Wikipedia, Entziklopedia askea

Hadrianoren Harresia

Eduki-taula

Hadrianoren Harresia Erromatar Inperioak eraikitako harresi bat zen, erromatar Britania iparraldeko inbaditzaileengandik babesteko. 118 kilometro luze zen, eta Britainia iparraldeko kostalde batetik bestera iristen zen.

Harresiaren eta dorre baten hondakinak

Erromatar Inperioa K.o. 43. urtean hasi zen Britainia konkistatzen. Hasieran, erromatarrek gaur egungo Ingalaterrako hego-ekialdea bakarrik berenganatu zuten. Denboraren poderioz, inguruko lurraldeak ere menderatu zituzten. 80. urterako, gutxi gorabehera, gaur egungo Ingalaterra eta Gales haien menpe zeuden guztiz, baita Eskoziako zati txiki bat ere. Hadriano enperadorea 122an joan zen Britaniara. Harrizko harresi bat eraikitzea erabaki zuen, erromatarrak iparraldeko barbaro edo inbaditzaileengandik bereizteko.

Hadrianoren Harresia 3 metro zabal izatera zihoan hasieran. Zabalera murriztu egin zuten azkenean 1,8 eta 2,4 metro artera harresia eraikitzen bi urte zeramatzatela. Harresiaren garaiera gutxienez 3,7 metro zen ekialdeko zatian. Erromatar milia bakoitzero gotorleku txiki bat zegoen, pasabide batekin eta ziur aski gainean dorre batekin. Dorre bakoitzak 30 soldadurentzako lekua zuen, gutxi gorabehera. Harresiaren iparraldean lubakiak egin zituzten.

Harresiaren kokapena

Sei urte behar izan zituzten harresia eraikitzeko, eta handitu egin zuten handik urte batzuetara. Erromatarrak iparralderago hedatzen saiatu ziren 140ko hamarkadan. Beste harresi bat eraiki zuten Eskozian, Antoninoren Harresia izenekoa. Bertan behera utzi zuten 160ko hamarkadan, ordea, eta erromatar armada Hadrianoren Harresira itzuli zen. Hadrianoren Harresia ia Britania galdu zuten urtera arte erabili zuten erromatarrek, ia 410era arte alegia.

Harresiak kalteak jasan ditu mendeen poderioz. Gaur egun, ordea, Hadrianoren Harresia oso babestuta dago, geratzen diren zatiak ongi mantenduko direla ziurtatzeko. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCOk) Hadrianoren Harresia Munduko Ondare izendatu zuen 1987an. Erromatar Inperioaren Mugak izeneko ondare-bildumaren parte da orain. Antzina inperioaren muga ziren beste lekuak Antoninoren Harresia eta Alemaniako hainbat leku dira.