Wikipedia, Entziklopedia askea

Akkra

Akkra Mendebaldeko Afrika hiri bat da, bai eta Ghana izeneko herrialdeko hiriburua eta hiri nagusia ere. 2010eko datuen arabera, 1,6 milioi biztanle inguru ditu.

Geografiari begiratzen badiogu, Gineako golkoan dago, Ekuatoretik hurbil. Horregatik, klima tropikal lehorra du. Bi euri garai ditu, baina urte osoan ez du asko egiten. Tenperatura aldetik ez dira aldaketa handiak gertatzen: 24,7°tik 28°tara. Abuztua hilabete hotzena da, martxoa beroena.

Bestalde, kultura, merkataritza eta industriagune garrantzitsua da. Komunikazio ugari ditu, burdinbidez eta errepidez, kostalde bereko beste hiriekin. Garrantzi handiko petrolio findegia du.

Hiriko irudiak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1500 eta 1578 artean egungo Akkraren inguruan Portugaldar Inperioak gotorleku bat sortu zuen. Tokia Afrikako lehengaiak eta esklaboekin merkataritza egiteko egokia zen eta horiek ospea eman zioten. Europarrek Gineako golkoko mendebaldeko itsasalde horri Urre Kosta esan zioten. Esklaboak inguruko lurraldeetan harrapatzen zituzten.

1578.an, bertako herriak portugaldarren gotorlekua txikitu zuen eta, XVII. mendearen hasieran, bertan hiri bat sortu zuten. Denborarekin beste inperio batzuek ere haien gotorlekuak sortu zituzten inguruan: britainiarrek, herbeheretarrek eta suediarrek. 1877an, britaniarrek Akkra Urre Kosta Britaniar izeneko koloniaren hiriburua izendatu zuten, Cape Coast hiriaren ordez. Poliki-poliki, burdinbidearen eraikuntzarekin, hiria Ghanako benetako bihotz ekonomikoa bihurtu zen.

1948.an Erresuma Batuarekiko independentziaren aldeko kanpaina handia egin zen. 1957.an, estatu independiente bihurtu zen eta Akkra hiriburu bihurtu zen. Gaur egun Afrikako hiriburu aurreratuenetariko bat da.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ghanak ez du turismo askorik erakartzen; urtero, milioi bat pertsona inguru. Baina Akkra da hiririk turistikoena, hainbat hotel, museo eta monumenturekin.

Museoen artean, aipatzekoa da Ghanako Museo Nazionala, hiriko museorik handiena eta zaharrena; herrialdeko arkeologia, etnografia eta artegintzako objektuak erakusten ditu. Interesgarria da Ghanako Antzoki Nazionala ere, Txinaren oparia.

Leku historikoen artean, baditu gotorleku batzuk: Usser Fort izenekoa eta Osu Castle izenekoa.