Wikipedia, Entziklopedia askea

Meteorologia

Estazio meteorologikoa.

Meteorologia eguraldiaz eta atmosferaz arduratzen den zientzia da. Horretan jarduten dutenak meteorologoak dira.

Meteorologoek hainbat neurketa egiten dituzte sateliteko irudien laguntzarekin, eguraldia ikertzeko: haizearen indarra eta norabidea, presio atmosferikoa, tenperatura, prezipitazioak, hezetasuna eta hodeiak. Horretarako, hainbat tresna asmatu dira, hala nola barometroa, presio atmosferikoa neurtzeko.

Gaur egungo meteorologian, programa informatiko oso konplexuak erabiltzen dira neurketetan lortutako datuak sartzeko. Datuen neurketa eta ikerketa horietan oinarrituta jakin daiteke zernolako eguraldia egingo duen ondoko ordu edo egunetan. Datu eta ondorio horiekin, meteorologoek txosten meteorologikoak egiten dituzte. Txosten horien laburpenak ikus ditzakegu, adibidez, egunkarietan eta telebistan, eguraldiari buruzko informazio-saioetan.

Meteorologoek, eguraldiaren aurreikuspen edo iragarpenak egiteaz gain, gerta daitezkeen hondamendi meteorologikoei buruz abisatu ere egiten dute; adibidez, urakana, ekaitza edo uholdeak gerta daitezkeela.

Meteorologia nahiko zientzia berria da. Lehen meteorologoetako bat James Glaisher britainiarra izan zen, Londresko Meteorologia Elkartearen sortzaileetako bat 1850ean. Garai hartan, jende askok barre egiten zion Glaisheri, eguraldia zientifikoki aurreikustea ezinezkoa zela uste baitzen.

Meteorologia eta klimatologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguraldia eta klima ez dira gauza berbera. Atmosferan gertatzen diren eguneroko aldaketei eguraldia deritzo eta denbora luzean zehar toki bakoitzak dituen ezaugarriei klima.

Horrenbestez, meteorologia eta klimatologia ere ez dira gauza bera. Meteorologia ez da klimaz arduratzen. Horretarako, aparteko zientzia bat asmatu da, klimatologia. Hala ere, biak lotuta daude, klima hainbat urtez toki batean dagoen batez besteko eguraldiaren ezaugarriak baitira baita. Beraz, meteorologiak datuak ematen dizkio klimatologiari, baina klimatologiak aztertzen duena leku jakin bateko klimaren ezaugarriak zein diren eta horretarako arrazoiak zein diren da. Klimatologoak, adibidez, klima-aldaketaren zergatiez eta ondorioez arduratzen dira.

   Ba al dakizuEmoji u2753.svg   
Kontuz! Ondo ahoskatu eta ondo idatzi!

Jende asko nahasten da hitz honekin, eta "meteREOlogia" erabiltzen dute, forma zuzena erabili beharrean.

Meteorologia errekorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1952. urtean Reunion uhartean 1870mmko euri prezipitazioa jausi zen, egun bakarrean.
  • 1922. urtean Libian 58 °C-ko tenperatura neurtu zen. Lurrean inoiz neurturiko tenperaturarik altuena.
  • 1934. urtean Ameriketako Estatu Batuetako New Hampshire estatuan 371 kilometro orduko haize bolada neurtu zen.
  • 1983. urtean Vostoken Antartikan -89 °C-ko tenperatura neurtu zen. Lurrean inoiz neurturiko tenperaturarik baxuena.

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian, meteorologiaz arduratzen diren bi erakunde nagusi daude:

  • Euskalmet: Eusko Jaurlaritzaren meteorologia agentzia.
  • EHKME: Euskal Herriko Klimatologia eta Meteorologia Elkartea.


eta