Wikipedia, Entziklopedia askea


Segoviako akueduktua eraikuntza erromatar bat da. K.o. I eta II. mendeak bitarte eraiki zuten, hots, erromatarrek Hispania menperatzen zuten garaian. Eraikuntza hori ura Segoviako hirira eramateko erabiltzen zen. Akueduktutik Segoviara iristen zen ura hiritik 17 kilometrora dagoen mendi bateko iturri batetik zetorren.

Bitxitasun bat: akueduktuaren ondoan otseme bat eta bere esnea edaten duten bi haurren estatua bat dago, zeinak Romulo eta Remoren aintzinako kondaira erromatarrari erreferentzia egiten baitio. Amak Romulo eta Remo abandonatu zituen; geroago, otseme batek hazi zituen, eta itxura denez, haiek sortu zuten Erromako hiria.

Nola eraiki zuten?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akueduktua harrizko bloke erraldoiez eraiki zuten, arkuz osatutako bi mailatan, eta horiek igotzeko aldamio eta poleak erabili zituzten. Harri hauek elkarri egiten dioten indarrari esker eusten diote, zementuaren edo antzeko beste zerbaiten beharrik gabe.

20.400 harri-bloke inguru erabili zituzten eraikuntza egiteko, eta horietako batzuek 2.500 kiloko pisua dute. Horiek mugitzeko aldapak eta egurrezko arrabolak ez ezik, gizonak eta animaliak ere behar izan ziren.

Akueduktuak funtzionatzeko presak eta kanalak eraiki zituzten erromatarrek, iturriko ura pilatu eta hirira irits zedin. Toki batzuetan ura kanpotik zihoan; beste batzuetan, aldiz, lur azpitik.

Bidean zehar ura garbitzeko eraikuntza berezi batzuk egin zituzten, zikinkeria kentzeko eta ura hirira garbiago iristeko. Hiriko toki batzuetan, eta malda handiko lekuetan ura hobe garraiatzeko, arku-sistema batez dago eraikita kanala. Lurraren desnibela oso aldakorra den tokietan arku bikoitzak eraiki zituzten.

Amaierako partean, ura zisterna handi batera iristen zen: puntu horretan biltzen eta banatzen zen iristen zen ura.

Segoviako akueduktuaren kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Segoviako akueduktuari buruzko kondairak dio neska batek bide luzea egin behar zuela ura biltzera joateko, garai hartan ez baitzen urik iristen hirira. Ordu asko behar zituen joan-etorria egiteko, ura eramateko ontzia gainean zeramala.

Egun batean, neska oso nekatuta eta haserre zegoen horren lan gogorra egin behar izateagatik, eta bidearen erdian oihukatu zuen: «Edozer egingo nuke ur hau Segoviako hirira iristearen truke!». Bat-batean, ahots batek erantzun zion neskatilari: «Ziur al zaude edozer egingo zenukeela?». Gorriz jantzitako eta bibote handiko gizon bat zen.

Neskatxak erantzun zion txiroa zela eta ez zuela trukean emateko ezer baliotsurik, baina ezezagunak erantzun zion bazegoela eman ziezaiokeen zerbait: arima. Gizonak esan zion arimaren truke berak eramango zuela ura hirira oilarrak abestu baino lehen. Neskak bidea egiteko gogorik ez zuenez, baietz esan zion.

Gau horretan bertan, neskatxa lo zegoela, zarata handi batek esnatu zuen. Zer zen ikustera joan zen, eta orduan, ura biltzen zuen iturrian, aurreko egunean berarekin hitz egin zuen gizona aurkitu zuen. Gizon hura harriak mugitzen eta eraikuntza handi bat ari zen egiten. Harengana hurbiltzean konturatu zen gizon hura deabrua zela.

Bere etxera ihes egin zuen, beldurtuta, eraikuntza hura Segoviara hurbiltzen ari zela ikusten baitzuen. Etxetik irten zen bizilagunen baten laguntza eske, baina guztiek zuten atea itxita, gaueko ordu txikiak baitziren. Hala ere, leiho bat ikusi zuen irekita. Hurbiltzean oilar bat ikusi zuen, eta hark kandelaren argia ikustean pentsatu zuen jada eguna zela; esnatu eta abesten hasi zen. Momentu hartan deabruak oilarraren kantua entzun eta konturatu zen ez zuela eraikuntza amaitu, ezta tratua bete ere; ondorioz, ezin izan zuen neskatxaren arima eraman eta infernura itzuli zen inoiz ez itzultzeko.

Hurrengo egunean, herritar guztiak liluratuta geratu ziren zubiz eta arkuz egindako eraikuntza ikustean. Hiriaren erdialdera iristen zen ia, eta guztien artean erabaki zuten hura amaitzea ura Segoviako erdialdera irits zedin.