Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Astronomia

Astronomia Unibertsoa eta argizagiak (adibidez, izarrak, planetak, kometak, galaxiak) aztertzen dituen zientzia da. Astronomian diharduten zientzialariak astronomoak dira. Astronomia beti egon da lotuta denbora eta egutegiekin. Lehenengo astronomoek noiz erein edo uzta noiz zen jakin nahi zuten.

Astronomoek Unibertsoa nola osatu zen eta nola funtzionatzen duen jakin nahi izaten dute, eta horregatik aztertzen dituzte gure eguzki-sistemako planetak eta beste izarrak eta gainerako objektuak. Horretarako, oso teknologia aurreratua erabiltzen dute. Behatokietan, adibidez, teleskopio oso handi eta indartsuak egoten dira, planetak eta izarrak behatzeko (hau da, ikusteko eta aztertzeko).

Gizakiak beste tresna batzuk bidali ditu espaziora, Lurretik kontrolatuak, izar eta planeten argazkiak atera eta era askotako neurketak egiteko; espazio-zundak deitzen dira. Tresna horietako batzuk planeta batzuetara hurbildu dira, eta besteren bat planetaren baten azaleraino iritsi ere bai.

Baina, tresnez gain, XX. mendean gizaki batzuk ere bidali ziren espaziora, ikerketa astronomikoak egiteko. Horrela, 1961. urtean, Sobiet Batasunak Juri Gagarin izeneko kosmonauta bat bidali zuen espaziora suziri batean. Estatubatuarrek, geroago, astronauta batzuk bidali zituzten Ilargira 1969an, gure satelite naturala hurbiletik ezagutzeko eta ikerketa batzuk egiteko; horrela, Neil Armstrong izan zen Ilargiaren gainean ibilitako lehen gizakia.


Zer jakin nahi duzu?