Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fruituak

Fruitua, botanikan, landare loredun edo angiospermo deiturikoen oso zati garrantzitsua da, lorea ernaltzearen ondorioa baita. Fruituaren lana haziak zaintzea eta gero hauek sakabanatzen laguntzea da, ondoren landare berriak sor daitezen. Egunerokoan “fruta” hitza erabiltzen dugu jaten ditugun fruitu askori deitzeko, baina biologian hitz honek esanahi zabalagoa du eta jaten ez ditugun gauza askori ere esaten zaie. [1]

Fruituak ala frutak?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egunerokoan “fruta” deitzen diegu gozoak edo mamitsuak izan ohi diren fruitu jangarriei: sagarra, meloia edo mangoari, kasu. Hala ere, ikuspuntu botanikotik, tomatea, pepino edo luzokerra edo alberjinia ere fruituak dira, lorearen obulutegitik datozelako eta haziak dituztelako.

Bestetik, frutatzat jotzen ditugun batzuk, pikua kasu, ez dira fruituak, infruteszentziak baizik: estruktura konplexuagoak dira, fruitu txiki askoren multzoa. 

Eta badira batzuk botanikaren ikuspegitik fruitu ez direnak, arabarba adibidez (zurtoina jaten dugu), baina frutatzat hartzen dira zapore gozoa dutelako edo sukaldean erabiltzen direlako.

Nola sortzen da fruitua?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dena lore batekin hasten da. Lorearen erdian pistilo deituriko organo femeninoa dago, eta bertan, obulutegia dago. Obulutegiaren barruan obulu bat edo gehiago aurkitzen dira, haziak sortuko dituzten zelula-zakutxo txikiak. 

Polena (landareak sortzen dituzten zelula maskulinoak) lorera ailegatzean eta obulua ernaltzean, ernalketa deituriko prozesua gertatzen da. Prozesu honen ondoren, obulua hazi bilakatzen da, eta lorearen obulutegia fruitu bihurtzen da. Lorearen gainerako zatiak (petaloak eta lorezila adibidez) gehienetan lehortu eta erortzen dira. 

Beraz, fruitua lorearen obulutegi heldua da, eta barruan hazi bat edo gehiago izan ditzake. Hala ere, zenbait fruitu (banana eta anana hazigabea) ernalketa gertatu gabe sortzen dira. Fruitu hauek antzuak dira eta ez dute landarearen ugalketa-funtzioa betetzen.

Fruituaren zatiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fruituak zenbait zati ditu, nahiz eta batzuk ikusten ez ditugun. Hazia inguratzen duen zatia perikarpoa da, eta honek, hiru geruza ditu:

  1. Epikarpoa: fruituaren zati kanpokoena da; adibidez, sagarraren kasuan, azala da. 
  2. Mesokarpoa: erdian dagoen zatia da, eta askotan zukutsua izaten da, mertxikaren mamia adibidez. 
  3. Endokarpoa: barrualdeko zatia da, eta biguna edo gogorra izan daiteke. 

Hiru geruza hauek fruituaren arabera aldatzen dira. 

Fruituak modu askotan sailka daitezke, baina, botanikaren ikuspegitik, sailkapenik ohikoena mamitsuen eta lehorren artean banatzea da.

Fruitu mamitsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Drupa baten eskema (mertxika).

Perikarpo mamitsu eta biguna dute. Jaten ditugun frutak izaten dira. Zenbait azpimota bereizten dira: 

  • Drupak: hazi bat izaten dute, endokarpo gogor batez babestuta. Drupen artekoak dira mertxika, gerezia, oliba...
  • Baiak: hainbat hazi dituzte eta mami leuna izaten dute. Baia motakoak dira tomatea, mahatsa, kiwia...
  • Pomoak: hauetan, fruituaren zati bat lorearen beste zati batzuetatik dator, ez obulutegitik bakarrik. Sagarra eta udarea dira sail honetakoak. 

Fruitu lehorrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perikarpo gogor eta lehorra dute. Ez dira mamitsuak izaten. Multzo honetakoak dira honako hauek:

Fruitu sinpleak, konposatuak eta anizkoitzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fruituak sailkatzeko beste modu bat hauen sorreran parte hartzen duten lore kantitatearen arabera: 

  • Fruitu sinpleak: obulutegi bat duen lore bakar batetik datoz. Adibidez, gerezia.
  • Fruitu konposatuak: hainbat obario dituen lore bakar batetik datoz. Adibidez, mugurdia
  • Fruitu anizkoitzak: hainbat lore elkartzen direnean sortzen da. Adibidez, anana.

Fruta ezagunenen urtaroak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Udaberria Uda Udazkena Negua
Marrubia Udarea Mahatsa Laranja
Gerezia Meloia Sagarra Limoia
Arana Angurria Kakia Mandarina
Abrikota Mertxika Pikua Kiwia


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Fruitu. 2022-05-19 (kontsulta data: 2025-09-07).