Burdinbide
Burdinbidea bidaiari eta zamentzako garraiobide bat da, trenbideetan dabiltzan ibilgailu gurpildunak erabiliz.
Errepideko garraioan ez bezala, ibilgailuak norabide bakarrean ibil daitezke, bi noranzkotan, trenbideetako errailek gidatuak. Errail hauek trabesa eta balasto gainean bermatzen dira gehienetan, baina beste sistema batzuk ere badaude, hala nola, errailak betoizko zoruan lotuak egotea. Ohikoena errail hauen gainean metalezko gurpilak erabiltzea da.
Ibilgailuak ilaran joan ohi dira, tren izenekoak. Ilara edo konboi hauek bagoiz osatuak daude eta lokomotora edo automotore batek mugiarazten ditu. Batzuetan, bagoiak berak mugiaraz dezake tren osoa.
Trenez gain, burdinbideak hainbat aldaera espezializatu ditu: metroa, tranbia, funikularra...
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garraio gidatuko adibide goiztiarrena Diolkos izan zen, itsasontziek Korintoko istmoa zeharkatzeko sistema K. a. VI. mendean eraikia Grezian. Bertan, esklaboek eta zama abereek bultzatutako orgak harrian zizelkatutako bideetan mugitzen ziren. "Burdinbide" primitibo hau 900. urte inguru arte funtzionatu zuen.
Zaldiek tiratutako lehen bagoiak Antzinako Grezian eta Erromatar Inperioa agertu ziren lehen aldiz, 1. urte inguruan, eta aurrekoek bezala harri zizelkatuzko bideak zerabiltzaten.
Garraio gidatuak 1550an agertu ziren berriz Europan,[1] meategietan erabiltzeko. Hauek zurezko errailak erabiltzen zituzten. Lehenengo trenbidea Erresuma Batua ezarri zen XVIII. mendean, batez ere ikatza meategietatik ubideetara garraiatzeko helburuarekin, gero ontziak erabili ahal izateko. Honelako burdinbideen arrastoak Broseley inguruan aurkitzen dira, Shropshiren. Errailak zurezkoak ziren. 1768an, Coalbrookdale konpainiak zurezko errailak burdinaz ordezteko ideia izan zuen, higadura handia saihesteko eta zama astunagoak garraiatu ahal izateko.
William Jessop ingeniariak burdinazko errailak asmatu zituen, koxkarik gabeko gurpilek erabiltzeko modukoak. Errail hauek Leicestershire aldeko proiektu batean erabiltzekoak ziren 1789an. 1790an altzairutegi bat sortu zuen beste kide batzuekin, batez ere errailak ekoizten zituena. Inauguratu zen lehen trenbidea Surrey Iron Railway izan zen, Jessopek irekia 1802an[2]. Zaldiek mugiarazten zituzten.
Lehenengo lurrun lokomotorra Richard Trevithickek eraiki zuen eta 1804ean saiatu zen Galesen. Saio hoenk ez zuen arrakastarik izan, makina hain astuna izanik trenbidean hausten baitzuen. 1811n, John Blenkinsopek lehen lokomotor erabilgarria bururatu zuen[3]. Ikatz garraiorako lurrun lokomotorra patentatu zuen (No 3431). Bidea eraiki egin zen, Middleton Colliery eta Leeds lotuz. Horrela, Middleton Railway lurruna erabiltzen zuen lehen trenbide komertziala izan zen.
Europa kontinentaleko lehen trenbide sarea Saint-Étienneko eskualdean eraiki zen, Frantzian, 1827 (Louis-Antoine Beaunier) eta 1830 (Marc Seguin) artean.
Europa eta Ipar Amerikan, burdinbidearen garapen handiena 1848 eta 1914 artean izan zen. Lehen Mundu Gerraren ondoren ere, burdinbidea garatzen jarraitu zuen, baina laster autoen eta kamioien lehia pairatu zuen distantzia laburrean eta Bigarren Mundu Gerraen ondoren hegazkinena distantzia luzean.
1973ko petrolio krisiak burdinbidearen eraberritzea ekarri zuen, batez ere hirigune eta metropoligune barneko bidaiari garraioan. Geroago, Abiadura Handiko Trenak garatzen hasi ziren, egun garatzen jarraitzen duena, Euskal Herrian barne.
Lebitazio magnetikoa (Maglev deritzona), 2005ean lehen aldiz Shanghain 43 kilometroko bidea ezarri zena, sistema lehiakorra bihur daiteke.
Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bordele-Baionako burdinbidea, 1854
- Bilbo-Tutera burdinbidea, 1864[erreferentzia behar]
- Norteko (Madril-Irun) burdinbidea, 1864
- Anglo-Vasco-Navarro burdinbidea (Lizarra-Gasteiz-Bergara), 1887
- Bilbo-Portugalete burdinbidea, 1888
- Roblako burdinbidea, 1894
- Urolako burdinbidea, 1926
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ 1550eko irarlan batek errail gaineko bagoi bat irudikatzen du Alsaziako meategi batean
- ↑ Stephenson Locomotive Society (Noiz kontsultatua: 2008-01-4).
- ↑ John Blenkinsop -- Britannica Online Encyclopedia
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Burdinbidea hiru.com webgunean