Tadeo Amorena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tadeo Amorena

Bizitza
JaiotzaIruñea, 1819
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza? (204/205 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpintorea eta artisaua

Eleuterio Tadeo Amorena Gil (Iruñea, 1819ko apirila - ? ) nafar margolari eta eskulangilea izan zen. Iruñeko erraldoiak egin zituen 1860an.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esteban Amorena Etxeberria eta Ramona Gilen hiru seme-alabetatik gazteena zen. Aita, Arizkungo Bozate auzoan jaioa, agotea zen. Garai hartan agoteak bazterturik zeuden, eta oso eskulangile trebeak izan ohi ziren.[1] Esteban Iruñera joan zen bizitzera, eta bertan ezkondu zen Ramona Gilekin. Haurtzaroan eta gaztaroan Alde Zaharreko Tornularien auzoan bizi izan zen Tadeo, egungo San Nikolas kalean. Lanbidez margolaria zen. 24 urte zituelarik, Pascuala Muñozekin ezkondu zen San Nikolas elizan; neska bat adoptatu zuten: Benita Onsalo.[2]

Tadeo Amorena ezaguna da Iruñeko erraldoien sortzailea izan zelako. Antza denez, biziki maite zituen hiriko jaiak eta ohiturak. 1860ko martxoan, Sanferminetan kalera ateratzen ziren erraldoiak egoera txarrean zeudela ikusirik, bere burua eskaini zion udalari irudi berri batzuk egiteko; lana musutruk eginen zuela adierazi zuen, eta materialak baino ez zituela kobratuko:[2]

«

Izenpetzen duenak, maisu pintoreak, Iruñeko bizilagunak, jaun ohoragarri horri zor zaion errespetuarekin, azaltzen du orain dela zenbait denbora erabaki duela egitasmo bat aurkeztea erraldoi berri batzuk egiteko, egungoen neurri berekoak, ondorengo baldintzak betez:
1) oso arinak izatea, gehienez ere 80 librako pisukoak, eramaileak aise maniobratzeko moduan orekatuak, lurrera erortzeko arriskurik gabe, hori gertatzen baitzaie egungoei paseatzera ateratzen dituzten aldi oro.
2) arront sendoak izatea, egitura soila eduki arren.
3) irudi nobleak izatea, itxura eta proportzio dotorekoak, eskulturaren artearen araberakoak, munduko lau alderdiak irudika litzatekeenak.
Beraz, San Fermin garaia hurbiltzen ari dela-eta, egokia iruditu zait egitasmo hau jaun ohoragarri horri aurkeztea, erregutuz baimena eman diezadazuen bat edo bi eraikitzeko eta, horiek ikusirik, gainerakoak eraikitzea edo ez erabaki dezazuen; jakinarazten dut materialen balioa ordaintzea besterik ez dudala eskatzen lan horren truke.
Hori dela eta, erregu egiten dut, jaun ohoragarri horrek proposamena aintzakotzat hartu eta komenigarri iritzi duena erabakiko duen uste osoarekin.

»

—Iruñea, 1860ko martxoaren 31[oh 1]

Europar erregea.

Udalak gogo onez hartu zuen eskaintza, eta bi erraldoi egiteko eskaera egin zion. Ekainerako amaitu zituen europar errege-erreginak, eta urte hartako sanferminetan irten ziren lehenbiziko aldiz Iruñeko karriketara. Emaitza zinegotzien gogokoa gertatu zenez, materialen faktura ordaintzeaz gain (2.600 beloi erreal), Tadeori 1.000 beloi errealeko saria ematea erabaki zuten. Geroago beste sei erraldoi eraikitzea agindu zioten, 6.000 beloi errealen truke. Era horretan osatu zen egungo erraldoi multzoa.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Baztango historia: agotak. baztan.eus (Noiz kontsultatua: 2019-4-18).
  2. a b Urzai, Asier. Tadeo Amorena (I). Calles y lugares de la Txantrea,Txantrean Auzolan, 33. zenbakia, 2001eko maiatza, txantrea.net (Noiz kontsultatua: 2019-4-18).
  3. Urzai, Asier. Tadeo Amorena (II). Calles y lugares de la Txantrea,Txantrean Auzolan, 34. zenbakia, 2001eko ekaina, txantrea.net (Noiz kontsultatua: 2019-4-18).

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Jatorrizko testua: El que suscribe, maestro pintor vecino de Pamplona y con el debido respeto a V.S. expone que hace algún tiempo formé la idea de presentar un proyecto para la construcción de unos gigantes nuevos del mismo tamaño de los que hay en la actualidad, los cuales reúnan las condiciones siguientes: 1) la de ser rigurosamente ligeros, cuyo peso total no exceda de 80 libras y esté arreglado de forma que sus conductores puedan maniobrar con facilidad y soltura, sin peligro de caérseles como acontece en todas las veces que sacan los de ahora a pasear; 2) la de tener una solidez a prueba, sin embargo de la sencillez de sus armazones; 3) la de ser unas figuras nobles, de elegantes formas y proporciones, según el arte de la escultura, cuyos personajes podrían representar las cuatro partes del mundo. Por tanto viendo que la época de San Fermín se acerca, me ha parecido conveniente presentar este proyecto a V.S. suplicándoles me concedan el permiso para construir uno o dos, para que en vista de ello determinen la construcción de los demás y tengan por conveniente, advirtiendo que para la ejecución de dicha labor no exijo más remuneración que la de abonarme puramente el valor de los materiales que se empleen. Por lo cual, suplica y espera de la acreditada justicia de V.S. se sirvan tener en consideración lo propuesto y determinar que lo juzguen por conveniente.Pamplona, 31 de marzo de 1860.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]