Edukira joan

Egutegi

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Tunisiako egutegia, egun gregoriotarra, islamdarra eta berberea adieraziz.

Egutegi bat egunak antolatzen dituen sistema da[1], batez ere gizarte, erlijio, merkataritza eta administrazio helburuekin. Hau lortzeko denbora tarteak definitzen dira, oro har egun, aste, hilabete eta urteak. Egutegietako denbora tarte edo garai hauek, gehienetan baina ez beti, zenbait fenomeno astronomikoekin bat etortzen dira, adibidez Eguzkiaren edo Ilargiaren zikloekin. Zibilizazio askok berezko egutegi bat garatu dute, gehienetan beste egutegi batetik eratorria baina haien behar bereziei egokitua. Gaur egun egutegi gregorianoa (eguzki-egutegia) da munduan zabalduen dagoena.

Egutegiak gehienetan taula moduan adierazten dira. Egun bakoitzari emandako izena data da.

Ekinokzioa Pizzi Vento-ko egutegi astronomikotik (Fondachelli-Fantina, Sizilia)

Eguzkiaren eta Ilargiaren ibilbideak dira gertaera natural errepikakor eta erregular nabarmenenak denbora neurtzeko, eta, beraz, mundu osoko gizarte aurre-modernoetan, ilargialdiak eta urtea erabili izan dira denbora-unitate bezala. Idatzitako lehen egutegi fisikoak, Antzinako Ekialde Hurbilean garatutako idazketari lotuak, Brontze Aroko sumertar eta egiptoar egutegiak izan ziren[2].

Antzinako Ekialde Hurbileko egutegi sistema ugari, egutegi babilonikoan oinarrituak, Burdin Arokoak dira, horien artean Persiar Inperioko egutegi sistema, zeinak egutegi hebrear eta zoroastrikoei leku eman ziena. Greziar egutegi ugari garatu ziren Grezia Klasikoan, eta garai helenistikoak antzinako egutegi erromatarrari eta zenbait egutegi hinduri leku eman zien[3].

Antzinako Erromatar egutegia, Julio Zesarrek eraberritu zuen K.a. 46an[4][5]. Juliotar egutegia, jada ez zegoen ilberriaren behaketaren mende, baizik-eta algoritmo bat jarraitzen zuen, bisurteetan (lau urtetik behin) egun bat gehitzen zuena[5]. Honek ilargiaren hilabete egutegiaren disoziazio bat sortu zuen. Horrek eragin zuen hilabeteak ilargialdiekin zerikusirik ez izatea. Egutegi gregorianoa, juliotar egutegiaren fintze bezala sartu zen 1582an[5] eta gaur egun mundu osoan "de facto" erabiltzen da erabilera sekularrean.

Gaur egun, oraindik erabiltzen den ilargi egutegi nagusia islamiar egutegia da, Mahometen ikasbideei jarraituz, aurre-islamiar egutegi batean oinarrituta eta Omar kalifak abiabuntua ezarria (Hejira). 12 ilargi hilabete ditu, eta Koranak debekatuta duenez egunak edo hilak tartekatzea[6] bisurteetan bezala, hilok ez datoz bat urtaroekin.

C zutarriko ekialdea (Quiriguá, Guatemala), munduaren sorreraren data mitikoarekin: 13 baktun, 0 katun, 0 tun, 0 uinal, 0 kin, 4 Ahau 8 Cumku (K.a. 3114ko abuztuak 11).

Antzinako egutegi-sistema guztien artean, maiak eta Mesoamerikako beste batzuk dira konplexuenak. Maien egutegiak bi urte mota zituen: sakratua (tzolkin) 260 egunekoa eta zibila (haab) 365 egunekoa. Maien egutegiaren funtsezko elementuak eskualde osoan erabilitako sistema batean oinarritzen dira, gutxienez K.a. V. mendetik. Aspektu asko partekatzen ditu Mesoamerikako beste zibilizazio batzuek erabilitako egutegiekin, zapoteka eta olmeka garaikideak kasu, eta ondorengoko mixteka eta azteka egutegiak kasu[7] .

Egutegiaren banakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egutegi historiko guztiak fenomeno astronomikoek definitutako denbora tarteetan oinarrituta daude.

Zibilizazio guztietan, egunaren eta gauaren arteko txandaketa da oinarrizko denbora unitatea. Eguna Lurraren errotazioak sortzen duenez, egunsentia ez da une berean gertatzen mundu guztian. Oraintsu arte, ez-aldiberekotasun hau ez zuen garrantzirik mugikortasunak ez baitzuen eraginik zibilizazioen arteko harremanetan. Garraioen garapenak eta ordua hedatzeko aukerak konponbidea aurkitzeko beta eman zuen XIX. mendean eta ordu zonak garatu ziren.

Sakontzeko, irakurri: «Hil»

Ilargialdiak behatzeko errazak dira eta denbora tarte luzeak neurtzeko oinarri izan dira hainbat kulturatan. Urtarorik gabeko munduko eskualdeetan, Polinesian adibidez, hilabetea da oinarrizko denbora neurria egunaren ostean. Egungo islamdar egutegia ilargialdietan oinarritzen da.

Eguzki-egutegietan, hilabeteak ez daude Ilargiarekin sinkronizatuak.

