Shion Ariesekoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Shion Ariesekoa Masami Kurumadak idatzi eta marraztutako manga eta animea den Saint Seiyako pertsonaia bat da. Mü arrazakoa da, eta, Arieseko urrezko zaldun bezala, zaldunen armajantziak konpontzen daki.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizko manga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shion Ariesekoa Saint Seiyako patriarka da jatorrizko istorioa hasi baino hamairu urte inguru lehenago. Inframunduko jainkoa zen Hadesen aurkako gerra santu berri bat iristear zela eta, patriarka berri bat aukeratu beharra zegoela erabaki zuen. Garai horretan jada urrezko zaldun ziren gehienak gazteegiak zirela eta, nagusienak ziren bi urrezko zaldunak deitu zituen bere aurrera, patriarka berria aukeratzeko. Horiek Saga Geminisekoa eta Aioros Sagitariusekoa izan ziren. Sagak, jendeak hain maite zuela eta, aukeratua bera izango zela uste zuen, baina, azkenik, Shionek Aioros aukeratu zuen. Sagak erabaki hori zergatik hartu zuen galdetu zion Star Hillen, eta Shionek, Geminiseko zaldunari honen bihotzean gaiztotasunaren hazia nabaritu zuela erantzun zion. Erantzun horren aurrean, Sagak Shion hil zuen honen bihotza eskuarekin zeharkatuz.

Jatorrizko istorioan, bere azken partehartzea Hadesen aurkako gerra santuan izan zen, bere lagun Dohko Librakoaren aurka borrokatu zuenean Hadesen espektru bat bezala, bere gaztaroko itxurarekin.

Next Dimension[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Next Dimensionen hasieran brontzezko zaldun bat da. Berehala, Hadesen aurkako gerra santu bat hastear dagoela eta, garaiko patriarkak, Dohko Librakoarekin batera urrezko zaldun izendatzen du. Dohkok eta Shionek badakite noren gorputza hartuko duen Hadesek gerra santurako, eta Dohko berehala abiatzen da mutil horren bila, baina Shion bere laguna geldiarazten saiatzen da. Ez du, ordea, bere helburu hori lortzen eta biak Alonengana iristen dira, honen gorputza izango bait da Hadesek gerra santurako erabiliko duena. Shion Alone hiltzen saiatzen da, baina Tenma Pegasokoa agertzen da, Pegaso izeneko bere zaldiarekin eta Shion gelditu egiten da. Tenmak urrezko bi zaldunak erasotzen ditu, baina hauek erraz geratzen dute Tenmaren erasoa. Tenma, azkenean, ihesi irtetzen da, bere zaldiak zeramatzan upeletako bat erortzen zaiolarik. Horretaz ohartuta, Tenma Shion eta Dohkorengana itzultzen da, eta upeletik irten dena ikusten du. Pegasoren armajantzia da. Ordurako, Tenmaren laguna den Alone handik joana da, eta ibaiaren beste ertzean zegoen eraikin batean sartzen da. Han, Pandorak ezpata ateratzeko eskatzen dio, Hadesek soilik atera dezakeela esanez, eta Alonek atera egiten du. Horren ondorioz, Hadesen gaztelua agertzen da, eta honek bere segurtasun eremua hedatzen du, Tenma, Shion eta Dohko gaztelu horren segurtasun eremuaren barnean geratuz.

Handik gutxira, Hadesen espektruak agertzen hasten dira, Vermeer Grifokoa lehenik, bere txotxongilo soken bidez erasotzen dituelarik hiru zaldunak, lurrean botata utziz. Hauei azken kolpea emateko zegoela Suikyo Garudakoa agertzen da, urte batzuk lehenago Dohko eta Shionen laguna eta Tenmaren irakaslea izan zena, hiru zaldunetaz bera arduratuko zela esanez eta Pandorak deitu duela eta, joateko eskatuz. Baina Vermeerrek nahiago du bertan geratu, Suikyok bere lagunak eta ikaslea nola hiltzen dituen ikusteko, bai bait daki zenbait urte lehenago Suikyo Crateriseko zilarrezko zalduna izan zela, eta, beraz, Atenearen zalduna. Suikyo bere lagun izandakoak eta ikaslea hiltzera zihoala, Hadesen morroi batzuk agertzen dira Pandoragana joan daitezela esanez.