurrentzako futbol lehiaketa ugari antolatu zituen eta bera hil ondoren bere semeek eta laguntzaileek areto futboleko Shanti Torneoa antolatzen dute urtero, 2019an 37. edizioa bete zuena.
Masajista gisa, futbolaz aparte, herri kiroletan nabarmendu zen, prestatzaile fisikoaren lanak ere betez. Gehien lagundu zituen herri kirolariak Patxi Astibia aizkolari leitzarra eta Arruitzeko Txikito korrikalaria izan ziren, baina horietaz gain Iruntxiberri eta Irazu korrikalariak, Zeberio aizkolari ataundarra, Mendizabal harri-jasotzaile eta aizkolari adunarra, Perurena harri-jasotzaile leitzarra… Eta pilotariekin ere aritu zen: Tximela, Pierola eta Aranzabe, besteak beste. Eta Veleta bateleko arraunlariei ere ematen omen zizkien masajeak.
Bi zaletasun nagusi hauetaz gain, beste asko ere bazituen: ehiztaria, zezenzalea, herriko batel estropadetan epaile, boxeolaria… Eta musika eta dantza gustuko izanda, jaialdiak ere antolatu zituen bere tabernan eta Gorriti antzokian.
Shanti tabernak atentatu bat jasan zuen 1979ko maiatzaren 5ean, leherketa batek taberna eta gaineko familiaren etxebizitza suntsitu zituen, Accion Nacional Española talde ultraeskuindarrak errebindikatua. Tolosako hainbat taldek jaialdi bat antolatu zuten zezen-plazan Shanti tabernaren alde eta berriro zabaldu zen. Shanti Zurutuza 1988ko uztailaren 9an hil zen. Shanti taberna 2005eko uztailaren 31n itxi zen.[1]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Shanti Zurutuza, 'shaltseroa' - Tolosa» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).