Wikipedia, Entziklopedia askea

Errege Magoak

Jump to navigation Jump to search
Errege Magoak Donostiako Gipuzkoa plazan.

Ekialdeko Errege Magoak Eguberrien tradizio katolikoko pertsonaia batzuk dira. Tradizio horren arabera, hiru errege magoek izar bati jarraitu zioten Beleneraino, Jesukristo jaio berria gurtzeko, eta opari batzuk eman zizkioten, esanahi aberatseko sinboloak: urrea, intsentsua eta mirra. Hori dela eta, herrialde katoliko askotako Eguberri-tradizioan, hots, Espainian eta Latinoamerikako herrialdeetan, errege magoek ekartzen dizkiete haurrei Gabonetako opariak. Urtarrilaren 5eko gauean gertatzen da hori; izan ere, biharamunean, urtarrilaren 6an alegia, Eliza Katolikoak errege magoen jaia ospatzen du, Epifania delakoa. Jaiegun horrexek markatzen du Eguberrien amaiera.

Tradizioaren arabera, errege magoen izenak Meltxor, Gaspar eta Baltasar dira; lehenak bizar zuria du, bigarrenak bizar gaztaina-kolorea, eta Baltasar beltza da.

Biblian, berriz, behin baino ez dira aipatzen hiru pertsonaia horiek, baina ez da esaten erregeak direnik, ezta hiru direnik ere, ezta zer izen edo itxura duten edo zein arrazatakoak diren. Bibliak bakarrik dio magoak zirela, baina horrek esan nahi du, ziur asko, astronomia eta zientzia interesatzen zitzaizkiela, edo pertsona jakintsuak zirela. Ekialdekoak zirela ere badio Bibliak; hau da, Babiloniakoak eta Persia zaharrekoak izango ziren. Bestalde, ez da esaten zein egunetan iritsi ziren Belenera; Jesus jaioberria aurkitu zutela besterik ez da esaten, eta gurtzera joan zirela artzain batzuekin eta beste zenbait pertsonarekin. Biblian esaten da, halaber, Jainkoa ametsetan agertu zitzaiela, eta esan ziela ez kontatzeko Herodes erregeari Jesus haurra ikusi zutenik, Herodesek hil egin nahi baitzuen.

Ez dago jakiterik errege magoak benetan existitu ziren. Nolanahi ere, baliteke astronomoak izatea, kometa baten atzetik zebiltzanak, uste zutelako kometa hark gertaera garrantzitsu bat iragartzen zuela; ziur asko, ezagutzen zituzten juduen testu zahar batzuk, non esaten baitzen izar batek jakinaraziko zuela juduen erregea jaio zela. Herodesek horregatik hil nahi zuen Jesus, garai hartan bera baitzen lurralde hartako erregea.

Beste herrialde batzuetan, haurrek hartzen dituzten Gabonetako opariak ez dituzte errege magoek ekartzen, beste pertsonaia batzuek baizik: Papa Noel, Santa Klaus, San Nikolas edo, Italian, Befana sorgin ona; Euskal Herrian, errege magoez gainera, Olentzero dugu.