Bizarzuri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Bizarzuri
Jolly-old-saint-nick.gif
Ezaugarriak
Sexua gizonezkoa
Baliokideak Father Christmas (en) Itzuli, Ded Moroz, Sinterklaas (en) Itzuli eta Mikulás (en) Itzuli
Ogibidea toy maker (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k) Mrs. Claus (en) Itzuli
Seme-alabak Santa Claus' daughter (en) Itzuli

Bizarzuri edo Aita Noel (Papá Noel gaztelaniaz eta Père Noël frantsesez) —edo, izena kristaututa, Santa Claus edo San NikolasEguberriko pertsonaia tradizionala da Mendebaldeko kristau gizartean, ume zintzoei opariak ekartzen dizkiena Gabon-gauean (abenduaren 24tik 25erainoko gaua) edo San Nikolas egunean (abenduaren 6a).

Bizarzuri Buenos Airesen

Gaur egungo Bizarzuriren jatorriak bertsio asko ditu, horien artean San Nikolas Mirakoa, bere ondasunak behartsuen artean banatzen zituen greziar gotzaina da ezagunena. San Nikolasen kondaira eredutzat hartuta, Europan hainbat figura sortu dira: Herbeheretako Sinterklaas edo Father Christmas(Aita Noel) eskandinaviar kulturako Odinekin(kultura germaniarrean Wodan) duen antzekotasunarengatik.

Bizarzuri, gaur egun, agure bizar-zuri bat bezala ezagutzen da, larruzko arropa gorri eta zuria, txapel gorri eta zuriarekin, bota eta gerriko beltzak eta gehienetan betaurrekoekin. Irudi hau, AEBetan eta Kanadan arrakasta lortzen hasi zen XIX. mendean, Thomas Nast marrazkilariaren irudi batzuen eraginagatik. Geroztik asmatutako elezaharraren arabera, bizarzuri Ipar Poloan bizi da, Claus anderearekin. Bere iratxoekin lan egiten du jostailuak egiten. Urtean zehar haurren zerrendak egiten ditu, hauen portaeraren arabera, eta Gabon gauean, zerua gurutzatzen du elur-oreinez tiratutako lera hegalari batean haurrei opariak egiteko, jostailuak eta gozokiak ongi portatu direnei eta ikatza gaizki portatu direnei.

Santa Klaus

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Nikolas Barikoa

San Nikolas[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Nikolas Mirakoa edo San Nikolas Barikoa, gotzain greziarra izan zen. 270. eta 280. urteen inguruan jaio zela esaten da. Familia aberats batean jaio zen. Bere gurasoak bera oso gaztea zela hil zirenez, familiako aberastasun guztiak berarentzat izan ziren, baina behartsuei eman zizkien eta apaiz sartu zen. Turkian aritu zen apaiz lanetan, eta Mirako gotzain izendatu zuten berehala. Bizitza guztia kristautasunari eskeini zion eta hainbat mirari egin izanagatik oso ezaguna bihurtu zen. Bere heriotza baino 700 bat urte geroago, Mirako bizanleak musulmanen konkista jasaten ari zirela, Bari hiri italiarreko marinel batzuek santuaren hezurretako batzuk Mirako elizan zegoen sarkofagotik atera zituzten. Marinel hauek hezurrak Barira eraman zituzten, gaur egun San Nikolasko basilikan sagaratzen diren tokira. Eskeletoaren beste zatia, Veneziako marinel batzuek eraman zuten Veneziara lehen gurutzadaren garaian, eta San Nikolasen eliza eraiki zen hezur hauek utzi zituzten tokian. Gertaera horiek, San Nikolas marinelen patroi bihurtu zuten. Horrez gain, haurren patroia ere bada, Amsterdam eta Moskuko patroia izateaz gain.

Bizarzurirekin lotzeko hainbat arrazoi daude, adibidez, egin zituen mirarietako bat, hiru haur errezo bidez salbatu izana. Beste mito ezagun batek dio gizon behartsu baten hiru alabei gauez galtzerdian dirua sartu ziela ezkondu ahal izateko. Bi ekintza hauek gaur egun haurrei opariak egitearekin lotzen dute pertsonaia hau.

San Nikolasen existentziari buruzuko datu idatziak bere jaiotza baino gutxienez bi mendetik aurreragokoak direnez, ez dago zihur pertsonaia hau benetakoa izan zan zen ala ez. Informazio guztia ahozko kondairetatik transmititzen joan zen. Garai horietan, kristautasunaren heroien sorrera oso ohikoa zen.[1]

Erdi aroan, San Nikolasen egunaren bezperako gauean, haurrek opariak jasotzen zituzten bere omenez. Erreforma protestantearen garaian, dataz aldatu zuten egun hau, santuenganako gurtzaren aurka.  Martin Luterok, santuekiko gurtza alde batera utzi eta haurrek Kristorengan interesatzeko ohitura hau zabaldu zuen, eta Kris Kringleren pertsonaia proposatu zuen santuaren ordezkapen gisan. Hala ere, San Nikolasek ez zuen osperik galdu, eta opari banatzaile ezagunenetakoa izaten jarraitu zuen.

