Basoa zuhaitzez betetako eremua da. Basamortuetan, zabaldi belartsuetan, mendi tontorretan eta ipar eta hego poloetan izan ezik, basoak munduko toki gehienetan daude.
Baso motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baso gehienetan oinarrizko bi zuhaitz mota daude: zur trinkokoak eta zur bigunekoak.
Astigarrak eta haritzak, besteak beste, zur trinkokoak dira. Hosto zabalak eta fruituak dituzte, eta askotan hosto erorkorreko zuhaitzak dira. Hala ere, zur trinkoko beste zuhaitz batzuek urte osoan zehar izaten dituzte hostoak, adibidez, kaobek. Zur trinkoko zuhaitzak klima epela edo tropikala duten lekuetan hazi ohi dira.
Pinuak, sekuoiak eta beste koniferoak zur bigunekoak dira. Pinaburuak dituzte eta ez zaizkie orratzak (hostoak) erortzen. Zur biguneko zuhaitz asko hostoiraunkorrak dira, orratzak urtean zehar berde edukitzen dituztelako. Mota horretako basoak, askotan, eskualde hotzetan eta mendietatik hurbil egon ohi dira.
Toki hezeetan dauden baso oparoak euri-oihanak dira, eta zur trinkokoak edo bigunekoak izan daitezke.
Basoetako biztanleak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basoak sistema bizidun konplexuak dira eta hazten diren zuhaitzez, zuhaixkaz, mahatsondoz eta onddoez osatuta egoteaz gain, bertan ugaztunak, txoriak, intsektuak, eta beste animalia asko ere bizi dira. Izaki bizidun guztiek beste izaki bizidunen beharra dute.
Basoak zahartzen eta aldatzen dira, eta horrek eragin nabaria du han bizi diren izaki bizidun guztiengan. Gaixotasunek eta intsektuen erasoek zuhaitzak eta landareak ahuldu ditzakete, eta suteek animaliek bizitzeko behar duten janaria eta babesa suntsitu ditzakete. Baina gizakiak ere basoak eta animaliak kaltetu ditzake zuhaitz gehiegi mozteagatik.
Basoetako produktuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garrantzitsuak diren baliabide ugari basoetatik datoz: janaria, zura, erregaiak, zuntz naturalak eta beste material batzuk. Baliabide horiekin altzariak, aterpeak, papera, jantziak, sendagaiak eta beste gauza asko egiten dira.
Baso naturalak babesteko, batzuetan zuhaitz-sailak landatzen dira. Langileek sailetako zuhaitzak mozten dituztenean, zuhaitz berriak landatzen dituzte haien ordez.
Basoen beste eragin onuragarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basoak Lurraren birikak direla esan ohi da, izan ere, arnasteko beharrezkoa dugun oxigenoaren zati handi bat sortzen dute, fotosintesi izeneko prozesu bati esker. Lurzorua higaduratik babesten laguntzen dute gainera, haizearen eta uraren indarrak geldituz. Gainera, basoak mendi-ibiliak egiteko, txoriak behatzeko eta natura aztertzeko leku paregabeak dira.
Basoak babestu beharra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Milaka urtez, gizakiak basoetako zuhaitzak moztu ditu, egurra lortzeko, nekazaritzarako eta baserri eta hirientzako lekua egiteko. Horregatik, gaur egun, munduko baso asko desagertzeko arriskuan daude. Jende askok basoak babesteko lan egiten du, eta horren adierazle da Indiako Chipko mugimendua, basoak moztearen aurka protestatzeko egin zena. Biztanleek, gehienbat herri txikietan bizi ziren emakumeek, zuhaitzak inguratzen zituzten eskutik helduta, mozketa saihesteko.
Basogintza basoen kudeaketaz arduratzen den jarduera da. Basogintzan lan egiten dutenek zuhaitzen eta landareen zikloak aztertzeaz gain, gaixotasunak, intsektu kaltegarriak eta basoetako suteak kontrolatzen dituzte.
Basoak babesteko eta gordetzeko, gobernu askok naturagune babestuak izendatzen dituzte, eta, horri esker, egoera naturalean egoten dira, jendeak gozatzeko aukera izan dezan.