Wikipedia, Entziklopedia askea
New Yorkeko dorre bikien aurkako atentatua.

Terrorismoa gizartea aldatzen saiatzeko helburuarekin beldurra eta indarkeria edo borroka armatua erabiltzen duten pertsona batzuen ekintzak dira. Beldurra sortzen dute krimen bortitzak eginez. XXI. mendean, herrialde askok uste dute terrorismoa dela herritarren segurtasunerako mehatxurik handiena.

Zer helburu dute terroristek?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terrorista guztiek ez dute gauza bera nahi. Batzuek gobernu bat boteretik kendu nahi dute; terrorista iraultzaileak dira horiek. Horien artean daude 70eko hamarkadako Italiako Brigada Gorriak eta 80ko eta 90eko hamarkadetako Peruko Sendero Luminoso. Bi taldeek beren ikuspegi politikoa inposatu nahi zuten.

Beste terrorista batzuek lurralde baten independentzia nahi dute. Hori da ETAren kasua Euskal Herrian. Sri Lankan, Askapenerako Tigreak izeneko talde bat tamil herriarentzako aberri bat bilatzen ari da. Palestinako hainbat taldek Ekialde Hurbilean estatu palestinar bat sortu eta Israel ahuldu edo suntsitu nahi dute.

Terrorista batzuk gizarte-talde minoritarioen aurka daude. Ku Klux Klan (KKK) delakoa Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen 1860ko hamarkadan, afro-amerikarrek (beltzek) botoa eman ez zezaten. Geroago, KKK-k katolikoei, juduei eta beste talde batzuei ere eraso zien.

Batzuetan, herrialde bateko agintariek berek beste terrorismo mota bat praktikatzen dute, herritarrak hilez. Agintari horiek nahi dutena jendea boterearen aurka joateko beldur izatea da. Iosif Stalinek, Sobietar Batasunean, eta Saddam Husseinek, Iraken, euren herritarren aurka izua erabiliz gobernatzen zuten. Bestalde, diktadurak dituzten herrialdeetan, gobernuek terroristatzat jo izaten dituzte haien aurka dauden talde edo pertsonak.

Zer metodo erabiltzen dituzte?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terroristek bonbak erabili ohi dituzte. Bonbak autoetan edo motxiletan eraman ditzakete. Paketetan ere bidaltzen dituzte batzuetan. Terrorista suizida deiturikoak bonba lehertzean haiek ere hilko direla dakitenak dira.

Terrorista batzuek produktu kimikoak edo beste substantzia kaltegarri batzuk ere bota dituzte. 1995ean, Japoniako talde terrorista batek gas pozoitsua bota zuen Tokioko metroan eta hamabi pertsona hil ziren. 2001ean, bost pertsona hil ziren Estatu Batuetan norbaitek antrax izeneko gaixotasun bat zuten gutunak postaz bidali ostean.

Terroristek buruzagi politikoak ere bahitu edo hiltzen dituzte. Batzuetan, itsasontziak edo hegazkinak bahitu edo harrapatzen dituzte. Noizbait, bidaiariak bahitzen dituzte, euren eskaerak asetzen diren arte.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terrorismo hitza Frantziako Iraultzan erabili zen lehen aldiz, 1789tik aurrera. Buruzagi iraultzaile batzuek euren ekintzen aurka zeudenak nola zigortzen zituzten deskribatzen zuen.

XIX. mendearen amaieran, anarkistak terrorismoa erabiltzen hasi ziren. Anarkistek gobernu mota guztiak suntsitu nahi zituzten. Anarkista batek William McKinley Ameriketako Estatu Batuetako presidentea hil zuen 1901ean. Anarkistek Europako hainbat buruzagi ere hil zituzten XIX. eta XX. mendeetan.

XX. mendean talde terroristak ugaritu egin ziren. Arrazoi bat da arma hilgarriak errazago lortu zitezkeela. Beste arrazoi bat da hegazkinez egindako bidaiek indarkeriaz jokatzeko modu berriak eman zizkietela terroristei. Terrorismoa erabili zuten talde askok helburu politikoak zituzten; beste batzuek arrazoi erlijiosoengatik erabiltzen zuten terrorismoa.

2001eko irailean, Al Kaida izeneko talde bateko kideek lau hegazkin bahitu zituzten Estatu Batuetan. Haietako hiruk zenbait eraikinen kontra jo zuten. Ordura arteko ekintza terroristarik hilgarriena izan zen, 3.000 pertsona inguru hil baitziren. Handik gutxira, George W. Bush AEBko presidenteak "terrorismoaren aurkako gerra" aldarrikatu zuen. AEBko indarrek Osama Bin Laden Al Kaidako buruzagia aurkitu eta hil zuten 2011n.