Subilla Morillasko jauregia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Subilla Morillasko jauregia
Logotipo del Gobierno Vasco.svg Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Araba
Herria Erriberagoitia
Koordenatuak 42° 49′ 28″ N, 2° 53′ 51″ W / 42.8245776827°N,2.89760137305°W / 42.8245776827; -2.89760137305Koordenatuak: 42° 49′ 28″ N, 2° 53′ 51″ W / 42.8245776827°N,2.89760137305°W / 42.8245776827; -2.89760137305
Historia eta erabilera
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea 40

Subilla Morillasko jauregia Erriberagoitiako Subilla Morillas herriko jauregi da.

2010eko otsailaren 24an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Jauregi» izendatutako etxea, ikus-presentzia handikoa, Subilla Morillasko herrigune betean kokatua, 624 toki-errepidearen ondoko hiri-zabalgune nabarmenean eta XVI. mendeko harlanduz eraikitako zubi bikainaren parean.

Ondasun higiezina elkarri ondo lotutako bi elementu nagusik osatzen dute: etxeak eta hari lotutako lorategia mugatzen duen perimetro-paretak. Etxeko perimetro-paretatik bertatik sortzen da horma hori, harri-fabrika mota berberarekin, eta ezkerraldeko atzeko saihetsetik zabaltzen da, Kuartango aldera doan errepidearekin paraleloan. Etxea lurreko mailaketa baten kontra sakon sartuta dago; hala, bada, atzeko fatxadan ia solairu nagusiaren parera iristen da. Horma horren barnealdean, lorategi egituratu bat dago, eta hor, eraikin mota horrek berezko dituen elementuak daude: ur-tanga, labea, baratzea eta estalpea.

Jauregiak estilo barroko eta landako jauretxeen tipologia du. Eraikin nagusia XVIII. mendekoa da, bai eta lorategia ixten duen harriaren pareta ere.

Jauretxe armarriduna eraikin exentu handi bat da; oinplano laukizuzeneko bolumen garbia du, eta bi solairu eta teilatupea ditu. Estalkia lau isurkikoa da, arabiar teilak ditu, eta hegal zabal bat, egurrezko modiloi landuen gainean bermatua. XVIII. mendean ohi zenez, erabilitako materiala harlangaitzezko aparailu bat da, eta, horrekin batera, hormatal luzitu tradizionala eta karezko juntura ugari erabili dira; harlandua, berriz, eskantzuetarako, bao eta sarbideen erremateetarako eta fatxada nagusiko errematearen erlaitzerako gorde da.

Fatxada nagusia hegoaldera eta plazatxora begira dago, eta gainerakoen artean nabarmentzen da. Ezerezaren gainean nabarmen nagusitzen da horma, eta ezin hobeto antolatua eta erdiratua dago, armarriak ezartzen duen ardatzaren bidez. Baoak modu simetrikoan antolatuta daude: beheko solairuan, sarbide nagusia dago; erdian, arku zuzen hirukoitz interesgarri bat du, alboetan laukizko eta burdin hesizko bi leiho pare dituena; lehenengo solairuan, arraseko balkoiak ditu alboetan, eta erdian, balkoi jarraitu bat, bi bao lotzen dituena; ganbaran, leiho karratu txiki batzuk daude. Beheko eta lehenengo solairuetako baoek moldura dute inguruan, eta belarriekin nabarmentzen da angeluetan.

Balkoi nagusia egitura metaliko bat da, fatxadan bermatua, metal bereko bost itsas potxu dekoraturen bidez. Forja-lanak ditu balkoiko barandan, bai eta txapazko eskudelak eta sagarrak ere, angeluetan nahiz hegal-irteeraren aurrealdea dekoratzeko zerrenda apaingarrian.

Balkoiaren erdian, armarria nabarmentzen da. Honako hau ikusten da armarrian: zuhaitz bat harkaitzaren gainean, bi otso zutitu, eta izkinetan San Andresen gurutzeak. Armarriaren albo banatan, bi irudi-eusle daude, eta maskara bat puntan.

Ekialdeko fatxada saihetseko bidearen aldapari egokitzen zaio; hori ere ondo antolatuta dago, baina desoreka handiagoa da hutsuneen eta gune beteen banaketan. Fatxada horretako solairuartean, bi bao daude, eta agerian uzten dute eskailera-zuloa.

Mendebaldeko fatxadan, iparraldeko fatxadan bezala, beheko solairua erdi estalita gelditzen da lorategiaren lurraren kontra. Mendebaldeko fatxadan, bigarren mailako sarbidea dago, lorategitik etxeko lehenengo solairuaren parera doana, eta baoetako baten «kaiolako» sarea, alboetan erroleoak dituen gurutze bat erdian duela. Leiho bitxi eta txiki bat ageri da lurraren arrasean, barrualderantz txaranbeldua eta beheko planoa makurtua duela, beheko solairuan sortzen den erdisotoa argiztatzeko.

Burdin lana, balkoi nagusian ez ezik, bao askotan ageri diren horma barruko sareetan aurki dezakegu, bai eta arraseko balkoietako barandan eta ateko aldaban ere.

