Txikipedia:Akronimo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Radar hitza akronimo bat da.

Akronimoa hitz-multzo baten hasierako letrak edo silaba batzuk erabiliz osatutako hitza da; hitz bat bezala ahoska daitekeen sigla bat dela ere esan daiteke. Baina, siglak ez bezala, hitz arruntak izatera irits daitezke, edo izen propioak ere osa ditzakete, eta horregatik ez dira osorik letra larriz idatzi behar, dagoeneko ez baitira laburduratzat hartzen, hitz arruntak edo izen propioak baizik.

Esate baterako, "EGA azterketa" multzoan, EGA zatia "Euskararen Gaitasun Agiria" laburtuta esan nahi duten siglak dira, eta beti letra larriz idatzi ohi dugu. Aldiz, laser hitza ingelesezko "Light Amplification by Stimulated Emission of Radiation" («erradiazioen igorpen kitzikatuaren bidezko argi-anplifikazioa») hitz-multzoko hitz bakoitzeko lehen letra edo hizkia erabiliz osatuta dagoen hitza da, eta gaur egun hiztegira sartutako hitz arrunta da; horregatik, ez da letra larriz idazten.

Beraz, honako hauek siglak dira:

  • EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
  • EHU: Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

Eta beste hauek, aldiz, akronimoak:

  • Emakunde: EMAkumeen Euskal EraKUNDEa.
  • Unesco: United Nations Educational, Scientific and Cultural Organization hezkuntza, zientzia eta kulturarako Nazio Batuen erakundea.
  • Radar: Radio Detection And Ranging (irrati bidezko detektatze eta distantzia neurketa).