Wikipedia, Entziklopedia askea

Ankara

Anıtkabir mausoleoa.

Ankara Asiako hiri bat da eta Turkiako hiriburua. Ez da hiri handiena, hori Istanbul da. Anatolia penintsularen erdialdean kokaturik dago, kostaldetik urrun. 2015eko datuen arabera, hiriak 5,2 milioi biztanle inguru ditu.

Kemal Atatürk-ek sortu zuen Turkia eta berak erabaki zuen Ankara hiriburu izatea. Horregatik haren hilobia Ankaran dago, Anıtkabir mausoleoa da.

Ankara Turkiako industria-gune nagusietako bat da. Bertako fabrikek ardoa eta garagardoa, elikagai prozesatuak, zoru apaingarriak, eraikuntzako materialak eta traktoreak ekoizten dituzte. Turismoa eta beste zerbitzu-industria batzuk azkar hedatu dira hirian.

Hainbat herri bizi izan dira Ankara inguruan duela milaka urtetik. K.a. 334. urtean, Alexandro Handiak hiria konkistatu zuen. Geroago, hiria Erromatar Inperioaren barruan egon zen, eta, ondoren, Bizantziar Inperioaren barruan. Bizantziar Inperioaren zati zenean, Ankara behin eta berriz eraso zuten persiarrek eta arabiarrek. XI. mendean, turkiarrek hiria mehatxatu zuten, eta 1403an Otomandar Inperioaren (turkiarren) mende gelditu zen.

Ankara XX. mendearen hasierara arte izan zen Otomandar Inperioaren zati. 1919an, Mustafa Kemal turkiar buruzagiak oposizioko gobernu bat ezarri zuen Ankaran; Turkia herrialde burujabe bat izatea nahi zuen. Azkenik, Otomandar Inperioa desagertu zen eta Turkia errepublika independente bihurtu zen 1923an, Ankara hiriburu zela.