Edukira joan

Steilas

Wikipedia, Entziklopedia askea
Steilas
Izen osoaEuskalerriko Irakaskuntzako Langileen Sindikatua
Sorrera1970eko hamarkadan
HerrialdeaEuskalerria
Webguneasteilas.eus

Steilas edo Euskadiko Irakaskuntzako Langileen Sindikatua (Hego Euskal Herriko hezkuntza maila desberdinetako langileen (irakasleak, hezkuntza laguntza eta zerbitzuetako langileak) biltzen dituen sindikatua da, Haur Eskoletatik Unibertsitateraino.

STEILAS sindikatuaren historia ez da oraingoa, 40 urte baino gehiago darama lanean, bere sorrera 70eko hamarkadan eman baitzen. Urte haietan irakaskuntzako langileen mugimendua indartsua zen eta beste sektore batzuek bezala asanblada eta lantokietako ordezkarien bidez zegoen antolatuta. Mugimendu haietatik sortu zen STEE-EILAS sindikatua.

Irakaskuntzako sindikatua da eta bertan lan egiten duten langileen eskubideak eta lan baldintza egokiak defendatzen ditu: irakasleak, hezkuntza laguntza eta zerbitzuetako langileak, Haur Eskoletatik Unibertsitateraino. Prekarietatearen kontra, enplegu egonkortasunaren alde, lana banatzeko neurriak edota lan osasuna kontuan argi adierazten dituzte gure lehentasunak.

STEE-EILAS sindikatua, gaztelaniazko eta euskarazko izen bikoitzarekin, Sindicato de Trabajadores de la Enseñanza de Euskadi (STEE) eta Euskadiko Irakaskuntzako Langileen Sindikatua (EILAS). Praktikan, euskaraz zein gaztelaniaz sigla batuketarekin erabili izan zen beti sindikatuaren izena: STEE-EILAS. Sindikatuaren X. kongresuan STEE-EILAS sigla bikoitza ordezkatu zuten STEILAS izen bakarrarekin.

  • Hezkuntzako langileen sindikatua da, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino hartzen ditu bere baitan.
  • Hego Euskal Herriko sindikatua, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan dihardu 1977tik.
  • Ezkerreko sindikatua, gobernu eta patronalen erasoei erantzuteko eredu sindikal borrokalaria eta dinamika parte hartzailea bultzatzen dituena.
  • Jarduera esparru laboraletik haratago eramaten du. Jendarte mugimenduekin elkarlanean aritzen da eraldakuntza soziala bultzatzeko. [1]

Hedapena eta naziotasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindikatua Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan: hedaturik dago Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa). STEILAS sindikatu nazionala da Euskal Herrian dauden egitate ezberdinak kontuan hartuz, era demokratikoan eta kanpo eskuhartzerik gabe herri bezala etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzen du. STEILASen aburuz, hamaika kolorez osatutako gizarte bat aberasgarria izan liteke elkarren arteko oinarrizko balore batzuk eta gutxiengoak zein gehiengoak onartutako joko arauak sortzeko gai bagina. Pertsona guztiak, ideia guztiak eta proiektu guztiak, zilegiak ezezik , baliagarriak eta beharrezkoak ere baitira sindikatu honen ustez.

Aniztasuna, ideologikoa zein sentimendu nazionalari dagokiona, izan da bere nortasun ikurretako bat. Dogmetatik ihes eginez, elkarrekin diren baloreetan oinarritzen da sindikatuaren jarrerak finkatzeko, elkarrizketa eta ikuspegi irekiz, posible baita desberdintasunak gainditzea.

STEILASek uste du Euskal Herriak pairatzen duen gatazkak izaera politikoa duten oinarri historikoak dituela eta bereizkeria nahiz aldez aurreko baldintzarik gabeko elkarrizketa dela konponbidea. Halaber, bere ustez, guztientzako giza eskubideen defentsak, indarkeriarekiko arbuioak eta euskal gizartearen borondate demokratikoarenganako begiruneak osatzen dute bakea eta normalizazio politikoa lortzeko gakoa.

Aldarrikapenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakaskuntzako sindikatua da eta bertan lan egiten duten langileen eskubideak eta lan baldintza egokiak defendatzen ditu[2]. Prekarietatearen kontra borrokatzen du, enplegu egonkortasunaren alde, lan banaketarako neurriak edota lan osasuna eta berdintasunaren aldekoak lehentasunezko gaiak dira bere jardueran.

Baina gizarteko baztertuen ondoan kokatu nahi du bere burua: oinarrizko soldata, aberastasunaren banaketa, etxebizitza duina, zaintzarako sistema, garapen jasangarria defendatuz. Gizarte mugimenduekin batera (feminismoa, internazionalismoa, ekologismoa...) injustiziaren aurrean egiten diren salaketak nahiz mobilizazioetan hartzen du parte eta, aldi berean, EILASTASUNA fondoaren bidez berdintasuna eta elkartasunaren aldeko proiektuekin bat egiten du. Globalizazioaren aurkako mugimenduak aldarrikatzen duen eraldakuntza sozialaren beharra ikusten du, uste baitu "Beste mundua" posiblea dela.

Steilas sindikatuko kideen protesta, Donostian, 2012an.

Eskola publikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Eskola Publikoa aldarrikatzen jaio zen sindikatu honek sare publikoa Euskal Herriko errealitatean oinarritutako hezkuntza sistemaren bizkarrezurra izan dadin borrokan jarraitzen du.[2]. Sistema publiko indartsua eskatzen du, kualitatiboki nahiz kuantitatiboki. Kontrako haizeak nagusi badira ere, eredu klasista eta pribatizatzaileen aldeko apustua egina dituztenak edo espainiar uniformetasuna bilatzen dutenak, publikotasuna eta euskaltasuna batzeko ahaleginean dihardu, txanpon bereko bi aldeak direla uste bait du.

Euskararen normalizazioaren aldeko mugimenduan inplikazio handia izan du eta izaten jarraitzen du langileen euskalduntzea bultzatuz. Eskolak ikasleriaren euskalduntzea bermatu behar duela dio, aukera berdintasuna eta kohesio sozialaren mesederako. Hizkuntza normalizazioa eta uztartze sozialerantz joan behar duen prozesu honetan malgutasunez ezarritako murgiltze planen bidez, ereduen sistema gainditzera iristea aldarrikatzen du.[2]

ELA, LAB, STEE-EILAS sindikatuek, 2010an Zerbitzu Publikoen alde egindako mobilizazioa

Eskola inklusiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztion eskola inklusiboa defendatzen du, desberdintasun sozial eta muga pertsonalei (fisikoei, psikikoei…) aurre egiteko gai dena, berauek konpentsatzen saiatuz. Aniztasun honek gero eta zentzu handiagoa du, milaka baitira urtero Euskal Herrira datozen etorkinak. Eskolak hainbat gauza bermatu behar dizkie: Aukera berdintasuna sustatzea jatorri ezberdintasunak alde batera utzita arrazoi pertsonal edo sozialen ondorioz sortutako aldeak berdintzea segregazioa ekiditeko, elkartasuna sustatzea eta ez indibidualismoa, lankidetza eta talde-lana bultzatzea lehiakortasunaren aurrean, hezkidetza lantzea eta ez sexismoa, pertsona kritikoen garapen integrala bilatzea eta ez prestakuntza profesional hutsa.[2]

Kalitatea hezkutzan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkuntzak kalitatezkoa izen behar duela dio, gizartearen erronka berriei erantzuteko modukoa. Baliabideen falta salatzen du edonon, ezinbestekoa delako hezkuntza gastua handitzea, Administrazioaren inplikazio zuzenarekin. Modu horretan euskal gizartearen pluralismoa berea egiten duen hezkuntza sistema integrala, laikoa, euskalduna, 0 urtetik hasita doakoa, hezkidetzailea, solidarioa eta parte hartzearen aldekoa lortu nahi du.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Nortzuk gara» STEILASen webgunea (Noiz kontsultatua: 2023-08-16).
  2. a b c d «STEILAS - Nortasuna» steilas.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-26).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]