Wikipedia, Entziklopedia askea

Beatrix Potter

👶
Jaiotza
1866ko uztailaren 28a
Londres eta Kensington
💀
Heriotza
1943ko abenduaren 22a
Lancashire
🔨
Lanbidea
idazle
📷
Argazkiak
ikusi
Peter Rabbit.

Beatrix Potter idazle ingelesak zenbait animalia-pertsonaia ezagun sortu ditu, hala nola, Peter Rabbit, Squirrel Nutkin, Jemima Puddle-Duck eta Mrs. Tiggy-Winkle. The Tale of Peter Rabbit da haren istorio ospetsuena; euskaraz, Peio untxiaren ipuina izenburuarekin argitaratu zuen Desclée de Brouwer argitaletxeak 1993an, Garbiñe Legorburuk itzulita.

Helen Beatrix Potter 1866ko uztailaren 28an jaio zen Londresen. Beatrixek eta haren neba txikiak ez zuten beste ume batzuk ezagutzeko aukerarik izan, eta hainbat etxe-animalia eduki zituzten euren etxean: untxiak, saguzarrak eta igelak, besteak beste. Neba-arrebek oso gustuko zuten familiarekin oporretan joatea Eskoziako mendialdera edo Ingalaterrako Lake District-era. Bidaia horietan Potterrek animaliak, landareak eta onddoak (perretxikoak eta boilurrak, adibidez) ikertzen eta marrazten zituen.

Beatrix Potter, gaztetako erretratu batean.

Potterrek 27 urte zituela istorio bat idatzi eta irudiztatu zuen, gaixorik zegoen ume batentzat. Istorio horretan lau untxi ageri ziren, Flopsy, Mopsy, Cottontail, eta Peter. 1901ean bere kabuz argitaratzea erabaki zuen, eta The Tale of Peter Rabbit izenburua jarri zion. 1902an, argitaletxe batek plazaratu zuen eta liburuak ospe handia lortu zuen. Hurrengo 20 urteetan, Potterrek 22 liburu gehiago argitaratu zituen; lehenengoak honako hauek izan ziren: The Tale of Gloucester (1903), The Tale of Squirrel Nutkin (1903), eta The Tale of Benjamin Bunny (1904). Potterrek tamaina txikiko liburuak eginarazi zituen, ume txikienak ere horiek hartzeko gai izateko. Haren liburuek irakurle ugari liluratu dituzte euren estilo sinpleari, umoreari eta akuarelaz egindako irudiei esker.

Potter 1913an ezkondu zen, eta bere azkenengo 30 urteak landetxe batean eman zituen Lake Districten. Umeentzako liburuak sortzen ere jarraitu zuen. 1943ko abenduaren 22an hil zen.

Idazlearen akuarelak[aldatu | aldatu iturburu kodea]