Woden eta Germaniar folklorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Georg Von Rosenen Odinen ilustrazioa(Odin, the Wanderer)

Europaren kristautzearen aurretik,  tradizio eta ohitura pagano asko zeuden, eta kristauek garbi ikusi zuten tradizio horietako asko gizartean oso barneratuta zeudela eta ezingo zirela kendu, beraz, tradizio horiek eraldatu eta kristautzea beste aukerarik ez zuten izan. Ohitura horietako bat germaniar eta eskandinaviar kulturako Yule festa edo Yuletide da, eta festa horretatik hainbat ekintza barneratuta daude oraindik gaur eguneko gabonetan.

Urte amaierako 12 eguneko festa bat zen, neguko solstizioarekin batera ospatzen zena. Ospakizun hau oso garrantzitsua zen kultura germaniar edo nordikoan, urtearen amaierarekin atseden momentua baitzetorren, lanaren zikloaren hasiera eta eguzkiaren eta argiaren itzuleratzat hartzen zen.

Ospakizun honetan, jainkoei eskaintzak egiten zitzaizkien, eta akerrak erabiltzen ziren eskaintza horietarako. Honen jatorriak Thorrekin, oparotasunaren jainkoarekin du zerikusia. Thorrek zerua gurutzatzen baizuen bi akerrek tiratutako gurdi hegalari batean. XIX.mendean, akerra bihurtu zen oparien eramaile.

Beste alde batetik, “ehiza basatia” bezala ezagutzen den mitoa izan daiteke beste jatorrietako bat. Mito hau, zerua zeharkatzen zuen espiritu-prozesio baten inguruan da. Prozesio hori Odin edo Woden jainkoak gidatu zuela esan ohi da. Horrez gain, Wodenek zaldi gris baten gainean zerua zeharkatzen zuela esaten da, etxeetara opariak eramanez. Kristautze garaian, kondaira honek, San Nikolasen mitoekin duten antzekotasuna dela medio(bizar zuria eta opariak), izan daiteke izen hori hartu izana.

Tradizio eta mito hauen moldaketa izan daiteke gaur eguneko Eguberrien eta Bizarzuriren tradizioan eragin dutenak. Finlandian, adibidez, Bizarzuri Joluppuki(gabonetako akerra) izenarekin da ezaguna.[2][3][4]

Aita Noel[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charles Dickensen "Eguberri Kanta" eleberriko Ghost of Christmas Present pertsonaia, John Leechen ilustrazioa.

XV.mendean, Ingalaterran pertsonaia berri bat agertzen da, Gabonen pertsonifikazioa bezala. Pertsonai honek hainbat izen hartu zituen, Christmas Lord(Gabonetako jauna) edo Christmas Prince(Gabonetako printzea) adibidez, baina azkenean Father Christmas(Gabonetako aita) izena ezarri zitzaion. Hortik, Frantzian Père Nöel-era itzuli zuten, eta hortik gaur ezagutzen dugun Aita Noel. Pertsonaia honek ez zuen oparirik ekartzen, baizik eta jendea kantatzera, edatera eta ongi pasatzera bultzatzen zuen. Pertsonaia honen irudikatze ospetsuena John Leech ilustratzaileak Charles Dickensen Eguberri Kanta eleberrirako egin zuen marrazkia da. Bertan larruzko jaka berde batekin ageri da.[5]

Herbehereak, Suitza eta Belgikako folklorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Nikolasek Herbeheretan zuen ospea zela medio, gabonetako pertsonaia nagusia bihurtu zen, izena Sinterklaus izatera pasatu zen. Pertsonaia hau, Espainiatik Amerigo izeneko zaldi gainean barkuz joaten den pertsonaia bat da. Oraindik San Nikolas egunean(abenduaren 6a)  ospatzen da opariak banatzearen ohitura. Tradizio hau Estatu Batuetan zabaldu zuten Herbehereetako emigranteek. Sinterklaas izena zuen, laster bilakatuko ze Santa Claus izenean.

Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun ezagutzen den Santa Claus pertsonaia, VII.mende inguruan sortu zela esaten da. Estatu Batuetara emigratu zuten holandarrek beraien tradizioak eraman zituzten, horien artean Sinterklaasen tradizioa. Washington Irvingek 1809.an idatzi zuen New Yorkeko Historia satiran holandar santu honen bertsio estatubatuarra sortu zuen Santa Claus izenekoa.

