Wikipedia, Entziklopedia askea


Dieta orekatua jatea funtsezkoa da osasuntsu egoteko. Horrek esan nahi du mantenugai-kantitate egokiak dituzten jakiak jan behar direla.

Mantenugai-mota desberdinak daude: karbohidratoak, lipidoak, proteinak, bitaminak eta mineralak.

Mantenugaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mantenugaiak gorputzarentzat funtsezkoak diren sustantziak dira. Mantenugai-mota desberdinak daude eta bakoitzak bere funtzioa betetzen du:

  • Karbohidratoek energia ematen dute. Ogian, patatetan, arrozean edo makarroietan daude.
  • Lipidoek (koipe eta gantzek) energia ematen dute. Gurinak eta patata frijituek lipido asko dute.
  • Proteinek zelula berriak sortzeko eta kaltetutako ehunak ―adibidez muskuluak― konpontzeko materialak ematen dizkigute. Babek, arrautzek, haragiak, arrainak eta esneak, adibidez, proteina asko dute.
  • Bitaminak ezinbestekoak dira zenbait prozesutarako. Adibidez, K bitaminak odolari koagulatzen laguntzen dio, edo C bitaminak gaixotasunak eragozten ditu. Fruitu eta barazkiek bitamina asko dituzte.
  • 16 funtsezko mineral daude. Horien artean: burdina, oxigenoa odolean zehar mugitzeko ezinbestekoa dena; edo kaltzioa, hezurrak eta hortzak egiteko balio duena, daude.

Zuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputzak ez du zuntza xurgatzen; gainera, zuntzak ez dauka bitamina edo kaloriarik. Beraz, zuntza ez da mantenugai bat.

Zuntzak janariari bolumena ematen dio eta jakiak digestio sistematik igarotzea errazten du. Zuntzak, horrez gain, idorreria eta bihotzeko gaixotasunak galarazten ditu. Frutiuek, barazkiek eta jaki integralek zuntz asko daukate.

Ura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gure gorputzaren % 70 inguru ura da. Zeluletako erreakzio kimikoak uretan gertatzen dira eta odolak sustantziak uretan disolbatuta eramaten ditu toki batetik bestera.

Pixa egitean, izerdia botatzean eta arnasa botatzean galtzen dugun ura ordezkatzeko ur asko edan behar da.

Zenbat jan behar da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garrantzitsua da mantenugaiak beharrezko kantitateetan hartzea. Mantenugai gehiegi hartzeak obesitatea eragin dezake eta gutxiegi hartzeak, berriz, malnutrizioa.

Munduko Osasun Erakundeak honako hau gomendatzen du: energiaren erdia, gutxienez, karbohidratoetatik hartu behar da eta koipeetatik, aldiz, % 30 baino gutxiago. Erakundeak, horretaz gain, egunero 400 gramo fruta edo barazki jatea ere gomendatzen du.