Tesi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Tesia (grekeraz θέσις thésis, "ezarpen, proposizio", "proposatutakoa, baieztatzen dena"; bere jatorria tithenai hitzean, "artxibatu") argudio testu baten hasiera edo amaiera da, argudiatu eta arrazoitu den baieztapena hain zuzen. Bertan artikulua idazten duenak gai zehatz baten inguruan duen iritzia edo ikuspuntua azaltzen da, ondoren (edo batzutan lehenago) argudioen bidez defendatuko duena.

Terminoa metodo zientifikotik dator eta eremu horretan tesia era justifikatu eta oinarrituan aurkezten den baieztapen zehatza da. Gehienetan, ikerketa-lan eta proiektuetan erabiltzen den terminoa da, ikerketak mahai-gaineratzen duen funtsezko baieztapena adierazteko. Teoria zientifiko ere deitu izan zaio, ezagutzaren parte har daitekeenean proposizio teoriko edo egitate jakin bat.

Antzinako Grezian, medikuntzaren testuinguruan zientzilari batek aurkeztu eta azaltzen zuen adierazpena zen. Bere ideien inguruan galderak egiten zitzaizkion ideia horiek eztabaidaren edo dialektikaren galbahetik igaroz, eta publikoki ideia edo baieztapen horiek izan zitzaketen kontraesanak azaleratuz.

Tesia hipotesi baten egiaztapena da, lehen hau inongo ebidentziarik gabe egin daitekeelarik, edo egiazko bihurtzen duten egitateak oraindik aurkitzeke egon daitezkeelarik. Tesia, beraz, jadanik egiaztagarria den proposizioa da, zeinaren helburua zentzu pragmatiko batean baliagarria izatea den. Hipotesi bat egiaztatu edo ezeztatzeko, eta beraz, justifikaturiko tesi gisa ezartzeko pausuak, horretarako jarraitutako arauen araberakoak dira.

Tesia, halaber, azalpen dokumentu bat da, non ikerketa lana egin duenak emaitzak aurkezten dituen. Emaitzek era sistematiko, logiko eta objektiboan eraman behar dute planteaturiko auzi edo arazoari irtenbideak bilatzera.

Nolanahi ere, tesiaren inguruko definizio ugari daude. Hemen adibidez Claudia Gómez Haro akademikoarena[1]:

“Tesia ikerketa eta argudiaketa logikoaren bidez jorratzen den ezagutza arazo baten identifikazioan datzan elementu akademikoa da. Beste era batera esanda, tesia

informazio kontaketa hutsa edo iritzi multzo bat baino gehiago da. Izatekotan informazioaren analisi kritikoa da, fenomeno jakin bat era objektibo eta egiaztatuan

azaltzeko helburuz. Zentzu horretan, berrinterpretatzen, berritzen eta ezagutza handitzen duen lan originala da. Hortaz, diziplina zehatz bati egiten zaion ekarpena da.”

Tesiak eremu ezberdinetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martin Luteroren 95 tesi gatazkatsuak
  • Askotan tesiak gatazkatsuak dira; esate baterako, 1517an Luterok indulgentziaren aurkako 95 tesiak plazaratu zituenean.
  • Antitesi eta sintesiarekin batera, Hegelen dialektikaren hirukoa osatzen du.
  • Tesiaren forma zientifiko bat hipotesia da (antzinako grekeratik ὑπό -hypo- «-ren azpitik», hau da, suposizioa)

Tesi zientifikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tesi zientifiko batek arau sistema berezi bat bete behar du. Zientzia naturalen eremuan tesi baten onarpena oso zabala izan ez dadin, baldintza hauek bete beharko lituzke:

  • Ondorio argi eta zehatza izatea
  • Onarturiko beste tesi bat ez mugatu edo oztopatzea
  • Kontraesan logikorik ez izatea
  • Egitate egiaztagarriekin frogatua izatea
  • Ageriko iritzi bat ez izatea
  • Metodoaren garrantzia azpimarratzea

Doktoretza tesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun doktoretza tesi izenez ezagutzen dira doktoretza titulua eskuratzeko asmoz, epai mahai baten aurrean aurkezten diren lan akademikoak. Bertan egileak marko teoriko baten baitako ideiak era ordenatuan aurkezten ditu, informazio berritzailea txertatu eta eusteko aukera emango dioten heinean.

Tesiaren aurkezpen eta defentsa epai mahai aztertzailearen erabakia errazteko elementu bat da, diziplina baten komunitate profesionalaren parte izango den horren gaitasuna zehazteko. Goi mailako hezkuntzako instituzio askotan karrera amaitu duen ikasleari gradu amaierako tesi bat aurkeztea eskatzen zaio, lanbidean aritzeko gaitasuna duen ebatziko duena.

Unibertsitate askok tesi baten egiturarako plantilla eta gomendaturiko formatuak dauzkate. Artikulu zientifikoak ez bezala, tesiak egituratzeko modu bakarra ez dagoen arren, elementu hauek barnebildu ohi ditu:

  1. Atarikoak
  2. Azala, laburpena (orrialde bakarrekoa normalean)
    1. Esker onak eta eskaintzak
    2. Edukien aurkibidea, taulen aurkibidea, irudien aurkibidea...
    3. Sarrera orokorra, non gaia, auzi zehatza eta helburua jorratzen diren
  3. Aurrekariak, auziaz beste autore batzuek ikertu edo esandakoaren testuinguratze bat barnebiltzen duena
  4. Erabilitako metodologia
    1. Erabilitako datu eta iturriak eta lan metodologia.
    2. Datuen analisia egiteko moduaren eta tekniken deskribapena.
    3. Oinarrizko hipotesiaren edo marko teorikoaren azalpena.
  5. Emaitzak
    1. Emaitzen aurkezpena (bakarrik autorearenak).
    2. Emaitzen analisia, zer esanahi daukaten…
    3. Emaitzen eztabaida, zein den haien garrantzia, beste lan batzuekiko lotura, zer inplikazio duten…
  6. Ondorioak, egilearen ekarpenak azalduz, ikerketaren esanahiaren laburpena, emaitzen interpretazioaren inguruko oharrak...
  7. Ikerketaren mugak
  8. Erreferentzia bibliografikoa
  9. Eranskinak

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]