Wikipedia, Entziklopedia askea

Munduko Osasun Erakundea

MOEren logoa.

Munduko Osasun Erakundea (MOE) Nazio Batuen erakunde bat da, munduko pertsona guztiak ahalik eta osasuntsuen bizi daitezen lan egiten duena. 1948an sortu zen eta Genevan du egoitza, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) beste hainbat organismok bezala.

MOEren helburua herrialde guztietan osasun-arreta hobetzea da, bai eta munduko biztanleen osasuna zaintzea ere, batez ere gaitz infekziosoen aurrean, hala nola gripea, hiesa edo malaria, besteak beste. MOEren lana da, era berean, gaixotasunak eta sendagaiak sailkatzea. Gainera, nazioarteko larrialdiak ezartzen ditu batzuetan, munduko osasunari dagokionez.

MOEk pazienteekin egiten du lan, baina osasunarekin lan egiten duten beste lan-taldeen eta erakundeen zeregina ere sustatzen du. Adibidez, jende gehienak behar duen txertoa jasotzen duela ziurtatzen du, eta tabakismoaren eta obesitatearen aurka aholkatzen du. Gainera, hainbat herrialdetako pertsonen osasunari buruzko urteko txosten bat egiten du. Hori lagungarria izaten da arreta berezia non jarri behar den jakiteko.

Arrakasta handiena txertoetan izan du. Urtero, miloika pertsona babesten dira gaixotasun edo desgaitasunetatik txertoen bidez. MOEren laguntzari esker baztanga izeneko gaixotasun beldurgarria ere desagerraraztea lortu da. Ez da inon existitzen. Poliomielitisa ere oso arriskutsua zen. Datorren urteotan desagertuta egotea espero da. Era berean, malaria gaixotasun ikaragarriarentzat txertoa egon daitekeela uste da.

Nola antolatuta dago?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

MOEk urtero goi-mailako bilerak antolatzen ditu, NBE osatzen dituzten herrialde bakoitzeko ordezkariekin; Batzar Orokorra edo Osasunaren Munduko Batzarra izena du. Batzar Orokor horretan MOEren ardurapeko gai nagusiak lantzen dira, erakundearen zuzendari nagusia aukeratzen da eta haren aurrekontua adosten da, hau da, haren funtzionamendua eta lana ziurtatzeko beharko duen dirua.

Arazo teknikoen ardura duen Administrazio-Aholkularitza ere badu, teknikoki trebatuta dauden 34 kidek osatzen dutena. Zuzendaritzako Batzordeak prestatzen ditu gai-zerrenda eta Batzar Orokorraren ebazpenak.

MOEren egungo zuzendari orokorra Tedros Adhanom Gehbreyesus etiopiarra da. Erakundeak 6 eskualde ditu, bakoitza bere zuzendariarekin: Afrika, Amerika, Hego-ekialdeko Asia, Europa, Ekialde Hurbila eta Pazifikoa.