Wikipedia, Entziklopedia askea
Eguna eta gaua, Lurraren errotazioaren ondorioz.

Eguna denbora-tarte bat da, Lurrean 24 ordu irauten dituena, gauerditik gauerdira. Lurra etengabe dago biratzen bere ardatzaren inguruan, errotazioa deitzen den mugimenduan; mugimendu hori mendebaldetik ekialdera egiten da, erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan. Horregatik, Lurreko biztanleoi eguzkia ekialdetik ateratzen dela, eta mendebaldetik jartzen dela iruditzen zaigu.

Lurrak, zehazki, 23 ordu, 56 minutu eta 4 segundo behar ditu bira oso bat egiteko. Beraz, ia 24 ordutik behin, lurrazaleko puntu jakin bat Eguzkiarekiko posizio berean dago, eta egun bat pasatu dela esaten da.

Eguna eta gaua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bestalde, eguna gauaren aurkakoa ere bada, hau da, egunsentitik ilunabarrera luzatzen den denbora-tartea, Eguzkiak argitzen duen denbora-tarte bakoitza.

Lurraren errotazio mugimenduaren eraginez, gure planetaren ia erdia Eguzkiaren aurrez aurre dago eta, beraz, haren argia jasotzen du; eguzki-argia jasotzen den bitarteari eguna deitzen zaio. Aldiz, planetako beste erdia kontrako aldean geratzen da eta ez du jasotzen Eguzkiaren argia; eguzki-argia jasotzen ez den bitarteari gaua deitzen zaio.

Lurraren biraketagatik, eguna eta gaua txandakatzen joaten dira leku bakoitzean, ordu gutxiren buruan. Gainera, argiaren eta iluntasunaren arteko marra ez da garbia; badago halako tarte edo gune bat, gaueko iluntasunaren eta eguneko argiaren artean: egunsentia deitzen diogu, gaueko ilunpetik eguneko argitasunera doan denbora-bitarteari; eta ilunabarra, aldiz, eguneko argitasunetik gaueko iluntasunera doan tarteari.

Egunaren eta gauaren iraupena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun-argiaren iraupena udako solstizioan.

Esaten dugu egunak 24 ordu irauten dituela, eta hori hala da gure planeta osoan, denbora-tarteaz ari garenean.

Aldiz, euzki-argia dagoen tarteari buruz ari garenean, Lurreko puntu bakoitzak denbora desberdin batez hartzen du eguzki-argia, puntu bakoitzaren kokapenaren arabera eta Lurraren ardatzaren inklinazioaren arabera (edo urtaroaren arabera). Gauza berbera gertatzen da, noski, gauaren iraupenarekin. Horrela, adibidez, ipar hemisferioan uda denean, Ekuatorean 12 orduz izaten dute egun-argia, eta Zirkulu polar artikoan, berriz, 24 orduz (bestela esanda, egun osoan Eguzkia ez da ezkutatzen eta ez dute gau ilunik izaten); Zirkulu polar antartikoan, ordea, 0 orduz ikusten dute eguzkia, gaua da beti.

Euskal Herriaren kasuan, udako solstizioan, egun-argia 15 orduz ikusten dugu, gutxi gorabehera; neguko solstizioan, aldiz, 9 ordu bakarrik irauten du egun-argiak.