Dohko Librakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Dohko Librakoa Masami Kurumadak idatzi eta marraztutako manga eta animea den Saint Seiyako eta honen jarraipen ofiziala den Saint Seiya Next Dimensioneko pertsonaia bat da. Izatez, Shiryu Dragoikoaren irakaslea da eta Hadesen aurkako XVIII. mendeko gerra santutik XX. mendean bizirauten duen urrezko zaldunetako bat da, bere lagun Shion Ariesekoarekin batera. XVIII. mendeko gerra santuan lortutako garaipenaren ondorioz, Ateneak misopethamenos deritzonarekin saritu zuen, hau da, igarotzen zen urte bakoitzeko, Dohkoren gorputza soilik egun bat zahartuko zen. Dohkoren itxura hogeigarren mendeko gerra santuan bere gaztarokoaren oso ezberdina da. Bizar zuria, bekain luzeak eta kono formako kapela bat ditu. Gainera, nahiko baxua da. Gaztaroan aldiz, garaia zen. Izaera aldetik, gaztaroan nahiko arduragabea zen, hogeigarren mendeko gerra santuaren garaian urrezko zaldunen artean jakintsuena zen bitartean.

Partehartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizko istorioan gehienbat Shiryu Dragoikoaren irakasle bezala agertzen da. Honek, Librako urrezko zaldunaren oinordekoari dagozkion teknika guztiak erakuzten dizkio. Jatorrizko istorioaren amaiera aldera, aldiz, bere gaztaroko itxurara itzultzen da Inframunduko Aieneen Harresia hausteko garai hartako gainontzeko urrezko zaldunekin batera.

Saint Seiya Next Dimensionen bere gaztaroko gertaerak kontatzen dira. Istorioa hasten denean brontzezko zaldun bezala agertzen da, baina bere lagun Shionekin batera, Patriarkak deitzen du biak urrezko zaldun mailara igoak izan direla esan eta Libra eta Arieseko urrezko armajantziak emateko. Alone ikusten duenean, bere helburua, gerra santua eragozteko, Alone akabatzea da, baina honen lagun mina den Tenma Pegasokoa agertzen da eta honek ez die halakorik egiten uzten. Alonek, gainera, zauri bat sendatzen dio Dohkori. Alone ibai bat zeharkatuta tenplu batean sartzen da eta bertan Pandora agertzen da, aurrean duen ezpata dagokiola esanez. Alonek ezpata hartu eta handik ateratzen du. Une horretan, Hadesen gaztelua agertzen da, eta gaztelua bere segurtasun eremua zabaltzen hasten da, honen barruan geratuz urrezko bi zaldunak eta Tenma. Berehala, Vermeer Grifokoa agertzen da. Tenmak eta urrezko bi zaldunek erasotzen dute, baina ezin, hauen erasoak berehala geratzen baititu. Vermeerrek bere Txotxongilotze teknikarekin erasotzen ditu, eta Dohkoren beso bat hausten du. Eta, Shionen lepoa moztera zihoala, Tenmaren irakasle ohia den Suikyo Garudakoa agertzen da, Vermeerri Pandorak deitu duela esateko, baita urrezko bi zaldunak eta Tenma akabatzeaz bera arduratuko dela esateko ere.

Vermeerrek, ordea, ez du handik mugitzeko asmorik, ondo bait daki Suikyo, Hadesen espektru izan aurretik Atenearen zaldunetako bat izan zela, baita Dohko eta Shionen laguna ere. Bere begiz ikusi nahi du nola Suikyok Atenearen hiru zaldunak hiltzen dituen. Eta, horretara zihoala, maila baxuago beste espektru batzuk agertzen dira, biak Pandorak deitu dituela eta berehala joatea ezinbestekoa dela esateko. Hala, espektruak arduratzen dira Atenearen hiru zaldunetaz, baina, berehala, Tenmaren zaldia den Pegaso arduratzen da espektruetaz, ez baitu Hadesen gazteluaren segurtasun hesiaren eraginik jasaten. Eta berehala, hiru zaldunak gazteluaren eraginetik kanpo geratzen dira.

Tenmaren zaldiak daraman upeletako batetik Craterisen armajantzia agertzen da, kopa baten eran eta urez beteta. Kondairak dioenez, ur horretan begiratuz gero, begiralearen etorkizuna isladatzen da, eta Dohkok begiratutakoan, bizar zuri eta kono formako kapela baten itxura duen irudi bat agertzen da. Shionek begiratzen duenean, patriarka bezala agertzen da, eta Tenmak beste horrenbeste egindakoan, Seiyaren irudia agertzen da.

Beranduago, jada Libraren tenpluan dagoela, hogeigarren mende amaieran bere ikasle izango den Shiryu iristen da. Dohkok ez du ezagutzen, baina Shiryu bere irakaslea besarkatzen saiatzen da. Shiryu etorkizunetik datorrela azaltzen saiatzen da, baina Dohkok ez du Shiryuren istorioa sinesten, eta etorkizunean bere ikasle izango denari garai horretan ze itxura izango duen galdetzen dio, eta ematen dion deskribapena Craterisen armajantziko uretan ikusi duenarekin bat datorrela ohartzen da. Baina, hala ere, oraindik sinesgogor agertzen da, eta Shiryuri, erakutsi dizkion teknikak erakusteko esaten dio. Shiryuk, hasiera baten, bere irakaslea erasotzeko asmorik ez du erakusten, baina, azkenean, Dohkok erasotzen du eta Shiryuri ez zaio teknika bera erabiltzea beste erremediorik geratzen. Shiryuri, ondoren, bere kosmoenergia maila gorenera igotzen duenean agertzen zaion dragoia agertzen zaio, eta, berehala, Dohkok, bere armajantziaren goikaldea kendu eta bizkarrean kosmoenergia maila gorenera igotzen duenean agertzen zaion tigrea agertzen zaio, hala, biak irakasle eta ikasle direla konbentzituta geratuz.

Shiryurekin egon eta laster gazteago zenean bere laguna zen Suikyo agertzen da. Elkarrekin borrokatzen dute, baina, azkenean, Dohkok Suikyo hiltzen du, eta halako uneetan ohi duen olerki bat kantatzen hasten da.

Beranduago, Tenma eta Shunekin topo egiten du, eta, une baten ondoren, bere armajantzia kentzen du eta armajantziak osatzen duen balantza indarraren aldera okertua dagoela ohartzen da. Hor, Atenea traditzea erabakitzen du, jainkosa hiltzera abiatuz.

Armajantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere armajantzia, Sagitariusekoarekin batera, gainontzeko urrezko armajantzietatik ezberdintzen da. Armajantzi honek hamabi arma ditu, bana urrezko zaldun bakoitzarentzat. Hala ere, Ateneak borroketan armak erabiltzeko debekua ezarri zuen eta, beraz, Librako armajantziak zaintzen dituen armak oso kasu berezietan baino ezin daitezke erabili. Esate baterako, Dohkoren ikaslea den Shiryu Dragoikoak ezpata bat erabili zuen Librako tenpluan Hyôga Camus Akuariokoak ehortzi zuen kristalezko zerraldotik ateratzeko. Poseidonen sagan ere erabili zituzten arma horiek ozeanoetako zutabeak suntsitzeko.