Wikipedia, Entziklopedia askea
Ekaitzaren bideoa.

Ekaitza fenomeno meteorologiko bat da, tenperatura ezberdinetako bi aire-masa atmosferan elkartzen direnean sortzen dena. Bi tenperaturen arteko desberdintasunaren ondorioz, talka moduko bat eratzen da eta horrek tximistak, trumoiak, euria, txingorra eta ekaitzetan hain ohikoa den haize bortitza sortzen ditu.

Ekaitza egoten denean, ez du bakarrik euria egiten, baizik eta haizea ere egoten da eta posible izaten da txingorra ere egitea. Euria hodeien barruan kondentsatu eta lurrera erortzen den lurruna da, baina, ekaitzen kasuan, euria hodeietan sortzen den aktibitate elektrikoaren ondorioz sortzen da. Hori dela eta, ekaitzetako euria indartsuagoa eta biziagoa izaten da.

Zer dira tximistak eta trumoiak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekaitza dagoenean, zerua argitu egiten da, bat-batean bonbila bat piztuko balitz bezala. Hodeietan kondentsatutako urak eta izotzak talka egiten dutenean sortzen den elektrizitatea dira tximistak eta oinaztargiak. Elektrizitatea tximista moduan mugitzen denean, zerua argitu egiten da.

Tximistaren ondoren trumoia etortzen da, eta tximista ikustetik trumoia entzutera igarotzen diren segundoen arabera, ekaitza hurbilago edo urrunago egongo da. Tximista eta trumoia batera sortzen dira, baina guk ez dugu sentsazio hori izaten. Bataren eta bestearen artean igarotzen diren segundoak kontatu behar dira ekaitza gertu dagoen edo urruntzen ari den jakiteko. Egia esan, aire bero eta hotzak talka egitean sortzen duten bibrazioen soinua baino ez da trumoia.

Zergatik iluntzen da zerua?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalean hodeiak zuriak izaten dira, baina ekaitza dagoenean gris ilun bihurtzen dira. Hori dela eta, zerua ilundu egiten dela eman ohi du. Hodeien kolore ilun hori ur kantitate handia daramatelako gertatzen da, izan ere, ur kantitate hori dela eta, argiak ezin izaten du hodeia zeharkatu.