Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Georges Bizet

Georges Bizet musikagile frantsesa.

Georges Bizet frantses musikagile erromantiko bat izan zen. Parisen jaio zen, 1838an, eta oso gazterik hil zen, 36 urte besterik ez zituela. Oso ezaguna da haren opera bat, Carmen izenekoa.

Bizitza eta lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita kantu-irakaslea zuen eta amak oso ondo jotzen zuen pianoa; oso gaztea hasi zela erakusten musikarako talentua zuela, eta, horrela, 10 urte besterik ez zituela onartu zuten Parisko Kontserbatorioan. Laster hasi zen sariak irabazten; garrantzitsuenen arteko lehena, Erromako Saria, 1857an, Clovis et Clotilde kantatagatik. Horri esker, beka bat irabazi zuen, bi urtez Erromako Akademia Frantsesean ikasteko.

Carmen operaren iragarki bat.

Parisera itzuli zenean, 1860ko udazkenean itzuli zen Parisera, bi opera ondu zituen: Les Pêcheurs de perles (1863, «Perla arrantzaleak») eta La Jolie Fille de Perth (1866, «Pertheko neska ederra»), baina beti zalantzak izan zituen bere lanen kalitateari buruz; hala ere, beste musikagile ospetsu batzuek, Berlioz, Gounod, Saint-Saëns eta Liszt-ek, estimu handian izan zituzten haren lanak.

Bigarren operak zenbait kritika txar izan zituen, eta horren ondorioz musikan bertan baino arreta gehiago hasi zen ipintzen bere lanen giro exotikoan eta indar dramatikoan.

Ezkondu eta seme bat izan ondoren, segurtasun handiagoa lortu zuen bere buruarekin; heldutasun horretan ondu zuen bere maisulantzat hartzen dena, Carmen izeneko opera, Prosper Mérimée idazle frantses garaikidearen kontakizun batean oinarritua. Opera honek arrakasta handia lortu zuen eta mugarri bat ipini zuen operaren historian; Friedrich Nietzsche filosofoak musika "mediterraneo"tzat hartu zuen, Wagner musikagile alemanaren soinu germanikoarekin kontrajarrita. Opera honek eskandalu handi samarra harrotu zuen estreinatu zenean, 1875ean, bere erralismoagatik. Eskandalua oraindik baretu gabe zegoelarik, bat-batean hil zen Bizet.