Wikipedia, Entziklopedia askea

Akueduktu

Jump to navigation Jump to search
Tarragona ondoko akueduktu bat.

Akueduktuak aspaldiko garaietan ura toki batetik bestera eramateko eraiki zituzten harrizko zubi modukoak dira. Gehienbat, mendietako erreketako ura hirietara garraiatzeko ziren, eta grabitateaz baliatzen ziren horretarako; hau da, akueduktuak beti beheranzko aldapa batez eraikitzen dira, ur-jarioa bideratzeko.

Europan dauden antzinako akuedukturik ezagunenak erromatarrek eraiki zituzten. Baina antzinako Grezian, Babilonian, Persian eta Indian ere eraiki ziren. Antzinako asiriarrek, 2 milioi harri bloke erabili zituzten, ura Ninive izeneko beren hiribururaino eraman ahal izateko.

Baina akueduktu-eraikitzailerik trebeenak antzinako erromatarrak izan ziren. Antzinako Erroma hiriak 11 akueduktuk osasutako sare bat zuen ura hirira garraiatzeko. Sare horrek zubiak eta lur azpiko hodiak erabiltzen zituen. Akueduktu batzuk hain ondo eraiki ziren ezen oraindik erabiltzen baitira gaur egun. Erromatarrek beren inperioaren beste leku askotan ere eraiki zituzten akueduktuak. Euskal Herritik hurbilen dagoena Segoviako akueduktua da, oraindik ere ikus daitekeena.

   Ba al dakizuEmoji u2753.svg   
Erromatarren akuedukturik luzeenak.


Erromatarrek eraiki zuten akuedukturik luzeena Afrikako iparraldean zegoen, ura Kartagora eramateko, gaur egungo Tunisian. Bere adar guztiekin, 132 km zituen. Erroma hirian, aldiz, akuedukturik luzeenak 90 km inguru zituen.

Ura Kartagora eramaten zuen akueduktuaren hondakinak.

Nola funtzionatzen zuten?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akueduktu erromatarren eskema.

Akueduktuek hiri batera ura garraiatu ahal izateko, iturburuak hiria baino gorago egon behar du; gainera, akueduktuak aldapa arina eduki behar du, urak ez oso azkar beherantz jaitsi ahal izateko, helmugara arte. Mendialdeetan, akueduktu horietako zati batzuetan, tunelak egiten ziren.

Aldiz, haranetan ura mugitu ahal izateko, harrizko egitura batzuk eraikitzen ziren, arkuekin, eraikuntzen pisua gutxitzeko; batzuetan arku-ilara bat baino gehiago izaten zituzten, salbatu beharreko altueraren arabera. Ura akueduktuen goiko aldean zegoen ubide edo kanal batetik mugitzen zen.

Gaur egun ez da akuedukturik eraikitzen ura garraiatzeko; horien ordez, ura gehienbat lurraren azpitik eramaten da, hodien bidez, baita mendialdetik haranetara ere. Gainera, ura gorantz bultzatzeko tresnak edo sistemak ere baditugu, ponpa izenekoak, elektrizitatearen bidez funtzionatzen dutenak.