Edukira joan

Txikipedia:Lehen Mundu Gerra

Wikipedia, Entziklopedia askea

Lehen Mundu Gerra, Gerra Handia “moduan” ere ezagutua, Europan hasi zen, horregatik, hasieran Europako Gerra deitzen zitzaion. Gerra hau XX. mendearen hasieran, zehazki 1914 eta 1918. urteen artean gertatu zen. Garai hartako potentzia handienek parte hartu zuten eta historiako gerrarik handienetako bat izan zen, 70 milioi pertsona baino gehiago mobilizatu baitziren soldadu gisa.

Gerra hau oso latza eta suntsitzailea izan zen, kalte eta hondamendi handiak eragin zituen eta. Borrokak lurrean, itsasoan eta airean egon ziren, eta horrek gerraren hedadura handitu zuen. Gainera, teknologia berriak erabili ziren, eta horrek gerraren gogortasuna areagotu zuen.

Hainbat herrialdek parte hartu zuten gerran, bi alde nagusitan banatuta. Alde batetik, Aliatuak zeuden. Hauek izan ziren nagusiki: Frantzia, Britainiar Inperioa, Errusiar Inperioa, Ameriketako Estatu Batuak, Italia, Serbia, Japonia, Errumania, Grezia, Belgika, Portugal eta Montenegro.

Bestetik, Potentzia Zentralak egon ziren, hauek osatuta: Alemania, Austria-Hungariako Inperioa, Otomandar Inperioa eta Bulgaria.[1]

Gerra honen arrazoiak ugari izan ziren. Herrialdeen arteko liskar politikoak, nazionalismoa, inperialismoa eta armamentuen handitzea izan ziren arrazoi nagusietako batzuk. Hala ere,  gerra piztu zuen gertakari nagusia Franz Ferdinand artxidukearen hilketa izan zen, 1914an, Sarajevon.

Gerra garaian, soldadu askok lubakietan borrokatu zuten. Lubakiak lurrean egindako zulo sakonak ziren, eta bertan soldaduek egun asko pasatzen zituzten baldintza oso gogorretan: hotza, lokatza, gosea eta beldurra. Horretaz gain, lehen aldiz erabili ziren arma berriak, hala nola gas pozoitsua, tankeak eta hegazkinak eta horrek hildako kopurua handitu zuen.

[2]

1917.urtean, Ameriketako Estatu Batuak gerran sartu ziren aliatuen alde eta horrek gerraren bilakaera aldatu zuen. Azkenean, 1918. urtean Lehen Mundu Gerra amaitu zen, Potentzia Zentralak garaituak izan zirenean.

Gerra honen ondorioak oso larriak izan ziren. Milaka pertsona hil ziren, hiri eta herri asko suntsitu ziren, eta Europa oso ahulduta geratu zen. Gerraren amaieran, Versailleseko Ituna sinatu zen, batez ere Alemaniari zigorrak ezarriz. Itun horrek arazo asko sortu zituen etorkizunean, eta urte batzuk geroago Bigarren Mundu Gerra pizteko arrazoi garrantzitsua izan zen.

  1. (Gaztelaniaz) «Primera Guerra Mundial | Enciclopedia del Holocausto» Holocaust Encyclopedia (kontsulta data: 2026-03-04).
  2. (Gaztelaniaz) «Primera Guerra Mundial | Enciclopedia del Holocausto» Holocaust Encyclopedia (kontsulta data: 2026-03-04).