Wikipedia, Entziklopedia askea

Bakezaletasun

Eduki-taula

Umeak bakezaletasunaren ikur edo sinboloa osatzen.

Bakezaletasuna gerraren eta, oro har, indarkeriaren aurkako pentsamoldea da. Edozein arrazoirengatik gerraren eta indarkeriaren aurka daudenei bakezale deitzen zaie.

Gerrak beti egon dira historian. Mundu guztiko jendeak nahi izaten du bakea, baina zaila da lortzea. XIX. mendetik aurrera, pertsona-talde batzuk mugimenduak antolatzen hasi ziren, bakearen ametsa errealitate bihurtzeko.

Bakearen aldeko mugimenduak hasi aurretik, bazeuden erlijio-talde batzuk gerraren kontra. Adibidez, budistek uste dute biolentzia oro gaizki dagoela. Kristau asko ere bakezaleak dira.

Bakearen aldeko lehen mugimendu ez-erlijiosoa Estatu Batuetan hasi zen, 1815ean. XIX. mendearen amaieran, mundu osoko hainbat jende hasi zen bakearen aldeko taldeak antolatzen. Besteak beste, Lehen Mundu Gerrako izugarrikeriek jendea mugimendu bakezaleen alde jartzera eraman zuen, baita gobernu asko ere. Berrogeita bi herrialdek Nazioen Liga sortu zuten 1920an, munduan bakea mantentzeko. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Nazio Batuen Erakundeak ordezkatu zuen Liga.

Etsaiek eraso egin eta herritarrak hiltzen direnean, bakearen aldeko mugimenduek indarra galtzen dute sarri. Adibidez, Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Estatu Batuetan jende askok ez zuen nahi beren herrialdeak parte hartzerik. Alabaina, japoniarrek 1941ean Pearl Harborri eraso egin ondoren, estatubatuar gehienek borrokatu egin nahi zuten.

Onarpenik ez duten gerretan ere, hiritar askok bakearen aldeko mugimenduak kritikatu egiten dituzte batzuetan. Adibidez, 60ko hamarkadan mundu osoko gazteek bakearen aldeko mugimendu bat sortu zuten Vietnamgo gerra geldiarazteko. Hala ere, estatubatuar askok sentitu zuten manifestariak haien beren herrialdearekiko desleialak izaten ari zirela. Edo, geroago, 2003an, estatubatuar asko ez zeuden ados Iraken Estatu Batuek gidatutako gerra geldiarazi nahi zuen bake-mugimenduarekin.

Alabaina, XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran herrialde gehienak bat etorri ziren bakea helburu garrantzitsua zela. Gobernu askok erabaki zuten arma nuklearren metaketa mugatzea. Terrorismoaren aurka borrokatzeko moduak ere bilatu zituzten, hura ere beste mehatxu bat baita bakearentzat.