Urtaroak definitzen dituenez, nekazaritza garatu ahala urteak garrantzia hartu zuen denbora neurri gisa. Denbora tarte hau nahiko luzea da eta definitu egin daiteke, adibidez solstizio eta ekinokzioak erabiliz.

Garatu zen lehen eguzki egutegia Antzinako Egiptoko egutegia omen da. Teorian batzuen arabera, Nabta Playa edo Stonehenge lekuetako megalitoek, edo azteken eta maien tenpluek urteak neurtu ahal izateko erabili ziren.

Egutegi sistemak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Egun munduan erabilitako egutegi ofizialak:
     Egutegi gregorianoa darabilten estatuak.      Egutegi gregorianoaren bertsio eraldatu bat darabilten estatuak.      Egutegi gregorianoaz gain beste egutegi bat darabilten estatuak.      Egutegi gregorianoa ez darabilten estatuak.

Hilabetea edo urtea oinarri hartuta, ilargi edo eguzki egutegia izango da. Ilargi egutegietan, hilabetearen batez besteko iraupena ilargialdiaren antzekoa da, 29,5305882 egun[8] ingurukoa. Eguzki egutegietan, urtearen iraupena 365,242190 egun ingurukoa da.

Egun munduan hedatuen dagoen egutegia gregorianoaa da, eguzki-egutegi bat.

Ilargi egutegiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Ilargi egutegi»

Ilargi egutegiak ilargiaren zikloetan oinarritzen dira denboraren kalkuluak egiteko. Denboraren neurketarako oinarria ilargialdien iraupen neurria hartzen dute. Ilargialdiaren iraupena 29 egun, 12 ordu, 44 minutu eta 2,8 segundokoa da batez beste. Antzinaroko egutegi guztiak, Egiptokoa izan ezik, horrela sortu ziren.

  • Euskal egutegia: antzinako euskal asteak hiru egun bide zeuzkan (astelehena, asteartea eta asteazkena. Hilak, mundu zabalean bezalatsu, ilargiaren arabera antolatu ziren, haien izenek erakusten diguten moduan (urtarrIL, otsaIL eta abar). Hala ere, aspalditik du Euskal Herriak sartaldeko egutegia, erromanizazioak eta batez ere kristautzeak aurrera jo ahala.
  • Islamiar egutegia: Mahomaren hejiraren lehenengo urtean, kristau aroaren 622an hasten den egutegia. 12 hilabetek osatzen dute. Hilabete bakoitza ilberriarekin hasten da eta 29 egun ditu hilabete batek, eta 30 hurrengoak. Ilargialdiaren iraupena hilabeteak baino 44 minutu gehiagokoa zenez, 30 urtean 11 egunen gorabehera sortzen zen. Hori gerta ez zedin, egun bat eransten zuten aldika, musulmanen egutegiaren helburua ilargialdiak beraiek jarritako egunekin bat etortzea baitzen.
  • Tzolk'in egutegia (maia errituala): 260 egunekoa.
  • Mesopotamiako egutegia: 12 hilabeteko urtea zen, hilabete bakoitzak 29 edo 30 egun zituela, era horretara hilabeteak eta ilargialdiak ia bat zetozela.
  • Greziar egutegia: 30 eguneko 12 hilabete zituen hasieran, baina gerora 29 eta 30 eguneko hilabeteak eratu ziren. Hilabetea dekada izeneko 10 eguneko hiru zatitan banatu zuten hasieran, eta gerora 10 eguneko bitan eta 9ko batean

Ilargi-eguzki egutegiak ilargi egutegi mota bat dira, eguzki-urtera egokitzeko hilabete bereziak tartekatzen dituztenak:

Eguzki egutegiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Eguzki egutegi»

Denboraren neurketarako oinarria Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen itzuliaren iraupen neurria hartzen dutenak dira:

Euskarazko lehen egutegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iritsi zaigun euskarazko egutegi antzinakoena Joanes Leizarragak egindako itzulpena da, Kalendrera izenekoa (Arroxelan, 1571). Bertan, juliotar egutegiaren azalpenak ematen dira, bisurtea eta ilargialdiak nola kalkulatu. Hauek dira bertan agertzen diren 12 hilabeteak: urtarrila, otsaila, martxoa, apirila, maiatza, ereiaroa, uztaila, agorrila, buruila, urria, hazila eta abendua.

Egutegi mota asko daude, erabilera anitzetarako balio dutenak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Egutegi». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-11-03.)
  2. (Ingelesez) Shirley, Lawrence. (2009-02-11). The Mayan and Other Ancient Calendars. Washington, DC  doi:10.4169/loci003264..
  3. (Ingelesez) Calendar - The early Roman calendar. Encyclopedia Britannica 2020-12-24.
  4. The History of the Calendar. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2020-12-02).
  5. a b c Nagore Irazustabarrena. (2020-03-01). 'Bis Sextum', egutegia doitzeko. Bizi Baratzea.
  6. (Frantsesez) Jean Lefort, La saga des calendriers, Bibliothèque pour la science, 1998
  7. (Ingelesez) Maya Calendar Origins: Monuments, Mythistory, and the Materialization of Time. .
  8. (Frantsesez) Rythmes du temps: astronomie et calendriers, Émile Biémont et Jean-Claude Pecke, 292 or.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]