Bizarzuriren irudia, Thomas Nastek 1863.an egin zuen ilustrazio bati esker sortu zen. Bertan agure zahar eta gizen bat bezala agertzen zen. Eta gaur egun ezagutzen den janzkeraren jatorria ere hor sortu zen. Santa Claus berriak iadanik ez zuen bere jatorrizko San Nikolasen antzik.

Thomas Nasten Bizarzuriren ilustrazioa.

XIX. mende erdialdean, Santa Claus estatu batuarra ingalaterrara eta frantziara zabaldu zen eta Aita Noel pertsonaiarekin nahasten hasi zen. Gaur egun ezagutzen den Bizarzuriren tradizioa ere XIX.mendean sortu zen Lomen Company konpainia estatubatuarraren anuntzio batetik. Bertan Bizarzuri Ipar polokoa zela eta elur-orein hegalarietan opariak banatzen zituela esaten zen.

XX.mendean Coca-Cola konpainiak Bizarzuriren irudi gizatiar eta errealago bat sortzeko eskatu zion Haddon Sundblom ilustratzaileari. Beraz, Bizarzuriren jantzi zuri-gorria Coca-Colak sortu zuela uste den arren, aurretik sorturik zegoen irudi hori, nahiz eta jantzi zuri-berdearen irudia ezagunagoa izan. Coca-Colak egin zuen iragarkiaren ondoren, jantzi zuri-gorriaren irudia bilakatu zen ospetsuena.[6]

Kondaira modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Nikolas desfile batean.

Gaur egungo kondairak dioen bezala, Bizarzuri edo Santa Claus, Ipar poloan bizi da Claus andrearekin eta bere iratxoekin. Azken hauek jostailugintzan laguntzen diote. Gabon gauean, elur-orein hegalariek tiratutako lera hartu eta etxez etxe opariak banatzen ditu, etxeetara tximini zulotik sartuz. Elur-orein horietan ezagunena Rudolph da, sudur gorri argitsua duena.

Haurrek kartak idazten dizkiote Bizarzuriri, eta opariak eskatu, honek urtean zehar teleskopio baten bidez hauen ongi edo gaizki portatzen diren begiratzen du eta horren araberakoak izaten dira opariak. Ongi portatu direnei, opariak eta gozokiak oparitzen dizkie eta gaizki portatzen direnei, aldiz, ikatza.

Sinterklaas.

Polemika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Claus modernoa polemika handiak inguratzen du. Figura estatubatuar modernoa delako, eta tradizio txikiengan gailentzen ari delako , eta beste alde batetik kontsumismoari erabat loturik dagoelako.

Herrialde askotan, kanpainak egin dira Bizarzuriren figuraren aurka. Horien artean ezagunenak, Bettina Schade Alemaniarrak bultzatzen duen kanpaina. Kanpaina honek San Nikolasen figura defendatzen du Bizarzuriren gainetik. Kristautasunaren jatorria bigarren plano batean jartzea egozten diote.

Austrian, Welter Kriwetz izan zen Bizarzuriren figuraren aurkako kanpaina bat hasi zuena. Kriwetzek hitzetan, “Bizarzuri estatubatuarrentzat eta ingelesentzat izango da ona, baina ez guretzat”.[7]

Espainian, Bizarzuriren aurren Errege Magoak defendatzen dituen kanpaina bat jarri zen martxan.

Txekiar Errepublikan, Jesus Haurtxoaren tradizioa defendatzen duen kanpaina bat  dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) de 2018, Por Matías Bauso 24 de diciembre. «Quién fue San Nicolás de Bari, el antepasado de Papá Noel» Infobae . Noiz kontsultatua: 2020-05-08.
  2. (Gaztelaniaz) eledelis. (2013-12-21). «Yule o la Navidad de los Vikingos» The Valkyrie's Vigil . Noiz kontsultatua: 2020-05-07.
  3. «Papá Noel o Santa Claus. Odin y la cabalgata de Yule. San Nicolas» www.adivinario.com . Noiz kontsultatua: 2020-05-07.
  4. (Gaztelaniaz) Alejandro García Cabrera. (2017-12-25). «El Yule o la "Navidad" vikinga» Archivos de la Historia | Tu página de divulgación . Noiz kontsultatua: 2020-05-07.
  5. (Gaztelaniaz) Las tres personalidades de Papá Noel: San Nicolás, Father Christmas y Santa Claus – La cabeza llena. . Noiz kontsultatua: 2020-05-07.
  6. (Gaztelaniaz) «El origen histórico de Santa Claus: ¿fue un invento de Coca Cola?» abc 2019-12-23 . Noiz kontsultatua: 2020-05-07.
  7. (Gaztelaniaz) «Trizas y Trazos - El Diario de Coahuila» www.eldiariodecoahuila.com.mx . Noiz kontsultatua: 2020-05-07.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]