Txantiloi:2015-41 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Gasteiz (ofizialki Vitoria-Gasteiz) Arabako hiriburua da; eta, izatez, 1980tik, Euskal Autonomia Erkidegokoa ere bada, bai Eusko Jaurlaritzak, bai Eusko Legebiltzarrak egoitza nagusiak Gasteizen baitituzte. 250,100 biztanle ditu, Euskal Herriko hiri jendetsuenetan bigarrena da, eta udalerririk luze-zabalenetan bigarrena, 276,81 kilometro karraturekin. Jendez eta lurraldez Arabako udalerririk handiena da, alde handiz.

1025. urteko Donemiliagako goldea agirian, Gastehiz izena ageri da, hamarrenak ordaintzen zituen Arabako herri bat izendatzeko. Bestalde, hiriaren sorrera foruak, 1181ekoak, honela dio: Placuit mihi libenti animo et sana mente populare vos in praefata villa, cui novum nomen imposui, scilicet Victoria, quae antea vocabatur Gasteiz.

Gasteiz hitzaren jatorria azaltzeko hamaika hipotesi eratu dira denboran zehar. Egun hipotesirik onartuena Alfonso Irigoienek plazaraturikoa da. Horren arabera, Gasteiz Gaste pertsona izenaren deribazio patronimikoa litzateke (Gartzia, Gartzea, Gartze-ren aldaera da Gaste(a), Gaste askotan, -a artikulua itsatsita agertzen da agirietan, Gastea forman). Zehaztu gabeko garai batean, antroponimoa toponimo bihurtu zen, latineko genitibotik datorren eta jabegoa adierazten zuen -i(t)z atzizkiaren bidez.