Perimetro-karga duten paretekin eratu da arkitektura, eta horien barruan egurrezko egitura sendo bat dago. Beheko solairuan, lursaileko harkaitza iparraldeko paretako beheko eremuetan agertzen da, eta horietatik abiatzen dira harrizko paretak. Forjatuen sarea sekzio handiko habe eta habexkekin eratua dago. Forjatuak solidoak dira, eta hagaxken artean ganga formako bide bat dute, lur egosiko lauzaz bukaturikoa. Estalkiko armadurak egitura konplexu bat du; egitura horren barruan daude hagak, korbak, tiranteak, besoak eta pieza bakarreko gapirioak, egurrezko ziriz eginiko lotura interesgarriekin.

Etxe barruko banaketa sarrerako ezkaratz handi baten bidez antolatuta dago. Harreraleku hori oso ondo zainduta dago; nabarmentzekoak dira harlanduz inguratutako ateetako lau bao dotoreak; ate horiek alboko bi egontokietara, atzealdeko zalditegietara eta lehenengo solairura nahiz oin nagusira igotzeko eskailera-hallera ematen dute. Eskailera handi horiek egongela handi batera ematen dute; egongela hori lehenengo solairuaren erdian dago, eta horren inguruan antolatzen dira gainerako egontokiak: logelak, hegoaldeko eta ekialde-mendebaldetako fatxadetarantz, bainugela handiak barruan dituztela; iparralderantz, sukaldea eta jangela, bakoitza bere tximiniarekin eta lorategirako zuzeneko irteerarekin. Banaketa horrek posible egiten du egontoki guztiek kanpoaldera ematea, erdiko egongelak izan ezik; hain zuzen ere, egongela horrek, bitxitasun gisa, argi-zulo bat du beirazko sabaian, eta estalkian dagoen beste aho-zulo batetik hartzen du argia zuzenean. Estalki azpiko solairuak edo ganbarako solairuak espazio ireki handi bat du; solairuarte bat du alderik garaienean, usategi gisa erabiltzen dena; oraindik ere gordetzen ditu landako kareorez eta hormari atxikita eraikitako habiondokoak.

Barrualdea osatzen duten espazio eta elementu handiak bat datoz eraikinaren kalitatearekin. Barruko zur-lanak kalitate handikoak dira, eta pareta lodiko tutu-itxurako leihoek barne-kontraleiho ederrak dituzte, eta ireki daitezke. Jangelan, honako hauek nabarmendu behar dira: harriz landutako tximinia, egurrez landutako baranda duten eskailera zabalak, buztin egosiz eginiko zeramikazko zoruak eta bainugeletako eta sukaldeko lauzak.

Lurzatiaren muga gisa eta errepidearen gainean, lorategia oso ondo itxita dago; errepidearen aldapari egokitzen zaio, etxeko fatxadan erabilitako eraikuntza eta material berberekin. Pareta hori metro bat lodi da alderik lodienean, eta lau eta metro bitarteko garaiera du; aurreko fatxadan, kontrahorma du. Lodiera hori paretak dituen bi funtzioen ondorio da: itxiturarena eta lurrari eustekoarena. Horma horretan, ate bat dago -gaur egun ezin da erabili-; markoa eta harlanduzko ateburua ditu, eta jauregira pasatzeko lurpeko pasabidea zen.

Hormaren barrualdean, terraza-lorategia dago, hainbat kotatan planifikatua, lurraren aldapari egokitua eta Kuartangoko bideari, atzeko kaleari, egokitua. Hasieran, garia jotzeko larrain gisa eta baratze gisa erabiltzen zen; XIX. mendean egin zen lorategien gaur egungo konposizioa eta ornamentazioa. Lorategia antolatzen duen trazak forma geometrikoko hainbat berdegune sortzen ditu; zuhaitz txikiak daude berdegune horietan, eta alerik handienak fatxada nagusi aldera daude. Lorategira etxetik bertatik sartzen da, lehenengo solairutik eta errepidetik, atzealdeko ate altxagarritik eta arrapala baten bidez.

Hormari atxikita, atzeko aldean, etxebizitzari lotutako bi eraikin daude: labea eta estalpea. Lehenengoa harrizko eraikin txiki bat da, paretaren kanpoko aldeari erantsita dagoena; estalpea, berriz, hormaren barruko aldean dago, eta ate altxagarriaren atzeko sarrera estaltzen du; egurrezko egitura estali bat da, harrizko hormaren gorenean bermatua.

Nabarmentzekoa da ur-tanga, hor biltzen eta gordetzen baita etxeko estalkiko euri-ura. Tanga hori harriz egina dago, oinplano angeluzuzena du, bai eta grabitate-pareta bat ere, ezpondan kanpoko plano bat duena.

Higiezin osoa egoera bikainean dago, bai eta barneko ingurunea eta gaur arte gorde duen dekorazioa ere. Emaitza etxe eta jauretxe estiloko arkitektura bat da, kalitate handikoa, eraikin erregular eta ordenatua eta oso ongi antolatua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa